Eu

Liburuaren eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak 18 eta 29 urte bitarteko Euskadiko gazteen irakurketa-ohituraren gaineko datu batzuk aurkezten ditu.

2019.eko apirilak 23

VG 2019 IV 23

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 78k liburuak irakurtzen ditu: % 16k egunero edo ia egunero, % 33k astean behin gutxienez, beste % 16k hilean behin gutxienez eta beste % 13k maiztasun txikiagorekin. Gainontzeko gazteek ez dituzte liburuak irakurtzen, baina bai beste gauza batzuk (prentsa, blogak eta abar) edo ez dute ezer irakurtzeko ohiturarik.

 

Liburuak irakurtzen dituzten gazteei zein literatur jeneroak irakurtzen dituzten gehien galdetu zaie. % 20k abenturazko nobelak aipatu dituzte, % 17k nobela historikoak eta beste horrenbestek (% 17k) nobelak, orokorrean; gainera % 16k nobela fantastikoak irakurtzen dituztela diote eta beste % 15ek zientzia fikziozkoak. Beste % 14k gehien irakurtzen dute nobela beltza, poliziakoa, eta %13k amodiozko nobelak. Beste literatur jeneroak (poesia, antzerkia, saiakerak, biografiak, komikiak, bidaia-liburuak, sukaldaritzakoak, autolaguntzakoak…) aipatu dituztenak % 10a baino gutxiago dira, kasu bakoitzean.

 

Azken urtean irakurritako liburuen batez besteko kopurua 6 edo 7 dira. Eta irakurri duten azkenean jartzen badugu arreta ikusten dugu egilearen sexua gizonezkoa dela kasu gehienetan (% 56) eta emakumezkoa % 27tan. Gainontzekoetan gazteek ez dakite egilearen sexua edo egile batzuen artean idatzita dago eta gizonezkoak eta emakumezkoak dira egile horiek.

 

Azken urtean libururen bat (edo gehiago) irakurri duten gazteen % 80k azaldu dute irakurritako azken liburua gaztelaniaz zegoela, % 8k euskaraz zegoela diote, % 4k ingelesez zegoela eta % 5ek beste hizkuntza batean idatzita zegoela azaldu dute.

 

Euskarriari dagokionez, % 81ek adierazi dute irakurritako azken liburu hori paperean irakurri dutela eta % 17k, aldiz, euskarri digitalean zegoela azaldu dute.

Azkenik, eskuratzeko moduari erreparatuko diogu. Azken liburu hori erosi dutela esan dute % 48k, beste % 18k Internetetik doan eskuratu dutela, % 13k lagun edo senide batek utzi diela azaldu dute, %12k liburutegitik hartu dutela maileguan eta gainontzeko % 10ek beste bide batez eskuratu dute (oparitu egin diote, zozketa batean suertatu zaie, liburuak trukatzeko puntu batean hartu dute edo beste modu batez hartu dute) edo ez diote galderari erantzun.

 

Datu horiek Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eman dizkio Gazteen Euskal Behatokiari eta 2018ko maiatzean eginiko “66. Euskal soziometroa” izeneko ikerketatik datoz. Ikerteketa horretan Euskadiko biztanleria helduari elkarrizketak egin zitzaizkion baina artikulu honetan komentatutako datuak 18 eta 29 urte bitarteko lagin adierazgarri batek (400 lagunek) emandako erantzunetan oinarritzen dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak