Berriak Lehendakaritza
Eu

Share Proposamena aurkezten dute aldi berean Europako estatuz azpiko gobernuek erronka migratzaileari elkarlanean erantzuteko

2019.eko maiatzak 06
  • "Europako migrazioari erantzuteko, zerbait gehiago eta hobea egin daiteke. Egungo erantzuna eskasa da"

  • "Gakoa erantzunkidetasun-printzipio bat partekatzea da “Konpromisoa eskatu eta eskaintzen dugu".

  • "Estatuz azpiko gobernuak konpromisoa hartzeko prest gaude eta badugu esateko eta eskaintzeko zerbait".

Gaur, astelehena, maiatzak 6, 20 egun falta direnean Europako Parlamenturako hauteskundeetarako, Europa Batasuneko Estatuz azpiko zenbait gobernuk Eskualde bakoitzean komunikazio publikoak egiten ari gara aldi berean. Komunikazio hauen helburua Share Proposamena aurkeztea eta erakundeei eta Estatuetako gobernuei zuzentzea da.

Gaur arte ekimen honetan parte hartzen dugun Gobernuek Kanariak, Nafarroa, Katalunia, Melilla, Euskal Hirigune Elkargoa, Attica, Nouvelle Aquitaine eta Euskadi ordezkatzen ditugu. Beste hogeiren bat gobernu proposamen honi atxikitzea aztertzen ari dira lehen urratsak ematen ari den eta, horrebestez, zabalik dagoen prozesu batean.

Share Proposamenaren edukiak mekanismo zehatz bat adostea iradokitzen du, migrazioaren erronkaren errealitate zailenen aurrean erantzukizunaren banaketa partekatzeko. Esfortzuaren banaketa-formula hau hiru parametrotan oinarritzen da:

  • sarrera fiskalak (edo Batez Besteko Errenta Eskuragarria, edo BPG), %50eko pisuarekin;
  • biztanleria, %30eko eraginarekin;
  • eta langabezia-indizea, %20rekin.

Gako honek bidezko erantzunkidetasun-mekanismo orekatu bat ahalbidetu ahal izango luke. Proposamena abiapuntu irekia da, noski. Haren parametroak zein horien pisuaren ehunekoak aldatu ahal izango dira, ahalik eta adostasunik zabalena erdieste aldera.

Share gakoaren aplikazioa zeharka proiekta daiteke, hiru gai-esparrutan, gutxienez: (1) errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak, (2) migratzaile ekonomikoak larrialdiko, zaurgarritasuneko edo aglomerazioko testuingurutan, eta (3) bidaiderik gabe migratzen duten adingabeak edo gazteak. Eta hiru lurralde-esparrutan: EB barruko estatuen artean, Estatu bateko Herrialde edo Autonomia Erkidegoen artean, eta Autonomia Erkidego edo Herrialde bakoitzaren barruan udalerrien eta eskualdeen artean.

Proposamen honen esparrua eta azken helburua bizikidetza eta barne hartzea bultzatzea da. Gertaera migratzaileari dagokionez, horixe da jarduera instituzionalaren helburu nagusia. Izaera transbertsala da proposamenaren berritasuna; baina berritasuna izango da, halaber, Europako estatuz azpiko zenbait gobernuk estatu-gobernuei konpromiso hau hartzeko geure prestutasuna helarazteko gauza izatea ere.

Share Proposamena lehendabizi Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen, iazko irailaren 19an. Ordutik, zenbait bilera eta bilkura egon dira. Otsailaren 27an lehen bilera egin zen Bilbon eta apirilaren 2an bigarrena Bruselan. Azken hitzordu honetan estatus azpiko hogei gobernu baino gehiagori proposamena aurkeztu eta eskaini zitzaien. Bilera honetan Europako Batzordeko, Eskualdeetako Lantaldeko, ERLAIko (European Regional and Local Authorities on Asylum and Migration), EARLALLko (European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning) eta CPMRko (Conference of Peripheral Maritime Regions) ordezkariek ere hartu zuten parte.

Bruselako bileran ondorio hauek adostu ziren:

  • Hurrengo hilabeteetan lanean jarraitzea Estatuz azpiko gobernu-talde zabal batek Share Proposamena bultza dezan elkarrekin.
  • Maiatzaren 6an ekimenaren lehen aurkezpen publikoa egitea aldiberean Herrialde guztietan.
  • Atxikimenduak jasotzen jarraitzea eta horretarako bilera berri bat deitzea Europako Parlamenturako hauteskundeen ondoren.

Konpromiso-proposamen zehatz honen bidez, Herrialde edo Autonomia Erkidegoetako erakundeak hiru ideietan laburbildu daitezkeen zenbait mezu bidaltzen ari gara behetik gora:

  • Europan migrazio kontuetan, zerbait gehiago eta hobea egin daiteke. Egungo erantzuna eskasa da.
  • Gakoa erantzunkidetasun-printzipioa partekatzea da “Konpromisoa eskatu eta eskaintzen dugu”.
  • Estatuz azpiko gobernuak konpromisoa hartzeko prest gaude eta badugu esateko eta eskaintzeko zerbait.
Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko maiatzak 07

    Lana eskaini, etxeetan ere ekoiz daiteke, oraineko robotarekin. Gizabidea be bai eskainiz

Ekitaldiko kargudunak