Eu

Kontsumobidek eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak arrain freskoaren etiketatua eta trazabilitatea ikuskatuko dituzte

2019.eko maiatzak 06

Kanpainaren bigarren fase hau maiatzaren 7an hasiko da eta izaera zehatzailea izango du

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak eta “Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak” datorren maiatzaren 7tik aurrera hasiko dute kanpainaren bigarren fasea, arrain freskoaren etiketatua eta trazabilitatea ikuskatzekoa. Kontsumobidek, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako erakundeak, eta “Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak”, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren menpekoak, batera ikuskatuko dituzte Euskadiko 84 arrandegi, supermerkatu eta hipermerkatu, arrain freskoaren etiketatuan eta trazabilitatean exijitzen den araudia betetzen ote duten ziurtatzeko. 

Bigarren fase honetan, 2018an araudia betetzen ez zuten establezimenduei ere egingo zaie ikuskaritza, baita beste berri batzuei ere, eta etiketatuan hutsak zuzendu ez dituztela ziurtatuz gero zehapen bat ezarri ahal izango zaie.

Kontsumobideko langileek egiaztatuko dute saltokiek exijitzen zaien nahitaezko informazioa eskaintzen ote dieten kontsumitzaileei, salgaien etiketetan, karteletan edo taulatxoetan. Europar Batasunak behartu egiten ditu saltokiak espezieen izen komertziala eta izen zientifikoa erakustera; alea itsasoan edo ur gezan hartua izan den edo haztegikoa den; arrainak harrapatu diren urak nongoak diren edo haien hazkuntza-aldia amaitu den herrialdea; erabilitako arrantza-arteak; edo produktua aurretik desizoztu den. Gainera, derrigorrezkoa da prezioa adieraztea. Ziurtatuko den beste alderdi bat izango da saltokiek beharrezko erreklamazio-orriak dituztela, baita kartelak ere, bezeroei adierazten dietenak orri horiek eskueran dituztela.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzua arduratuko da trazabilitatea analizatzeaz, eta horretarako arrantzako produktuekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioan biltzen diren datuak ziurtatuko dituzte: harrapatu, garraiatu eta banatu direnetik kontsumitzaileen eskueran jarri diren arte.

 

Kanpainaren bigarren fase honek izaera zehatzailea izango du, indarrean dagoen araudia betetzen ez bada.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko