Kontroleko osoko bilkura (2019/05/03)
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek Kontroleko Osoko Bilkuran erantzun diete talde parlamentarioen galdera eta interpelazioei.
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, hauteskundeen ondorengo egoera-politikoari buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, erantzukizunagatik, herritarren eta Euskadiren mesederako, komeni da laguntzea aurrekoa baino eszenario egonkorrago bat lortzeko. “Igandeko emaitzak aukera eman behar luke Estatuan irtenbide politikoei aurre egiteko “elkarrizketa, negoziazio eta akordiorako” denbora-tarte bat izateko”, adierazi du. Zentzu horretan, Lehendakariak dei bat egin du “elkarrizketarako, negoziaziorako, akordiorako” Euskaditik hasita.
Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiren egoera politikoari, ekonomikoari eta sozialari buruz.
Lehendakariak azpimarratu duenez, lau aste hauetan, positiboa izan da ekonomiaren eta enpleguaren eboluzioa: % 2,2ko hazkundea eta industriaren suspertzea. “Enplegua sortzen ari da eta langabezia % 10eko helburura hurbiltzen ari da”, gaineratu du. Gainera, gogora ekarri du transferentzien egutegi baten eta plan baten gainean lanean ari dela; Lehendakariak esandakoaren arabera, Hauteskundeen ondoren balio handiagoa hartzen du Espainiako Gobernuak Autogobernu aintzatetsiarekin hartutako konpromiso instituzional honek.
Zentzu horretan, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela, orain eta behin eta berriro, Tribuna honetan aurkeztutako gaien inguruan akordioak lortzeko. Hala, Lehendakariak nabarmendu du Madrilen elkar aditzea posible baldin bada, posible izan beharko lukeela Euskadin ere, “Estatu osoan den Erkidego kohesionatuenean, orekatuenean eta solidarioenean”, gaineratu du.
Interpelazioa, Eva Lopez de Arroyabe Saez de Maturana EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, despopulazioari aurre egiteko neurriei buruz.
Lehendakariak azpimarratu duenez irmoa da Eusko Jaurlaritzak, Aldundiekin batera, landa-ingurunea hobetzearen alde egindako apustua. “Landa-ingurunea bizirik, desberdin eta edozein aukeraren aurrean irekia mantentzea da gure helburua”, adierazi du. Hala, Lehendakariak azaldu duenez, hau da helburu partekatua: sektorea suspertzea, nekazaritzako ustiapenak gaztetzea eta landa-eremuetan ekonomia eta enplegua hobetzen laguntzea.
Lehendakariak aitortu du landa-ingurunean premiak ikusten direla hainbat arlotan ‒hezkuntza, osasun-zerbitzuak, etxebizitza, azpiegiturak, ekonomiaren sustapena eta garapena‒ eta horregatik jarraitu behar dela hobetze aldera. “Bide onetik goaz baina aurrera egiten jarraitu beharrean gaude”, zehaztu du.