Berriak Lehendakaritza
Eu

Hauteskundeetako emaitzak sendotu egiten du koalizioarekiko euskal herritarren konfiantza

2019.eko apirilak 30

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez, Euskadin, Gobernuan oinarri diren bi alderdiek babes handiagoa lortu dute gizartearengandik. “Sendotu egin ditugu gure posizioak”, adierazi du. Eusko Jaurlaritza egiten ari den lanarekiko herritarrek jarria duten konfiantzaren erakusgarri gisa interpretatu du hori Erkoreka sailburuak.

Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritza itxaropenez aurre egiten ari zaio Estatuan irekitako etapa berri honi. “Harreman bilaterala emankorra izatea espero dugu, eta lankidetzazkoa, leialtasunean oinarritua, euskal herritarren onurarako”, adierazi du. Zentzu horretan, Pedro Sánchez presidente izanda, gobernatzean harreman instituzionalak sendotu eta hobetzeko nahia utzi du agerian Erkorekak. “Garrantzizkoa da aurrerapausoak ematen jarraitzea Estatutua osorik bete dadin, konprometitutako plan bat eta egutegi bat dituela kontuan hartuta”, gaineratu du.

Erkoreka sailburuak adierazi duenez, Hauteskundeetako emaitzak sendotu egin du Estatuaren plurinazionalitatea, nabarmen geratu dira agerian Catalunyako, Euskadiko eta Estatuko errealitate sozial bereiziak.

ARRAZISMOAREN BIKTIMA DONOSTIAN

Donostian hildako arrazismoaren biktimari buruz galdetuta, Erkorekak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, maitasun eta elkartasun guztia helarazi dio Donostian zoritxarrez hildako gaztearen familiari. “Haren lagun maiteen oinazearekin bat egiten dugu, baita indarkeriaren eta xenofobiaren aurkako mezu horrekin ere”, adierazi du. Erkorekak amaren jarrera eta hitzak nabarmendu ditu, zeina, halako momentu zail batean, etsenplu sozial bat izaten ari den arrazismoaren aurkako bere mezuarekin. Gainera, Erkorekak azpimarratu duenez, indarkeriazko ekintzek ez dute lekurik Euskadin. “Konpromisoa hartzen dugu, justiziarekin batera, lanean eta ikertzen jarraitzeko, gertaera erabat argitu artean”, zehaztu du.

ETXEBIZITZA SOZIALA

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak bi hitzarmen onetsi ditu, bultzada handi bat adierazten dutenak Gipuzkoako etxebizitza sozialari, Donostian eta Urretxun zehazki.

Gipuzkoako hiriburuari dagokionez, Arriolak azaldu duenez, akordio horrek azken urteetan etxebizitza publikoan Donostian burutu izan diren jarduera nabarmenetako bat ahalbidetuko du: alokairuko 300 apartamentu eraikitzea. “Euskadin inoiz egin den operazio handiena da zuzkidura-bizitokietan”, adierazi du. Arriola sailburuak nabarmendu duenez, hitzarmen honek klausula bat hartzen du barnean, zuzkidura-bizitokien parte bat adineko gaituei zuzentzeko borondatea biltzen duena, beren ohiko etxebizitza Alokabidek kudeatzen duen Bizigune programari lagatzea erabakitzen dutenei, alegia.

Urretxuko Udalarekin sinatutako hitzarmenari buruz, Arriolak azaldu duenez, alokairuko 24 etxebizitza sozial eraikiko dira Gainzabal auzoko partzela batean.

PRESOAK LAN-MUNDUAN TXERTATZEA

Bere aldetik, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak baimendu egin du milioi erdiko gastua Euskadiko presoak Gizarteratzeko eta Lan Munduan Txertatzeko Programarako. Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da zigor askatasun-gabetzaileak ezarri zaizkien presoek aukera izatea kartzelatik ateratzean gizarteratu ahal izateko. “Berriz hezteko eta gizarteratzeko eredu baten alde egiten dugu apustu; pertsonak arau-haustea berriro egingo ez duela eta zigorra betetakoan egokitu egingo dela bermatuko duen eredua”, zehaztu du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du espetxeak eskuordetzearen alde, orain ematen den zerbitzua hobetzea ahalbidetzen duen Programa hau gauzatu bitartean.

OSASUNA

Erkoreka sailburuak jakinarazi duenez, Osasunaren arloan garrantzizko bi Programa onetsi dira.

Lehenik, 11 milioi euroko gastua onetsi da etxeko dialisi-zerbitzua finantzatzeko. “Programa honi esker pazienteek aukera izango dute lan egiteko eta bizi-modu independente eta malgu bat izateko”, adierazi du.

Bigarren, Erkorekak ezagutzera eman duenez, baimendu egin da 4 milioi euroko gastua osasunaren arloan ikerketa- eta garapen-proiektuak finantzatzeko. “Euskal sistema sanitarioa hobetzea da gure helburua eta, horrekin batera, pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea”, gaineratu du.

IRALE

Bestalde, Erkorekak ezagutzera eman duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du laguntzen deialdia euskaran gaitzeko eta hobetzeko “IRALE Programan” parte hartu nahi duten irakasleak liberatzeko. Erkorekak azaldu duenez, 1,2 milioi euro inbertituko dira itunpeko ikastetxeetako irakasleak euskalduntzeko. “Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan diharduten irakasleen euskara-maila hobetzen laguntzea da xedea”, adierazi du.

IPURUA

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak erabaki egin du milioi 1 euro inbertitzea Eibarko Ipurua futbol-zelaia birmoldatzen. Erkorekak azpimarratu duenez, inbertsio horrek aukera emango du kirol-espazioak eta instalazioak edukitzeko Basque Team Fundazioak erabil ditzan.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak