Eu

7 milioi kilo inguru antxoa deskargatu dira Euskadiko portuetan, kanpaina hasiera “intentsuan”

2019.eko maiatzak 03
  • Berdelaren arrantzaldia 8.810 tona inguru harrapaketarekin amaitu da, batez beste prezioa 1,23 eurokoa izanik.

Gaur, Getarian “Antxua Eguna” ospatzen ari den egunean, antxoa kanpainaren hasierako datuak ezagutarazi dira, eta, jakinarazi dutenez, orain arte 7.000 tona antxoa iritsi dira Euskadiko portuetara eta batez beste 1,23 euroan saldu da antxoa kiloa.

Datu horiek ezagutarazteko egin den prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek “intentsutzat” jo du arrantzaldi hasiera hau, izan ere, Euskadiko arrantzaleek hainbat neurri hartu behar izan dituzte, besteak beste arrantza ontziak geldirik edukitzea, arrantza lanak errentagarri egiteko. Doikuntzak egin dira merkaturako tamaina egokia duten aleen deskarga masiboa izan delako (45-60 pieza kiloan), nahiz eta kontserbarako tamaina txikia izan, kontserba izanik antxoa merkaturatzeko bide nagusia, arrandegietan antxoaren kontsumoa jaitsi baita.

Horrekin guztiarekin, sailburuordeak dei egin dio gizarteari sasoiko arraina kontsumitu dezan, Euskadiko arrandegietan saltzen den kantauriko antxoa kontsumitu dezan, alegia.

Berdelaren arrantzaldiaren gaineko datuak

Berdelari dagokionez, harrapaketen gaineko datuak pasa den urtekoak baino zertxobait txikiagoak izan dira. 8.810 tona arrantzatu dira, eta kiloko batez besteko prezioa 1,36 euro izan da.  

Orozek positibotzat jo du berriki bukatu den kanpaina, izan ere, berak esan duenez, “euskal kuotaren %100era iritsi da eta batez besteko salmenta prezioa pasa den ekitaldikoa baino handiagoa izan da (11.000 tona – 0,97euro/kiloa)”.

Konpromisoa sektorearekin Getariako ANTXUA EGUNEAN

Antxua Eguna Getariako Udalak eta Arrantzaleen Kofradiak elkarrekin antolatutako ekitaldia da eta, ekitaldi horretan parte hartuta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak berriro erakutsi du Euskadiko baxurako arrantzaren sektorea babesten duela eta arrantza sektoreari oro har esker ona erakusten diola.

Antxua Egun honen ospakizunen barruan, Bittor Orozek azpimarratu nahi izan du exekutibo autonomoak Euskadiko arrantza sektorearen balio kate osoari, erauzketa unetik merkaturatze unera artekoari babes irmoa ematen diola.

Hala, gogoratu du euskal arrantzako produktu bikainak jendearen artean zabaltzeko egiten ari diren ahaleginak, besteak beste, informazio kanpainak eginez, azokak antolatuz eta azoketan parte hartuz (Euskadiko Arrantza Azokak, esaterako) eta banaketa kate nagusiekin hitzarmenak sinatuz, haien establezimenduetan Euskadiko bertako eta kalitateko produktuak egotea araua izan dadin.

Antxoa kontsumitzeko aholkuak kontsumitzaileentzat

Biztanleentzat oro har gomendatzen da arrainak tripak kenduta dituela erostea, eta, bestela, ahalik eta lasterren norberak kentzea, erraien barrunbea bereziki garbituta.  Gomendatzen da, halaber, arraina ondo eginda kontsumitzea. Labean, txingarretan edo plantxan prestatzen bada, ireki arraina, barrukoa ere 60ºC-tan egingo dela ziurtatzeko, parasitoa tenperatura horretan suntsitzen baita. Arrainak gordinik eta marinatuta jaten badira, etxean prestatuta badira, aurretik izoztu, izozkailuan gutxienez 24 orduz edukita, eta nola prestatu diren ez badakigu, ahal bada ez kontsumitu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak