Eu

30 urtetik gora onera egiten dute Euskadiko gazteen lan-baldintzek: mugagabeko eta lanaldi osoko kontratazioak gora egiten du eta soldatak handiagoak dira

2019.eko apirilak 30

VG 2019 04 30

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, Marcos Murok, azpimarratu duenez, “30 urtetik gora onera egiten dute Euskadiko gazteen lan-baldintzek: mugagabeko eta lanaldi osoko kontratazioak gora egiten du eta soldatak handiagoak dira”. 30 urtetik 34 urtera bitarteko pertsona landunen erdia inguruk mugagabeko kontratua dute Euskadin (% 53,9), eta hiru urtetik gorako antzinatasuna enpresan (% 57,1). Aitzitik, 30 urtetik beherako langileen heren batek baino ez du mugagabeko kontratua (% 35,5), eta hiru urtetik gorako antzinatasuna dutenak laurdena baino gutxiago dira (% 22,7).  

 

Datuak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Behatokiak bildu ditu. Orokorrean, 30 urtetik 34 urtera bitartean lanaldi osoko enplegu gehiago dago (% 79,8) 30 urtetik behera baino (% 69,4), baina erlatiboa da; izan ere, sexua kontuan hartuta ikusiko dugu 16 urtetik 29 urtera bitarteko gizonezkoek lanaldi osoko enplegu gehiago dutela 30 urtetik 34 urtera bitarteko emakumezkoek baino. Emakumeen kasuan, 30 urtetik 34 urtera bitartekoek lanaldi osoko enplegu gehiago dute 30 urtetik beherakoek baino.

 

Aztertutako datuen arabera, soldatek ere gora egiten dute adinean aurrera egin ahala, eta 30 urtetik 34 urtera bitarteko pertsonek, batez beste, 30 urtetik beherako gazteek baino 200 euro gehiago kobratzen dituzte, eta hileko batez besteko soldata garbia 1.297 eurokoa dute.

 

“Oraindik mantendu egiten da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata-aldea, eta arlo horretan lan handia dugu egiteko denok, gizarteak, enpresek eta erakundeek”, azpimarratu du Marcos Murok. 30 urtetik 34 urtera bitarteko emakumeek, batez beste, 1.209 euro kobratzen dituzte hilean, eta adin horretako gizonezkoek, aldiz, 1.383 euro. Datuak Gazteen Euskal Behatokiak duela gutxi argitaratu duen “Gazteak eta Enplegua Euskadin 2017” txostenekoak dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak