Eu

Ordiziako udalarekin hitzarmena, Floreagan alokairurako babeseko 36 etxebizitza eraikitzeko (Gobernu Bilera 2019-04-16)

2019.eko apirilak 16

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ordiziako Udalak adostutako hitzarmena. Horren bidez, Gipuzkoako udalerriko Floreaga zonaldean alokairurako babes publikoko 36 etxebizitza eraikiko dira.

Hala, 90eko hamarkadako proiektua berriz hartu da; haren bidez, zonalde berean babes publikoko 27 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen. Hitzarmen berri horri esker, etxebizitza kopurua areagotuko da; hiru eraikin eraikiko dira, 36 pisu guztira, 12 bideratuko dira alokairurako etxebizitza sozialera, eta 24 alokairurako babes ofizialeko etxebizitzetara.

Ordiziako Udalak lursaila doan emateko eta adostutako eraikuntza-lanak egiteko hirigintza-plangintzan beharrezkoak diren aldaketak egiteko konpromisoa hartu du. Bere aldetik, Etxebizitza Sailak eraikuntza eta urbanizazio proiektuak egiteko betebeharra eta obrak egikaritzea bere gain hartu ditu.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak 2009an Zanbranako (Arabako) Udalarekin adostutako hitzarmenaren ebazpena baimendu du, babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko. Hitzarmen horren garapena geldiarazi egin zen, etxebizitza-krisia dela eta babestutako etxebizitza-eskaria nabarmen murriztu baitzen, orokorrean, eta aipatu udalerrian, zehazki. Eskari urritasun hori denboran mantendu da Arabako udalerrian. Gainera, Zanbranako Udalak berak eskatu zuen 2018an hitzarmena bertan behera uztea, Araban landa-etxebizitzaren ezaugarriak eta orokorrean babeseko etxebizitzak sustatzeko ezarritako irizpideak bat ez zetozela iritzita. Hori dela eta, eta Zanbranako Udalak hala adostuta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmena iraungitzea eskatu du. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko