Beatriz Artolazabalek langabeziak apirilean izan duen beherakada nabarmendu du: 2.308 langabe gutxiago Euskadin
- “2009ko urtarriletik, Euskadik ez du izan egungo langabe-kopurua baino txikiagorik; beraz, azken hamarkadako daturik onena da”
- Lanbiden 115.644 pertsona daude langabezian erregistratuta, duela hamabi hilabete baino 9.260 gutxiago
- Langabeziak behera egin du hiru lurraldeetan, adin-tarte guztietan eta sektore ekonomiko guztietan
- Iraupen luzeko langabeziak % 11,7 egin du behera azken urtean, alegia, 7.874 pertsona gutxiago
- “Industria pixka bat berreskuratu da eta ekipo-ondasunak berraktibatu, inbertsioari lotuta; zerbitzuen sektorea indartsu dago”
VG 2019 V 06
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau nabarmendu du: “2009ko urtarriletik, Euskadik ez du izan egungo langabe-kopurua baino txikiagorik; beraz, azken hamarkadako daturik onena da”. Zehazki, langabeziak behera egin du eta 2.308 pertsona gutxiago dira azken apirilean, Lanbiden erregistratutako langabeziaren balantzearen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoak, orain, 115.644 langabe ditu erregistratuta, 2018ko apirilean baino 9.260 gutxiago. Artolazabal sailburuak honako hau esan du: “2009ko urtarrilera arte jo behar da, langabe-kopuru txikiagoa aurkitzeko; orduan, 110.093 langabe zeuden erregistratuta. Duela hamarkada bateko apirilean, 122.111 ziren”.
“2019. urte honetako laugarren hilabetea positiboa izan da gazte, emakume eta iraupen luzeko langabeentzat. Aste Santuko oporrek ere eragina izan dute horretan; izan ere, zenbait sektorek, besteak beste merkataritzak eta ostalaritzak, gora egin dute enpleguan, baina baita industriak eta zerbitzuek ere”, esan du Artolazabalek.
Bilakaera 2018ko apirilekoa baino hobea izan da. 2015ean, apirilean azken urteotako langabeziaren beherakada handiena izan zen. 2007ko apirilean ere, krisialdia hasi aurretik, langabeziaren beherakada urte horretako apirilean baino pixka bat baxuagoa izan zen.
Positiboaren artean, Artolazabal sailburuak honako hau balioetsi du: “azken hil honetan errepikatzen den iraupen luzeko langabezia-egoeran daudenen etengabeko beherakada. Apirilaren amaieran, iraupen luzeko 314 langabe gutxiago izan dira, eta azken hamabi hilabeteetan beherakada % 11,7koa izan da, alegia, 7.874 pertsona gutxiago”.
“Iraupen laburreko langabeen beherakada baino handiagoa da; horrek esan nahi du lan-merkatuaren suspertzeak ere aukerak ematen dizkiela gaizkien igaro duten eta, kasu batzuetan, enplegagarritasunerako aukera txarrenak dituzten pertsonei. Baina prestakuntza edo esperientzia gutxi duten pertsonentzako aukerak ere heldu behar dira oraindik; eta hori dela eta, etengabe prestatzea beharrezkoa dela nabarmendu nahi dut; izan ere, hazkunde ekonomikoek intentsitate desberdinak izango dituzte, eta gure industria- eta ekonomia-egitura nazioarteko egoeretarako prestatu behar dugu”.
Hazkunde sendoa
“Gure Ogasun Sailak prestatu duen martxoko termometro ekonomikoaren balioa 103,3koa da; beraz, euskal ekonomia hazkunde sendoaren zonan mantentzen da, % 2,0 gainditzen baitu. Industria pixka bat suspertu da eta ekipo-ondasunak berraktibatu, inbertsioari lotuta. Zerbitzuen sektorea ere indartsu dago, eta zenbait intentsitate izango ditu, eta lan-merkatuak enpleguaren hazkuntzarako erritmo positiboari eusten dio”, esan du Artolazabalek. Sailburuaren iritziz, “euskal enpresa positiboki gainditzen ari da suspertze-prozesua”.
Beatriz Artolazabalen iritziz, “bereziki nabarmena da azken hil honetan langabeziak adin-tarte guztietan egin duela behera”. Beherakada handiena 25 urtetik beherakoen tartean eta 25-34 urtekoen tartean izan da (% 3,1eko beherakada, kasu bietan), eta gazteek jarraitzen dute aukera gehien izaten, egungo lan-merkatuan.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du emakumeek onura gehiago jaso dituztela, azken hilabete honetan, langabeziaren beherakadaren ondorioz: 1.506 emakume eta 802 gizon irten dira langabeen zerrendatik. Horrela, emakumeen langabeziak % 2,2 egin du behera azken hilabetean, baina sailburuak honako hau zehaztu du: “gaur egun langabeen % 57 emakumea da; beraz, gizonen egoerarekin erkatuta, jarraitzen du egoerak txarragoa izaten emakumeetan, eta horretan ari gara arreta berezia jartzen”.
Apirilean, langabeziak sektore ekonomiko guztietan egin du behera, eta nabarmentzekoa da zerbitzuen sektoreko beherakada (-% 2,5), 1.936 langabe gutxiago daude. Baina, bereizketa handiagoan eta oporraldi bakoitzean gertatzen den bezala, hezkuntzarekin zerikusia duten jarduerek langabe-kopuruaren gorakada txikia eragiten dute (+184).
Langabeziak ere beheranzko joera du hiru lurraldeetan: % 1,7 egin du behera Araban (-326), % 3,1 Gipuzkoan (-976) eta % 1,5 Bizkaian (-1.006).
Kontratuak eta afiliazioa
Apirilean, Euskadin 76.582 kontratu izan dira; horietatik, 6.194, % 8,09, mugagabea izan da, pasa den hilean baino 6 hamarren gutxiago eta iazko apirilean baino 1,7 puntu gutxiago. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak hurbiletik jarraitzen ditu kontratu egonkorren bilakaerari buruzko datu horiek. Enpleguaren kalitatea ez da bakarrik iraupenaren bidez neurtzen, baina, zalantzarik gabe, Eusko Jaurlaritzak enplegu gehiagoren eta hobearen aldeko apustua egiten du, eta, ildo horretatik, kontratu mugagabeek segurtasuna ematen diete langileei”. Aurten, orain arte, 26.754 kontratu mugagabe sinatu dira, hiru lurraldeetan.
“Enplegua gure kezka nagusietako bat da, eta, nahiz eta datuek hiletik hilera hobera egiten duten, gizarteak, enpresek eta erakundeok erne jarraitu behar dugu eta langabezia-tasak murrizteko lanean jarraitu, digitalizazioaren eta nazioarteko merkatu berrien erronkak gaindituko dituen etengabeko prestakuntza sustatu, eta lanpostu hobe horietan oinarritzen den gizarte osoarentzako ongizate onena lortu behar dugu”.
Gizarte Segurantzarekiko afiliazioari dagokionez, Euskadik 963.089 pertsona izan ditu afiliatuak apirilean, aurreko hilean baino 2.814 pertsona gehiago (igoera 0,29%koa izanik). Aurreko urtearekin alderatuz igoera hori %2,17koa da, zehazki, 17.576 pertsona gehiago daudelako afiliatuak.