Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 36 udalerritako 270 udaltzain-postu betetzeko hirugarren hautespen-prozesu bateratua deitu du

2019.eko apirilak 15

Hautespen-prozeduran izena emateko epea bihar hasiko da eta datorren maiatzaren 20an amaituko da

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 15a.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko 36 udalerritan udaltzaingoko oinarrizko eskalako 270 udaltzain-postu betetzeko hautespen-prozesu bateratua deitzeko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariaren ebazpena. Hirugarren prozesu bateratua da, eta Segurtasun Sailak EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean orain arte deitutakoen artean lanpostu-eskaintza handiena egiten duena. 36 udalerri horietatik, 17 Bizkaikoak dira, 16 Gipuzkoakoak eta 3 Arabakoak. Udaltzain-postu hauetakoren bat eskuratu nahi duten eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek, bihartik aurrera eta datorren maiatzaren 20ra arte, eman ahal izango dute izena www.arkauteakademia.eus web-orrian.

 

Hirugarren deialdi honetan 36 udalerrik hartuko dute parte, eta guztira 270 udaltzain-postu eskaintzen dira, baina gehiago ere izan daitezke. Orain arte egin diren hiru deialdi bateratuen artean lanpostu-eskaintza handiena egin duen deialdia da; lehenengo deialdian 12 udalerrik parte hartu zuten eta 75 postu eskaini ziren, eta bigarrenean 26 udalerrik parte hartu zuten eta 232 postu eskaini ziren.

 

Segurtasun Sailak EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean abian jarritako ekimen honetan 270 udaltzain-postu eskaintzen dira, horietatik 45 Arabako 3 udalerritarako dira, 109 Bizkaiko 17 udalerritarako dira eta 116 Gipuzkoako 16 udalerritarako dira.

 

Udaltzain-postuak honela banakatzen dira udalerrien arabera:

Araban: 1 Amurrion, 5 Laudion, 39 Vitoria-Gasteizen.

Bizkaian: 2 Abanto-Zierbenan, 3 Amorebieta-Etxanon, 20 Barakaldon, 6 Basaurin, 11 Bermeon, 1 Derion, 21 Getxon, 1 Gorlizen, 9 Etxebarrin, 3 Lekeition, 7 Mungian, 2 Ortuellan, 4 Portugaleten, 13 Santurtzin, 2 Sestaon eta 2 Zallan.

Gipuzkoan: 1 Aretxabaletan, 5 Arrasaten, 2 Azkoitian, 2 Beasainen, 49 Donostian, 8 Eibarren, 4 Elgoibarren, 7 Errenterian, 13 Irunen, 4 Lasarten, 1 Ordizian, 6 Pasaian, 2 Urretxun, 3 Zarautzen, 1 Zumaian eta 8 Zumarragan.

 

Izena emateko epea bihar, apirilaren 16an, hasiko da eta datorren maiatzaren 20an, astelehena, amaituko da. Pertsona interesdunek www.arkatuteakademia.eus web-orriaren bidez eman ahal izango dute izena prozesu honetan.

 

Aurreikusten da probei ekainean hasiera ematea eta prestakuntza-ikastaroa azaroan hastea.

 

Joan den apirilaren 8an bildu zen Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak koordinatzen duen Hautespeneko eta Prestakuntzako Lantaldea, EUDELekin sinatutako Esparru Hitzarmenean biltzen dena. Bilerara bertaratu ziren EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko, ELAko, Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteko eta Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Santurtzi udaletako ordezkariak.

 

Kontuan izan behar da deialdi bateratu hauetan udal-autonomia errespetatzen dela eta udalek dutela funtzionarioak hautatzeko eskumena, baita deialdiaren oinarriak egiteko eskumena ere, eta udalbatzek dutela dagokien lan-eskaintza onartzeko eta argitaratzeko eskumena.

 

Horrez gain, aginduan zein oinarrietan, hitzarmenak sinatzen dituzten udalek zehazten dituzte izangaiei eskatu beharreko baldintzak, eta horien artean hizkuntza-eskakizuna eta gida-baimen mota daude.

 

Hautespen-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da. Test gisako proba bat egingo da, proba psikotekniko bat gaitasunak ebaluatzeko eta beste bat nortasuna ebaluatzeko. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonal bat egingo dira. Lehiaketaren zatian, berriz, udaltzaingoetan egindako zerbitzuak baloratuko dira.   

Euskara jakitea meritu gisa baloratuko da, betiere eskuratu nahi duten posturako ezarritako hizkuntza-eskakizuna baino euskara ezagutza handiagoa egiaztatzen badute.

 

Onurak

Udaltzaingorako deialdi bateratuen onuren artean aipa daitezke hautespen-profil bera aplikatzea, prozesuen ezaugarriak bateratzea, hautespen-prozesuen kostua murriztea, hautespen-prozesuan postuak bete gabe gera daitezen saihestea eta irizpide bateratuak aplikatzea.

 

Uztailaren amaiera aldean emango zaizkie diplomak gaur egun Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestatzen ari diren bigarren prozesu bateratuko udaltzaingoetako agenteei.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak