Eu

Beatriz Artolazabal eta Nekane Murga Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran

2019.eko maiatzak 06
  • Osoko bilkurak gizarte- eta osasun-sistemetako profesionalek batera eta koordinatuta lan egitea sustatzen duen gobernamendu soziosanitarioaren eredua onartu du
  • Kontseiluak arreta goiztiarraren lanbide-gaikuntza egiaztatzeko titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunaren katalogoari buruzko dekretuaren inguruko txostena emango du
  • Egoitzetan eta ospitaleetan bizitzaren amaierako egoeran intimitatea eta pribatutasuna babesteko gomendio-dokumentua onetsi da

VG 06 05 2019

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartu dute; Kontseiluko presidente izendatu dute Beatriz Artolazabal, urte bakoitietan baitagokio, eta Kontseiluak gobernamendu soziosanitarioaren eredua onartu du. Horren bidez, eredu soziosanitarioan parte hartuko duten elementu eta organoak argitzen dira, bai eta horren zehaztapena eta jarduteko eremua eta bakoitzari dagozkion funtzioak ere.

 

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua gizarte-zerbitzuen sistemaren eta osasun-sistemaren arteko koordinazioa antolatzeko arduraduna da, eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Osasun Sailak, hiru foru-aldundiek eta EUDEL - Euskal Udalerrien Elkarteak eratzen dute. ­­­­Horrela, gaur goizean Lakuan egin den topaketan, Eusko Jaurlaritzako bi sailetako ordezkariek parte hartu dute, eta bertako buru bi sailburuak, EUDELeko ordezkariak, Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru-diputatua, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako foru-diputatua eta  Marian Olabarrieta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako foru-diputatua izan dira, besteak beste.

 

Onetsitako neurriak

Osoko bilkurak eredu soziosanitarioan parte hartuko duten elementu eta organoak, horren zehaztapena eta jarduteko eremua eta bakoitzari dagozkion funtzioak argitzeko arreta soziosanitarioko eredua onartu du. Helburu nagusia da gizarte- eta osasun-sistemetako profesionalek batera eta koordinatuta lan egin dezaten sustatzea.

 

Horrela, gobernamendu-ereduak zortzi elementu ezartzen ditu: Lehen Mailako Arreta Soziosanitarioa; Arreta Goiztiarreko Balorazio Ekipoak; Erreferente Soziosanitarioak; Eskualdeko Batzorde Soziosanitarioak; Lurraldeko Batzorde Soziosanitarioak; Lurraldeko Koordinazio Soziosanitarioa; Koordinazio Soziosanitario Autonomikoa; eta Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua.

 

Osoko bilkurak laster arreta goiztiarraren lanbide-gaikuntza egiaztatu ahal izateko titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunaren katalogoa ezarriko duen dekretuaren inguruko txostena eman du; dagoeneko izapidetzeko prozesua amaitzen ari da.

 

Halaber, arreta goiztiarreko prestakuntza espezializatua edo esperientzia espezializatua egiaztatu ahal izateko eskakizunak zehazten ditu. Dekretuaren xedapenak Euskal Autonomia Erkidego osoko haur-garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro guztietan aplikatuko dira eta, zehazki, zentro horietako bakoitzak, Gobernu Kontseiluan onetsi ondoren, izan beharko dituen arreta goiztiarrean esku hartzeko taldeetan.

 

Dekretuaren arabera, arreta goiztiarrean esku hartzeko talde batean parte hartu nahi duten arreta goiztiarreko profesionalek, otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integralari buruzkoa) 22.1 artikuluan aurreikusitako Psikomotrizitatearen, Psikoterapiaren, Fisioterapiaren, Logopediaren edo Gizarte-lanaren funtzioak betetzeko, jarraian funtzio horietako bakoitzari dagokion unibertsitate-titulazio edo graduko titulua dutela egiaztatu beharko dute, bai eta Psikomotrizitatearen funtzioari dagokionez aipatzen den titulazio osagarria ere. Dekretua laster onestea aurreikusten da.

 

Gomendioak

Era berean, egoitzetan eta ospitaleetan bizitzaren amaierako egoeran intimitatea eta pribatutasuna babesteko gomendio-dokumentua onetsi du Kontseiluaren osoko bilkurak. Kasu horretan, 11/2016 Legeak (Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzkoa) dagoeneko ezartzen du bizitzaren amaierako uneetan pertsonen autonomia, informazio eta duintasunaren babes-kota gehiagorako konpromisoa, ikuspegi zabaletik eta inklusibotik.

 

Onetsitako dokumentuaren bidez, esplizituki jaso nahi dira artikuluetan ageri diren zenbait gai, eta modu antolatuan planteatu, erakunde-mailan zabaltzeko, egoitzetan eta ospitaleetan zenbait gomendio ezarri, ebaluatu eta eguneratzeko.

 

Kontseiluak beste zenbait gai ere aztertu ditu, esaterako, Zaintzaile ez-profesionalei laguntza emateko Euskal Estrategia (2020-2024); Gobernuak laster garatu nahi du estrategia. Halaber, historia soziosanitarioa sustatzeko bulegoa ere aztertu du, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Marian Olabarrieta; Isabel Sánchez-Robles, Maite Peña, Iñigo Pombo