Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Beatriz Artolazabalek: “Familia Bitartekaritzako Zerbitzua goranzko joera mantentzen ari da eta hazten ari da espedienteetan, interbentzioetan eta arreta emandako pertsonetan elkarrizketan oinarritutako gatazken kudeaketa batean”

2019-04-15
  • “Gatazkak ebaztean komunikazioa eta aditzea errazten duen espazio bat da bitartekaritza”
  • 2018an 11.705 pertsonari eman zitzaien arreta 15.284 interbentziotan guztira
  • Espedienteen % 86,4 bikotea haustetik eratorritako gatazketatik sortzen da eta % 13,6 beste famili gatazka batzuetatik
  • Bitartekaritza-prozesu batean parte hartu zuten pertsonen % 93,9k oso ontzat jo dute

 

VG 2019 04 15

Familia Bitartekaritza Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Enplegua eta Gizarte Politikak Sailak bultzatuak, hazkunde positiboa izan zuen bere jardueran 2018an, gora egin baitzuten espediente irekien kopuruak (% 2,5+), interbentzioen kopuruak (% 13,7+) eta arreta emandako pertsonenak (% 13,7+). Horrekin, ziurtatu egiten da azken urteetan antzemandako goranzko joera. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, “zerbitzu honek aukera ematen die pertsonei bertara jotzeko epaiketa aurreko fase batean, demandarik aurkeztu gabe, haien gatazkak elkarrizketa bidez kudeatzearren eta horrela famili arazoen judizializazioa saihesteko. Positiboki erantzuten diogu bitartekaritza-espazioen eskari sozialari”.

 

Artolazabalen hitzetan, “bitartekaritzako espazioak ahalbidetu egiten du komunikazioa eta aditzea, eta tentsioak saihesteko balio du, horiek kalte emozional handiagoa sorrarazten baitute, baita gatazka areagotzea ere, eta nabarmenak dira talde profesionalaren inpartzialtasuna eta enpatia”. Gatazkak ebazteko bide alternatibo bat da, sistema judizialaren osagarri.

 

2018an, arreta-maila desberdinetan, guztira 2.115 espediente tramitatu ziren hiru lurralde historikoetako Familia Bitartekaritza Zerbitzuetan. Espediente guztietatik Bizkaiari dagozkio 1.184 espediente, Arabari 412 eta Gipuzkoari 519, % 2,5 gehiago 2017koen aldean. 11.705 pertsonari eman zaie arreta 15.284 interbentziotan guztira (8.423 Bizkaian, 3.794 Gipuzkoan eta 3.067 Araban).

 

Gatazka-mota

2018an, irekitako espedienteen % 86,4k bikotea haustetik eratorritako gatazkekin zerikusia izan dute, eta % 13,6k kategoria desberdinetako famili gatazkekin. Gainera, arreta eman zaien pertsonen datuen arabera, gero eta gehiago dira FBZ bulegoetara hurbiltzen diren gizonak (% 43,6) eta oraindik ere emakumeak dira bertaratzen direnen portzentaje handiena (% 56,4).

 

Familia Bitartekaritza Zerbitzua (FBZ) publikoa, doakoa eta borondatezkoa da, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak famili gatazka batean sartuta dauden pertsonen eskueran jartzen duena. Gatazka horiek arrazoi hauengatik sortuak izan daitezke: bikotea hautsi izana (ezkontideak edo izatezko bikoteak) edo famili ingurunean sortutako beste zirkunstantzia batzuk, besteren artean, guraso eta seme-alaben arteko gatazkak, familia biologikoaren eta harrerako familiaren artekoak, herentziak direla eta familien artean sortutakoak, famili negoziotatik eratorriak eta abar. Zerbitzua hiru lurraldeetan ematen da.

 

Akordioak

Artolazabalek azpimarratu duenez, “famili inguruneko bitartekaritzak eskaintzen duen espazioak nabarmen laguntzen du aldeen arteko elkarrizketan eta hausnarketan. Horren emaitza dugu aldeen artean adostutako akordioen portzentaje altua”. Zehazki, prozesuen % 75ek akordioekin amaitzen dute, % 23tan bitartekaritzari azkena ematea erabakitzen dute pertsonek eta kasuen % 2 bideraezinak dira.

 

Urte honetan landutako bitartekaritza-prozesu guztietatik 734 burutu dira, eta 165 daude prozesuan. Amaitutako bitartekaritzetatik % 74,6 (547 espediente) akordioekin burutu dira. Parte hartzaileek bitartekaritzari azkena ematea erabaki dutenean amaitu dira % 23,4 (172 espediente) eta % 2n bideraezina izan da prozesua (15 espediente).

 

Gainera, bitartekaritza-prozesuak amaitutakoan, FBZko taldeetatik jarraipen bat egiten da, eta horrek utzi du agerian familien % 93,4k hartu dutela bitartekaritzan lortutako akordioen erantzukizuna, urte bat igarotakoan. “Aldeak auzitan sartzeak dakarren narriadura emozionala prebenitzen duelako izaten da, eta horrela lortzen da akordioak gehiago errespetatzea eta iraunkorragoak izatea, ebazpen judizialen aldean”, sailburuaren hitzetan.

 

Akordioen erantzukizuna hartzen duten pertsonen artean hauek nabarmentzen dira: akordioak bere horretan mantentzen dituztenak (% 52) eta akordioak egokituta aldaketak kudeatzeko gai direnak (% 36,4), eta horrek islatzen du, zalantzarik gabe, bitartekaritzaren eragin pedagogikoa. % 1,4k errespetatzen dituzte bitartekaritzan hartutako erabaki gehienak, eta kasuen % 3,6tan bikoteak berriro ekin dio harremanari.

 

“Zerbitzuak bi hamarkadatik gorako ibilbidea du egina eta denbora luze honetan ikusi dugu nola bilakatu den trena baliagarri, egoki eta eraginkor bat”, nabarmendu du Artolazabal sailburuak. Hiru lurraldeetan zerbitzuaren erabiltzaileei zuzendutako galdetegi batean, arreta jaso duten pertsona gehienak ere iritzi berekoak dira. Bitartekaritza-prozesu batean parte hartu duten pertsonen % 93,9k oso ontzat jo dute zerbitzua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)