
Tapia: “Artzaintza eta Gaztagintza etorkizuneko ofizio dira berrikuntza eta teknologia erablitzen baditugu”
- Ordiziako Artzain Egunean aitortza egin die sailburuak elikadura kate osoan lan egiten duten 100.000 profesionalei.
- Artzain eskolak 22 urte daramatza artzainen formazioan eta dagoeneko 278 artzain sektoreratu dira.
Ohitura zaharrek eta egungo teknologiak barneratuta dituen sektoreak bat egin dute gaur Ordiziako Artzain Egunean.
Arantxa Tapia sailburuak Gipuzkoako herrian elkartutako profesionalei bisita egin die, eta aitortzarako eguna dela azpimarratu du. Sailburuak gogora ekarri ditu elikadura kate osoan lanean aritzen diren 100.000 profesionalak, lehen sektoretik hasita, industria transformatzailea, ostalaritza, salmenta, gastronomia eta abar luzea kontutan hartuz.
Arreta gainera bi ogibidetan jarri du Tapiak: artzaintza eta gaztagintza. Garai bateko ofizioak direla esan ohi da, baina “artzaintza eta gaztagintza etorkizuneko ogibide aldarrikatu eta aitortu” ditu sailburuak bere adierazpenetan eta gaineratu du gainontzeko sektoreetan bezala, artzainek eta gaztagileek euren iraultza propioa egin dutela, Berrikuntza eta teknologia berriak erabiliz modernizazioari ekin diotela eta etorkizuneko ogibideak bilakatu direla.
Formazioari buruz ere aritu da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta nabarmendu du dagoeneko 22 urte daramatzala Artzain Eskolak lanean eta urte guzti hauetan 278 artzain prestatu eta sektoreratu direla.
Ordiziako Artzain Eguna
Ordiziako urteko lehen ezohiko feria da gaur ospatzen ari dena. Artzain Eguna esaten zaio eta gazta eta artzainak dira protagonista nagusiak.
Ohi bezala, 2000 ardi-buruk Ordiziako kaleak zeharkatu dituzte eta Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena egin da. Lehen gazta-moztea Aizpea Oihaneder Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko sukaldariak egin du. 2018ko Erregulartasun Sariak ere banatu dira, eta Joseba Insaustik Otaza gaztarekin eta Goiburu Gaztaindegia izan dira sarituak.
Ordiziako Udalak antolatu du ohi bezala Artzai Eguna eta laguntzaile izan ditu Gipuzkoako Latxa Ardiaren Elkartea ELE, Lurgintza, Idiazabal Jatorri Izendapena eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.
Asteazkenero bezala, baserriko produktuen azoka egin da nahiz eta gaur toki berezia egin zaien gaztagile eta artisauei.