Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Pérez Ezquerra sailburuak erakundeen, unibertsitateen eta enpresen koordinazioa nabarmendu du Turismo Gastronomikoaren V. Munduko Foroan

2019-05-02

Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, gaur, Turismo Gastronomikoaren V. Munduko Foroa inauguratu du, Isabel Oliver Turismoko Estatuko idazkariarekin, Zurab Pololikashvili TMBko zuzendari nagusiarekin, Eneko Goia Donostia-San Sebastiángo alkatearekin, Denis Itxaso GFAko diputatu nagusiordearekin eta Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatuarekin eta Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariarekin batera.

 Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Centerrek (BCC) elkarrekin antolatu dute TMEren Turismo Gastronomikoaren 5. Munduko Foroa, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin, Gipuzkoako foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin lankidetzan.

Foroaren bosgarren edizioa da eta hirugarrenez egin da Foroa Donostian; bertan, turismoko ministroak, turismoko nazio- eta toki-mailako administrazioetako ordezkariak, sukaldariak, enpresaburuak, akademikoak eta turismoaren eta gastronomiaren beste solaskide batzuk batu dira.

Aurtengo gai nagusia enpleguaren sorrera eta ekintzailetzaren sustapena da, turismoak garapen jasangarrirako helburuei egiten dien ekarpena sustatzeko. Hori horrela, Foroan lanpostuak sortzea sustatzeko eta turismo gastronomikoaren balio-kate osoan ekintzailetza sustatzeko esparru egokiak sortzeko moduak aztertzen dira, eta, gainera, turismo gastronomikorako eskumen esanguratsuenak nabarmentzen dira.

Sailburuak Euskadin egoitza iraunkorra duen eta horrelako ezaugarriak dituen foro batek duen garrantzia azaldu du. “Ostalaritza eta turismoa ez dira bikaintasuneko gastronomiaren onuradun bakarrak. Halaber, gure hiri eta herriak antolatzen ditu, elementu sozializatzaile gisa, urtarokotasunik egon ez dadin laguntzen du, gure lurraldeak kohesionatzen eta antolatzen ditu eta eragin nabarmena du tokiko garapen ekonomikoan. Hori erakusten dute sektoreko enpleguaren datuek; horiek adierazten dute turismoak pisu gehien duen puntuetan duela beherakada handiena langabeziak. Euskadin sektoreak 100.000 enplegu sortzen ditu eta BPGd-aren % 6,1 da.

“Argi dago gastronomia gure identitate-ezaugarrietako bat dela”, esan du sailburuak. “Eta, elkarrekin, egunero lan egiten dugu gure gastronomiak bikaintasunekoa izaten jarraitzeko, paisaia ezagutu eta dastatzeko, bai eta Euskal Herriko historia, bertako balioak eta kultura-ondasuna ere, elementu bereizle eta erakargarri gisa, esperientzia turistiko gogoangarria bizitzeko.

“Gaur, pozik egon gaitezke erakundeen, unibertsitateen eta enpresen arteko lotura eta koordinazioagatik”, esan du sailburuak. “Turismoaren arloan ardatz enogastronomikoaren aldeko apustu argia egin duen lurralde hau bezalako ingurunerik ez dago foroa egiteko. Gure eskaintza turistikoa eta gastronomikoa nabarmen dadin beharrezkoak diren elementu guztiak baditugu: sukaldari ospetsuenak, Michelín izar gehienak, gastronomia-unibertsitaterik berritzaileena, kalitatea eta gastronomia-ospea; eta, jakina, profesionalik onenak ditugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)