Eu

Etxepare Euskal Institutuak euskal zinea eramago du Eskoziara, 'Scotland goes Basque' programaren barruan

2019.eko apirilak 30

Azken berrogei urteotan euskal zineak izandako bilakaera azalduko duen atzera begirakoa izango da apirilaren amaieratik ekainera bitartean, Glasgow-en eta Edinburgon.

 Filmeen hautaketa hiru belaunaldi ezberdinetako zinemagileen ikuspegia ardatz hartuta egin da.

 Joan zen urtarrilean abiatu zuen Etxepare Euskal Institutuak hainbat euskal erakunderekin lankidetzan sustatutako #ScotlandGoesBasque ekimena. Horren xedea da euskal kultura Eskozian zabaltzea eta Eskoziako eta Euskal Herriko artisten artean, kultur eragileen artean eta ekitaldien artean zubiak eraikitzea eta, aldi berean, kulturaren, arteen eta hizkuntzaren bidez lokarriak sortzea. Egitasmoaren lehenbiziko urrats hartan, musika ardatz hartuta, hainbat euskal talde Glasgowko Celtic Connections munduko musiken jaialdian aritu ziren.

Orain, aldiz, zinearen txanda da Etxepare Euskal Institutuaren eskutik Eskozian euskal kulturari ireki zaion leihoan. Apirilaren 25ean hasi eta ekainaren amaieraraino, 80ko hamarkadatik gaurdaino euskal zinearen garapena islatuko duen atzera begirakoa egingo da, CinemaAttic plataformaren eta Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdiaren (Edinburgh International Film Festival, EIFF) programazioen baitan. Proiekzio eta jarduerak Edinburgo eta Glasgowko maila goreneko zine historikoetan eta arte guneetan izango badira ere (esaterako, Glasgowko Film Theatre, Centre of Contemporary Arts eta Edinburgoko Lauriston), datozen hilabeteotan euskal zinea Erresuma Batuko beste zenbait hiritan ere izango da ikusgai: Londres, Manchester eta Leeds hirietan, hain zuzen ere.

Filmen hautaketa egiterakoan genero anitz hartu dira kontuan, eskoziar ikusleei euskal zinearen ikuspegi ahalik eta zabalena aurkezteko asmoz: fikziozko film klasiko zein gaur egungoak, zine dokumentala, film laburrak, animazio esperimentala...  Era berean, aukeratutako ekoizpen horien bidez euskal kultura eta gizartea ezagutzera eman eta urteak joan ahala zineak horiek nola jaso eta interpretatu dituen erakutsi nahi da. Horretarako filmen proiekzioak eta horien inguruko jarduera osagarriak izango dira, esaterako, zuzendariekin solasaldiak, maisu eskolak, tailerrak, gastronomia eta zinea uztartuko dituzten ekintzak eta abar.

Zine eskaintza Tasio (1984) filmarekin hasi eta Oreina (2018) filmarekin amaituko da. Lehenbizikoak euskal herritarren garai bateko bizimodua eta horren bilakaera jasotzen ditu, eta bigarrena egungo gizartearen isla da. Bi proiekzio hauekin, zuzendari berriek aurrekoek landutako gaiei nola heltzen dieten erakusteko helburuari erantzun nahi zaio.

Azken lau hamarkadetan euskal zinemagintzan jardun duten hiru belaunaldietako zuzendarien film luzeak aurkeztuko dira. Lehenengo belaunaldiko zinemagileen lanaren adierazgarri izango dira Montxo Armendarizen Tasio eta Obaba eta Víctor Ericeren El espíritu de la colmena (Erlauntzaren espiritua). Bigarren belaunaldiko zinemagileen lanaren erakusgarri, Julio Medemen Vacas (Behiak), Álex de la Iglesiaren El día de la bestia (Piztiaren eguna) eta Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados (Ez da bakerik izango maltzurrentzako) proiektatuko dira; ezbairik gabe, urte horietan egindako euskal pelikula esanguratsuenetarikoak dira guztiak, euskal zinearen historian mugarriak. Euskal zinearen loraldi berritzat edo urrezko arotzat jo den hirugarren belaunaldiaren eredugarri, berriz, ikusgai izango dira Telmo Esnalen Dantza, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak, Ana Schulz eta Cristóbal Fernándezen Mudar la piel (Azala aldatu) eta Koldo Almandozen Oreina.

Bestalde, sortu zenetik zinemagile ugariren harrobi eta belaunaldi berriko zinemagileen talentuaren adierazle den Kimuak programaren 2018ko uztako film laburrak ikusteko aukera ere izango da Eskozian: Maddi Barberen 592 metroz goiti, Josu Martinezen Ama, Mari Elorzaren Ancora Lucciole (Oraindik ipurtargiak), Miguel Angel Jimenezen Kafenio Kastello, Sara Fantovaren No me despertéis (Ez nazazue esnatu), Pello Gutierrezen Zain eta Iban del Camporen Espedizio handia.

Animaziozko zineak ere, bereziki emakumeek egindakoak, bere tokia izango du euskal zinearen erakusleiho honetan: “Great Basque Women Animators” (euskal emakume animazio egile handiak) izenburua duen jardueraren baitan, Begoña Vicariok eta Izibene Oñederrak tailer bat emango dute, eta euren ibilbidean esanguratsuak izan diren hainbat film aurkeztuko dituzte Glasgowen.

Literatura, gastronomia eta dantza euskal zineman

Euskal kultura eta tradizioa eskoziarrei hurbiltzeko ahaleginean, eta zineak horiekin duen lotura baliatuta, gastronomia eta dantza tradizionala ezagutzeko aukera ere izango da. Batetik, Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan (Centre for Contemporary Arts) Bihar dok 13 dokumentalaren proiekzioa eta afaria antolatu dira, eta hiri horretan bertan egingo da “Leith Pintxos and Films” ekimena ere. Bestetik, zikloaren Edinburgoko irekieran Dantza filmarekin batera euskal dantzen emanaldia ikusteko aukera ere egongo da. Euskal zinean euskal arteak duen presentziaren beste erakusle bat, Obaba filmaren proiekzioa izango da, Bernardo Atxaga idazlearen Obabakoak obra oinarri duena; euskal literaturako eleberri esanguratsuenetarikoa.

Gonbidatuak. Begoña Vicario eta Izibene Oñederraz gain, atzera begirakoan gonbidatu gisa parte hartuko du Ana Schulzek ere; hirurek maisu eskolak emango dituzte Edinburgoko College of Art-en. Maddi Barber ere Erresuma Batuan izango da; Leedseko Hyde Park Picture House-en eta Manchester-eko Cervantes Institutuan aurkeztuko du 592 metroz goiti film laburra. 

CinemaAttic plataforma eta Edinburgh International Film Festival, Eskoziako zine erakunde nagusienetakoak, euskal zinemaren topagune izango dira. CinemaAttic Eskozian eta, orokorrean, Erresuma Batuan Iberiar Penintsulako eta Latinoamerikako zinea ezagutaraztea helburu duen plataforma da; 2008. urtean zine independentea zabaltzeko asmoz sortua, urte osoan zehar hainbat ekitaldi eta jaialdi antolatzen dituzte plataformako kideek Edinburgo eta Glasgowko kulturgune eta aretoetan. Euskal zineari dagokionez, iaz Kimuak programako hainbat film labur eta Asier Altunaren Amama eman zituzten.

Edinburgh International Film Festival (EIFF), berriz, 1947an sortu zen eta nazioarteko zine jaialdi zaharrena da gaur egun. Filmak ikusteak, egiteak eta ulertzeak bizitza eraldatzeko duen gaitasunean sinetsita, antolatzaileek zinearen inguruko ideia berriak aztertu eta programazio anitzak osatzen dituzte, bertako eta nazioarteko ikusleentzat: emankizunak, dokumentalak, film laburrak, zinema esperimentala... Arreta berezia jartzen dute talentu berriengan. Aurtengoan, proiekzioez gain, bertako zein euskal zine industriako profesionalen arteko topaketa egingo da jaialdiaren baitan.

Scotland Goes Basque

 Ekainera arte luzatuko den programaren ondoren ere, Scotland Goes Basque ekimenak euskal artistek eta sortzaileek euren lana Eskozian barrena zabaltzen jarrai dezaten ahalbidetuko du. Abuztua arte eszenikoen eta literaturaren hilabetea izango da. Fringe jaialdian hainbat euskal konpainiak hartuko dute parte, eta Edinburgh International Book Festival jaialdiaren aurtengo edizioan euskal literatura izango da gonbidatu berezia.

Udako eskoziar jaialdi ezagunak amaitu ostean, udazkenean jarduera akademikoen garaia izango da: urrian “Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean” mintegia egingo da Edinburgoko Unibertsitatean, Unibertsitateak berak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatua.

PROGRAMA

CinemaAttic

 Apirilak 25

19:45

IREKIERA

Kimuak: Basque Short Film Night

CCA Glasgow (Glasgow)

 

Apirilak 26

19:30

IREKIERA

Dantza eta euskal dantza tradizionala (Traditional Dance Forum Scotland-ekin

Lankidetzan)

Lauriston Hall (Edinburgo)

 

Apirilak 28

15:00 - 18:00

Leith Pintxos & Films Crawl

(LeithLate eta Kimuak-ekin lankidetzan)

Victoria Bar, Leith Depot, Bar Brig (Edinburgo)

19:00

El día de la Bestia

LeithLate/CinemaAttic afterparty

Henderson Hall (Edinburgo)

 

Maiatzak 1

17:30

Basque Classics: Tasio

Glasgow Film Theatre (Glasgow)

 

Maiatzak 2

10:30

Director’s Talk: Collective Animation

(Begoña Vicario + Izibene Oñederra)

(ECA Animation-ekin lankidetzan)

Edinburgh College of Art, Hunter Lecture Theater (Edinburgo)

10:30

Documentary Masterclass:

Ana Schulz at SDI

(Scottish Documentary Institute-ekin lankidetzan)

Edinburgh College of Art, Hunter Lecture Theater (Edinburgo)

17:45

Mudar la Piel

Solasaldia zuzendariarekin

Glasgow Film Theatre (Glasgow)

 

Maiatzak 4

12:30

Basque Women Animators: animaziozko film laburrak

Solasaldia Begoña Vicario + Izibene Oñederra

CCA Glasgow (Glasgow)

18:00

CCA Glasgow, Culinary Docs: Bihar dok 13 (afaria+emanaldia)

(Slow Food Glasgow-ekin lankidetzan)

The Project Café (Glasgow)

 

Maiatzak 5

17:00

Basque Classics: Vacas

Glasgow Film Theatre (Glasgow)

 

Maiatzak 7

15:00 - 18:00

Basque Double Bill: Loreak + El Espíritu de la Colmena

University of Strachclyde, McCance Building (Glasgow)

 

Maiatzak 8

15:00 - 18:00

Basque Double Bill: Obaba + No habrá Paz para los Malvados

University of Glasgow (Glasgow)

 

Maiatzak 17

19:30

Kimuak: Basque Short Films

Stour Space (Londres)

 

Maiatzak 22

18:00

Kimuak: Basque Short Films

Solasaldia Maddi Barber zuzendariarekin

Instituto Cervantes (Manchester)

 

Maiatzak 23

18:00

Kimuak: Basque Short Films

Solasaldia Maddi Barber zuzendariarekin

Hyde Park Picture House (Leeds)

 

Edinburgh International Film Festival

*Eguna eta ordua zehazteke

Oreina (Koldo Almandoz)

Espedizio handia (Iban del Campo)

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak