Eu

Euskadiko Turismoaren Atari Ofizialak atal bat estreinatu du bost hizkuntzatan eta planik onenak biltzen ditu datorren Aste Santurako

2019.eko apirilak 16

Euskadiko Turismoaren Atari Ofizialak, https://turismo.euskadi.eus/es/ atal espezifiko bat (landing page) estreinatu du, datorren Aste Santuan Euskadira datozen bisitarientzako aukera onenak eskainiz. Web orria bost hizkuntzatan kontsultatu daiteke, (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta alemana) eta galdera hau egiten die bisitariei: “Zergatik izango da ahaztezina? Ikus dezagun!”.

Orri batean eskaintzen da edukien hautaketa, eta bere diseinu bisualak lurraldeen eta baliabideen argazki profesionalak biltzen ditu. Bertan, gainera, guztiz zaindu da erabilgarritasuna.

“Paisaiak” atalean hiru bisita-plan nabarmentzen dira, lurralde bakoitzeko bat, eta informazio baliagarria gehitzen zaie ‒non jan edo lo egin, ibilbideak, kultur ondarea, naturaguneak eta abar‒. “Arabako Errioxako mahastiak” atalean udaberrian bizitza nola ernetzen den ikustera animatzen zaio bisitariari, baita aurreneko mahats-mordo artetik ibiltzera ere. “Donostiako Kontxako badia” atalak egunsentia ezagutzera gonbidatzen du bisitaria, munduko bistarik ederrenetako bat aurrean duela, eta hiritik bertatik, lurraldearen gainerako lekuak ezagutzeko aukera guztiekin.

Bizkaian “Gaztelugatxeko San Juan harkaitz magikoa” hautatu da, Juego de Tronos sailak ospetsu egin duena, eta bere zortzigarren eta azken denboraldiaren estreinaldiarekin fokuan jarraitzen duena. Zehazki, joan den ostiraletik, Britainia Handiko Sky Atlantic edukien telebista-katea, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babes logistikoarekin, bi dokumental filmatzen ari da bertan, kateak duen ikuslego zabalari sailaren Euskadiko eszenatokiak erakusteko.

“Zaporeakatalean tabernetako barrak nabarmentzen dira pintxoz gainezka, eta zenbait leku erakusten dira miniaturazko mokadu tradizional edo berri horien zaporeekin gozatzeko. Gainera, aipatu egiten da modan jarri direla txakolina eta inguratzen duen ekosistema, batez ere gure bisitari atzerritarren artean; ardo fresko, “trendy” eta original bat ezagutu berri dute haiek, ia edozein janarirekin lagunduta har daitekeena, baita sushirekin ere! Eta, nola ez ba, atal bat dago euskal sukaldaritzaren eta Euskadiko 23 jatetxe Michelin izardunen eta 53 Repsol eguzkidunen zeruari eskainia.

 

Azkenik, “landing page” orriak hauxe nabarmentzen du: “gure kaleetako giroa eta euskaldunen ohiko abegi ona. Hala gure hirigune historikoetako giroan jartzen du arreta, baita Euskadiko Aste Santuari lotutako ekitaldi puntualetan ere: Bilboko “Basque Fest”; “Balmasedako Pasio Biziduna”, Jesus Nazaretekoaren azken egunen antzezpenean erabat murgiltzen dena herria; eta egun horietan gure herri eta hirietan garatzen den agendaren gainerako ekitaldien eskaintza zabala.

Turismoaren Atari Ofizialaren azken txostenek diotenez, nabarmen gehitu dira bisitak. Otsailean, webgune osoan handitu zen trafikoa; saioak % 7,5 gehitu ziren aurreko urteko hilabete beraren aldean. AEBetako bisitariak nabarmentzen dira, oso erritmo bizkorrean hazten ari baitira, joan den urtearekiko % 95 gehiago. Atariaren erabiltzaile nagusienak Frantziakoak dira. Interes handiena piztu duten atariko edukiak Bilborekin eta Donostiarekin lotutakoak izan dira, baita Euskal Kostaldeari eta Festak eta Folkloreari eskainitakoak ere. Facebook izan da sareko trafiko-iturri nagusia, eta “Ea” izan da interes handiena sorrarazi duen herria sare sozialen erabiltzaileen artean.

Turismo Sailak marketin digitalaren joerak eta lantzen dituen azterlanak kontuan hartuta diseinatzen ditu eduki horiek. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko azkeneko BILTUR txostenak aisiako turisten portaera-datuak biltzen ditu. 2014az geroztik hiriko turismo bat dago, hiru motibazio erabakigarrik osatua: hiriko turismoa egitekoa (% 22), gastronomiarekin eta ardoarekin lotutakoa (% 20) eta kultura eta ekitaldiarekin lotutakoa (% 13,5). Gainera, ibilbide turistikoen (Touring) motibazioa nabarmen handitu da; gaur egun % 21ekoa da, 2014ko % 12aren aldean. Segmentu horretarako, Sailak The Basque Route atala jarri zuen martxan webgunean: 8 etapako ibilbide bat Euskadiko aurpegi desberdinetan zehar.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau