Eu

Hiruko Itunaren baitan, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute hirugarren urtez jarraian

2019.eko apirilak 15
  • Bingen Zupiria sailburuak, Ana Ollo kontseilariak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak 2017an adostu zuten hitzarmenaren aurtengo eranskina sinatu dute Baionan.

Hiruko Itunaren markoan, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP, Iparraldeko erakunde publikoa) hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute gaur. EEPk Baionan duen egoitzan egindako prentsaurreko batean, hiru erakundeek 2017an sinatu zuten akordioaren aurtengo eranskina aurkeztu dute, 2019an zehar lankidetzan burutuko diren ekimenak zehazte aldera. Helduen euskalduntzean, hizkuntza gaitasunen egiaztapenean, euskararen erabileraren sustapenean edota euskararen inguruko ikerketan lanean arituko dira hiru elkarteak elkarrekin. Era berean, erakundeek Hiruko Itunari esker azken urtean burututako ekimenen berri eman dute gaurko aurkezpenean.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak parte hartu dute gaurko prentsaurrekoan. Adierazi dutenez, 2017ko uztailaren 3an Iruñean sinatutako Hiruko Itunaren ondorioz euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten erakundeen artean “inoizko elkarlanik eraginkorrena” garatzen ari da.

Hiruko Itunean jaso zenez, hiru erakundeek urtero zehaztu behar dute zertan gauzatuko den hizkuntza politikaren inguruko lankidetza, eranskin baten bitartez. Gaurko aurkezpenean 2019ari dagozkion xehetasunak azaldu dituzte. Aurten bost dira jorratuko diren lan-ildoak:

  • Hezkuntza eta helduen euskalduntzea.
  • Euskararen erabileraren sustapena.
  • Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak.
  • Ikerketa soziolinguistikoa eta euskararen corpusa.
  • Lankidetza Europako markoan.

Ana  Ollo kontseilariak azpimarratu duenez Hiruko Ituna garrantzi handikoa da Nafarroaren ikuspuntutik: “Antolatutako lankidetza, interesen trukaketa, ezagutza, jakituria eta esperientziak elkarbanatzeko lana benetan eskertzekoa da”. Lankidetzari erreferentzia eginez, "naturala eta batez ere beharrezkoa" dela adierazi du. Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, Euskararen Erakunde Publikoari eta Euskarabideari bi urte hauetan zehar egindako lana eskertu die: “Eredugarria da lankidetzarako adierazi duzuen interesa”.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, hitzarmenaren eraginkortasuna nabarmendu du: “2017an Nafarroako Jauregian bildu ginenean azpimarratu genuen euskararen sustapenaren ikuspegitik mugarri bat zela akordioa. Gaur esan dezakegu Hiruko Ituna izan dela euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura dugun erakundeon arteko inoizko elkarlanik eraginkorrena. Hizkuntza politika eta euskararen sustapena kudeatzeko modu berri bat garatzen ari gara, errespetatzen dituena lurralde bakoitzaren erritmoak eta ezaugarriak. Denok ezagutzen ditugu itun honi esker burutu diren proiektuak, eta azpimarratzekoa da horietako batzuek lortu duten arrakasta eta hedapena”.

Beñat Arrabit EEPko presidenteak lankidetza honen izaera estrategikoa azpimarratu du: “Hizkuntza politikan garrantzitsua da partekatzea bakoitzak daukan esperientzia, jakitatea eta informazioa. Lankidetza teknikoa ere funtsezkoa da, eta badaude beste gai batzuk estrategikoak direnak: helduen euskalduntzea, adibidez. Bestalde, badira Iparraldearentzat baitezpadakoak diren proiektuak; hala nola, Eskola Futura edota euskara irakasle izateko lehiaketa berezira hautagaien kopurua handitzeko helburua daukaten mugaz gaindiko dispositiboak”.

Hezkuntza eta helduen euskalduntzea

Hezkuntzari dagokionez, ikasleen mugikortasuna eta trukeak erraztea adostu da. Horretarako diagnosi bat egingo da eta familien beharrei erantzuteko proiektu pilotu bat definituko da. Ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituzten ikasleentzat EAEko unibertsitateetako sarbidea errazteko, aukera ezberdinak aztertuko dira selektibitatea oztopo gaindiezina izan ez dadin.

    Hiruko Itunari esker iaz jaiotako Eskola Futura proiektua ere sustatuko da aurten. Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen baitako ekimen horren helburua da mugaren bi aldeetako Magisteritzako ikasleak irakasle elebidunak bihurtzea, hau da, Hegoaldekoek frantsesa ikastea Iparraldean lan egiteko; eta Iparraldekoek, euskara ez dakitenek, euskara Hegoaldean ikastea urte bat edo bi urteko formakuntza intentsiboak segituz. Horrez gain, Euroeskualdearekin eta Euroeskualdeko Unibertsitateekin elkarlanean diploma edo titulu binazionalak sortzeko aukerak aztertuko dira.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, hiru erakundeek hainbat neurri adostu dituzte (informazio guztia eranskinean) arlo honen egituratzeko helburuarekin. Besteak beste, 2019rako adostu da helduen euskalduntzean dauden laguntza-dispositiboen diagnosia egitea, EAEn egiten ari diren ikerketak baliatuz. Horrez gain, adostu da Eusko Jaurlaritzak garatu duen Helduen Euskalduntzearen oinarrizko Curriculuma Nafarroari egokitzeko bidea aztertzea, mailak lortzeko behar diren eskola-orduak zehaztuz eta adostuz. Era berean, helduen euskalduntzean ari diren profesionalei aukera emango zaie helduentzako euskararen irakaskuntzan erakunde bakoitzak antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeko.

Hizkuntza gaitasunen egiaztapenari dagokionez, Iparralderako, Eusko Jaurlaritzako Baliokidetza batzordearekin B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatzeko azken urratsak emango dira. Azkenik, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaia bere osotasunean aztertzea adostu dute, administrazio bakoitzak dituen ziurtagiriak ezagutzeko, egiaztagintza sistema bateratzea edota baliokidetzea helburutzat hartuz.

Euskararen erabileraren sustapena

Euskararen erabileraren kasuan, gazteei zuzendutako egitasmoak, ingurune digitalari lotutakoak eta arlo sozioekonomikoaren gainekoak lehenetsiko dira. Horrela, aztertuko da hiru erakundeen elkarlana eramatea Euskarabentura, Bertso Udalekuak, Mingaina dantzan edota Euskal Kirolari bezalako proiektuetara. Mugaz gaindiko egonaldi proiektu esperimental bat antolatzea ere aztertuko dute hiru erakundeek. Ingurune digitalari dagokionez, Euskarazko Wikipediaren proiektuaren inguruan sustatuko da elkarlana.

    Arlo sozioekonomikoari erreparatuz, lehenik eta behin hiru eremuetan arlo-sozioekonomikoan euskara sustatzeko dauden praktikak eta ekimenak ezagutzea eta aztertzea bilatuko da. Horren ostean, lurralde bakoitzaren errealitateak kontuan hartzen dituzten enpresak laguntzeko moduak aztertuko dira.

Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak.

Euskararen inguruko sentsibilizazioari dagokionez, herritarren aktibazioa sustatzeko eta erabilera bultzatzeko, Euskaraldia da hiru erakundeak partekatzen ari diren programa nagusia. Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak proiektua proposatu ostean, hiru erakundeak izan ziren sustatzaile lehendabiziko edizioan eta hirurak izan zituzten ordezkariak Euskaraldia koordinatzeko batzordean. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa berriz ere izango dira sustatzaile 2020an egingo den bigarren edizioan. Era berean, erakundeek elkarrekin hartuko dute parte Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzeko azterlan batean.

    Bestalde, hiru erakundeek izango dituzte kideak Euskararen Aholku Batzordean eta HAKOBAko batzordeetan. Halaber, erakunde bakoitzak antolatzen dituen gogoetaldi gune eta ekitaldietan (aholku batzordeak, talde tematikoak…) gainontzeko erakundeen parte hartzea bilatuko da.

Ikerketa soziolinguistiko eta hizkuntzaren corpusa

Ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, elkarlana batik bat Euskararen Adierazle Sistemaren (EAS) inguruan sustatuko da. 2017ko abenduan aurkeztu zuten hiru erakundeek EASa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiekin batera. Tresna honek euskararen egoeraren inguruko informazioa era planifikatuan eta sistematikoan eskaintzen du, hainbat adierazleren bitartez. EASek euskararen lurralde osoa hartzen du barne eta hainbat ikerketa ezberdinetatik ateratako datuak eskaintzen ditu: Inkesta Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, zentsua, Kale Neurketa... Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (EEGF) proiektuaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). Orain, 2019an zehar erronka izango da Euskararen Adierazle Sistema garatzea eta lurralde bakoitzaren errealitateak hobeto hartzea kontuan. Horrez gain, Euskaraldiaren emaitzen ikerketa burutuko da eta komunikabideei buruzko azterketen metodoa partekatuko da.

Euskararen corpusa handitzeko bidean, 2019rako partaideek adostu dute Hegoaldean garatu diren dispositiboak aztertzea. Bestalde, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzorde-atal Berezian hiru lurraldeetako adituak integratuko dira eta  Eusko Jaurlaritzako terminologia adituekin lankidetza egonkortuko da, Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak sartuz Euskalterm terminologia datu-basean.

Lankidetza Europako markoan

Azkenik, 2019rako, hiru erakundeek adostu dute, aukeren arabera, proiektuak aurkezten jarraitzea europar finantzaketa lortzeko eta elkarrekin lan egitea POCTEFAren etorkizuneko programa operatiboetan hizkuntza politika lehentasunezko inbertsio gisa integratzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak