Elkarlan Sariak
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Erkorekak Legebiltzarrean azaldu du Xedapen Orokorrak Prestatzeko Prozedurari buruzko Lege Proiektua

2019-05-08
  • Lege berriak autonomia mailako araudia prestatzeko prozedura arindu, sinplifikatu eta modernizatu du
  • Lege berriak jauzi kualitatiboa ematen du Eusko Jaurlaritzak berdintasunaren alde egiten duen lanean; izan ere, arau berriak genero-berdintasunetik aztertzen eta zuzentzen dituzten txostenak aurreratzen eta lehenesten ditu

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua gaur goizean Eusko Legebiltzarrean agertu da, bere ekimenez, Legebiltzarreko taldeeiXedapen Orokorrak Prestatzeko Prozedurari buruzko Lege Proiektuaren xehetasunak emateko. Testua 2019ko urtarrilaren 22an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen.

Josu Erkorekak Legebiltzarreko taldeei azaldu die testu berriak Eusko Jaurlaritzak bere lege eta dekretuak prestatzeko bete behar dituen fase eta eskakizun guztiak definitzen, mugatzen eta arautzen dituela. Lege berri horren bidez, aurrekoa indargabetzen da, 2003koa, eta helburu hirukoitza du:

  • Desburokratizazioa: arauak prestatzeko izapideak eta prozedurak laburtu, sinplifikatu eta arintzen ditu eta, horretarako, lege eta dekretuen kalitateari eta erabateko bermeei eusten zaie.
  • Berdintasuna: arauak prestatzeko prozesuan, genero-ikuspegia aztertzen duten eta berdintasuna bermatzeko neurri zuzentzaileak aplikatzen dituzten txosten guztiak aurreratzen eta lehenesten ditu, baita Eusko Jaurlaritzak prestatzen dituen araudi-testuetan ere.
  • Modernizazioa: arauak prestatzeko prozeduran “Gobernamendu Ona”ren eskakizun berriak eta beharrezkoak sartzen ditu, besteak beste, lege eta dekretuak prestatzeko prozedura osoan plangintza, ebaluazioa, gardentasuna eta herritarren partaidetza derrigorrezko gisa ezartzea.

Lege-proiektu honek zioen azalpena, hogeita zortzi kapitulu bi kapitulutan multzokatuta, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu.

DESBUROKRATIZAZIOA

Josu Erkorekak Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean azaldu duenez, lege berriaren helburu nagusietako bat lege eta dekretuak prestatzeko prozedura desburokratizatzea, sinplifikatzea eta murriztea da. Horretarako, lau fase ezartzen dira, epe tasatuekin eta horietako bakoitzeko derrigorrezko prozeduren xehetasunarekin:

  • Prestatze-lana: aurretiko fasea da; bertan, Eusko Jaurlaritzak prestatuko dituen arau berrien beharra, proportzionaltasuna eta eraginkortasuna planifikatu eta justifikatu behar ditu. (6. artikulutik 9. artikulura)
  • Hasiera: lege eta dekretuak prestatzeko prozedura beti hasiko du hura sustatzen duen saileko sailburu titularrak, “hasiera-agindu” izeneko prozeduraren bidez. (10. eta 11. artikuluak)
  • Instrukzioa: araudi berria idazteko fasea da; testuak elebiduna izan beharko du eta online egon beharko du. Fase honetan, entzunaldirako eta informazio publikorako, negoziazio kolektiborako, beste administrazio publiko batzuekiko egiaztapenerako derrigorrezko izapideak jaso dira, bai eta funtsezko eta derrigorrezko txostenak ere, besteak beste, Lan Harremanen Kontseiluarena, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena, Tokiko Gobernuen Batzordearena, Kontrol Ekonomikoaren Bulegoarena, legezkotasun-txostenarena eta abar (12, artikulutik 21. artikulura)
  • Amaiera eta onespena. Amaiera-fasean, halaber, derrigorrezko azken izapidea jaso da, alegia, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren derrigorrezko txostena. Hortik aurrera, Gobernu Kontseiluak arau bat onartzeko derrigorrezko txosten guztiak eta aplikatutako zuzenketa guztiak izan beharko ditu. (22. artikulutik 28. artikulura)

Premiazko kontuak direla eta, 4. artikuluak adierazten duen bezala, Eusko Jaurlaritzak fase edo epe horietakoren bat bete ezin duenean, azaldu eta arrazoitu egin beharko du, bai premia, bai murrizten edo alde batera uzten dituen epeak.

BERDINTASUNA

Etorkizuneko legeak, gainera, jauzi kualitatiboa ekarriko du emakume eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorraren politiketan; izan ere, Eusko Jaurlaritzak lege eta dekretuak prestatzeko prozeduran genero-ikuspegia aztertzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea lehenesten ditu.

Lege hau onesten denetik, 7. eta 8. artikuluek ezartzen duten bezala, prestaketa-fasera aurreratzen dira, arauak prestatzeko prozedura hasi aurretik, genero-eraginaren ebaluazioak eta txostenak. Horrela, Eusko Jaurlaritzak hasieratik aplikatu ahalko ditu bere lege eta dekretuetan neurri zuzentzaileak.

MODERNIZAZIOA

Era berean, lege-proiektu honek arauak prestatzeko prozedura modernizatzen du eta, horrela, “Gobernamendu Ona”ren balio berri eta beharrezkoei erantzuten die: plangintza, indarrean dagoen araudiaren ebaluazioa, gardentasuna, herritarren partaidetza, digitalizazioa eta abar.

Horrela, esate baterako, etorkizuneko legeak arau eta dekretuak erabat digitalki izapidetzeko beharra jaso du, prestaketa-prozeduraren fase guztietan gardentasun osoz jartzeko beharra, eta aurretik herritarrentzat, Eusko Jaurlaritzaren web-atari ofizialaren bidez (www.euskadi.eus), kontsulta egiteko epea irekitzeko beharra ezartzen du. 9. artikuluak dakarrenaren arabera, 15 eguneko epe horrek testu juridikoak idatzi aurretikoa izan beharko du; izan ere, helburua da herritarrek sasoiz eman ahal izatea iritzia, baita gai bat arautzea edo ez arautzea egokia den esateko ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)