Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak indartu egin du Madrilen duen Bulegoa Irune Aguirrezabalen izendapenarekin

2011.eko martxoak 22

Aguirrezabal izango da Lehendakaritzaren idazkaritzaren menpe dagoen Madrilgo Bulegoaren zuzendaria

Gobernu Kontseiluak Lehendakaritza egituratzeko dekretua onetsi du. Horren arabera, Lankidetzarako Euskal Agentzia berria Lehendakaritzara adskribatu ondoren, lankidetza arloa barne hartuko da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Bulegoa “indartzea” erabaki du, eta, horretarako, Irune Aguirrezabal, Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendaria, Lehendakaritzaren Idazkaritza nagusiaren menpe dagoen bulego horren zuzendari izendatu du. Helburua Bulegoaren kudeaketa eta eraginko rtasuna hobetzea da. Bulegoa martxan zegoen jada, eta zuzendari berriak Eusko Jaurlaritzak dituen interesak Espainiako hiriburuan helarazteko “bozgorailu” gisa balio izatea espero du.

Idoia Mendiak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, erabaki horren bidez merkataritzako lana bultzatu eta Euskadira inbertsioak erakarri nahi dela azaldu du. Aguirrezabal Madrilgo Bulegora tokialdatzeak Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendaritza desagertzea egingo du. Orain arte, Aguirrezabalek kargu hori izan du. Horren harira, Europako Erakundeekin lotutako funtzioak Bruselako ordezkaritzan kontzentratzearen alde apustu egitea erabaki du Jaurlaritzak. Horrela, Euskadik Bruselan duen Ordezkaritza, Jaurlaritzak iragarri bezala, indartu egingo dela berretsi da. Gainera, Kanpo Harremanetarako zuzendaritza sortu da. Zuzendaritza horrek bere gain hartuko ditu Gobernuak Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako jarduerekin lotuta dituen zereginak. Bruselako ordezkari bera mantenduko da, Marta Marín, hain zuzen, eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Ainhoa Alday izendatu dute, hau da, orain arte Kanpo Ekintzako aholkulari izan dena.

Gobernu Kontseiluak Osasun, Enplegu eta Kultura sailak berregituratzea ere onetsi du. Lehenengo kasuan, Droga-menpekotasunen Zuzendaritza Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera adskribatuta zegoen; eta, orain, Osasun eta Kontsumo sailera atxiki da, eskumen eta kudeaketa arloetan arrazionaltasuna eta eraginkortasuna lortzeko, baita Osasun Publikoaren esparruan antolamenduarekin lotutako erronkak hobetzeko ere.

Bigarren kasuan, berriz, lanaren euskal zerbitzua —Lanbide— sortu da, eta, horrez gain, bere eskumenetan “garapen komunitarioa” ekintza-esparrua barne hartu du. Esparru hori Kultura Sailaren Gazteria Zuzendaritzak barne hartzen zuen, baina lotura handiagoa du sail horri egozten zaizkion funtzio eta jarduera-esparruekin.

Idoia Mendiak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, sailen barne-egituraketa berria azaldu du Lehendakaritzan (Gasteizen) astero egiten den Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Bere esku-hartzean, Mendia “harrituta” eta “etsita” agertu da Txillida familiak artista gipuzkoarraren museoa behin betiko ixtea erabaki duelako. Eusko Jaurlaritzaren Kultura saila eta Gipuzkoako Aldundiaren negoziazioak erabaki hori ekiditen saiatzen ari ziren, eta Mendiaren hitzetan, “ez genuen haustura hori espero”. Bozeramaileak Blanca Urgell Kultura sailburuarekin eta María Jesús Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatuarekin batera prentsaurreko bat egingo duela azaldu du. Prentsaurreko horretan, erakundeek azken hilabeteotan Txillida museoari babesa emateko zein pauso eman dituzten azalduko dute.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.03.22)

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-03-22n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)