Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Bi aste falta dira Basque Culinary Word Prize-aren 2019ko izendapenen itxierarako

2019-04-30

Maiatzaren 15era arte, gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumen, osasun eta garapen sozial eta ekonomikoari buruzko ideia eraldatzaileak dituzten sukaldariak izendatu ahal izango dituzte.

Munduan itzalik handiena duten sukaldariek osatuko dute epaimahaia, nazioarteko akademiko eta adituekin batera.

Irabazleak 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen eta gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazten duen proiektu batean erabiltzeko.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi-Basque Country estrategiaren barruan eta Basque Culinary Centerrek ematen duten BCWPren laugarren edizioa da.

Bi aste baino ez dira falta Basque Culinary World Prize sariaren izendapenen itxierarako. Saria urtero ematen da eta sukaldaritzaren esparrua gainditu eta beste hainbat arlotan, esaterako teknologian, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, elikagaien ekoizpenean edo garapen sozialean eta ekonomikoan eragina duten sukaldari aitzindarientzat da.

Izendapenen aldia babesteko, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek afari bat antolatu zuten atzo Massimo Bottura sukaldariaren Refettorio Felix sukalde komunitarioan, Londresen, iraunkortasunean zentratuta. Afari horretan laguntzen egon ziren, baita ere, Douglas McMaster sukaldaria, SILO Erresuma Batuko lehen zero waste jatetxearen jabea eta bertako sukaldaria, eta Merlin Labron-Johnson, The Conduit inpaktu sozialeko arloetako ekintzaileen lehen klub pribatuko sukaldari burua. Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria, beraiekin konpartitu zuten afaria.

Munduko sari aparta honek laugarren edizioa ospatzen du 2019an, eta Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortu dute, sukaldariek beren sormena, ezagutza, lidergoa eta enpresari espiritua gizartean aldaketa bat sortarazteko erabiltzen dutenean gastronomiak eragina izan dezakeela azpimarratzeko.

Sukaldariak gero eta kontzienteagoak dira gastronomiak panorama politiko, sozial eta ekonomikoaren eraketan eduki dezakeen zereginaz, gai guztiak ikuspegi gastronomiko batetik landu baitaitezke. Erresuma Batuaren moduko herrialde batean, non elikagaien industriak urtero 1,9 milioi tona elikagai xahutzen duen eta Extinction Rebellions protesta klimatikoa piztu baitzen aurreko astean hiriburuan, afariak iraunkortasunean aurrerapenak ezartzen dituzten sukaldarien izendapenen gaineko elkarrizketa bat eragin zuen.

Urtero, “gastronomiaren bitartez gizartea eraldatzea” sariaren espirituarekin bat egiten duen proiektua duen sukaldariak 100.000 euro jasotzen ditu, berak nahi duen kausarako erabiltzeko, kausa horrek gastronomiak duen ahalmena adierazi beharko duelarik.

Izendatzeko aldia

Maiatzaren 15a baino lehen, gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek gastronomia aldaketaren eragile bihurtu daitekeela erakusten duten sukaldariak izendatu ahal izango dituzte. Saria sukaldaritzan esperientzia profesionala duen edozeinentzat irekita dago, edozein dela ere bere kultura edo nazionalitatea. Izendapenak Basque World Culinary Prizeren web orriaren bitartez egin behar dira: www.basqueculinaryworldprize.com.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia