Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak klik! egin dute euskararen alde, Korrikaren azken egunean

2019.eko apirilak 14

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak eta Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak bat egin dute euskararen aldeko herri-lasterketarekin; hartara, gure hizkuntza erabili eta normaltzearen aldeko babes irmoa erakutsi dute.  

Biek, Euskal Osasun Zerbitzuko enplegatuekin batera, eraman dute lekukoa hogeitabatgarren Korrika honen azken tartean, Vitoria – Gasteizen egindakoa.  

Guztira 23 ordezkaritzak erosi dute Korrikako tarte bana, Osakidetzako askotariko osasun-erakundeen eta Osasun Sailaren, baita langileen izenean; hartara, 25 kilometro izan dira guztira Euskal Herri osotik.  

Euskararen aldeko herri-lasterketa honetan ohiturazkoa izaten den bezala, Osasun Saileko arduradunek eta Osakidetzako zerbitzu-erakundeetako langile ugarik Korrikan parte hartu dute beren ekimenez, euskara erabili eta zabaltzearekin duten konpromisoaren erakusgarri. 

Nekane Murga Osasuneko sailburuaren hitzetan: “Hizkuntza normalizatzen ari da pixkanaka eta, era horretan, Osakidetzako zerbitzuen kalitatea hobetu dezakegu, baita pertsona erabiltzaileen eta bertako langileen hizkuntza-eskubideak bermatu ere. Horregatik, Osasun Zerbitzu Publikoaren barruan lehentasuna duen helburua da”.

Izan ere, Osakidetzako Euskaren Erabilera Normalizatzeko II. Plana 2013-2019n kokatuta, pauso handiak eman ditugu normalizaziorako bidean, zerbitzuko hizkuntza ez ezik, euskara pixkanaka laneko hizkuntza bihurtzeko asmoaz. Adibidez, Osakidetzan nork bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna duten pertsonen ehunekoa esponentzialki igotzea lortu dugu.  Juan Luis Diego Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez: “Kopuru hori seikoiztu egin da azken hamabost urtean, pertsona langileen % 7,6 izatetik % 46,6 izatera pasa baita. Pauso erabakigarria da Osakidetzan euskara ohiko hizkuntza normalizatua bihur dadin”.

Aldi berean, gero eta gehiago dira euskaraz artatuak izan nahi duten erabiltzaileak. Egun, 259.000tik gora dira, eta asistentzia-lanei buruz duten gogobetetzea altua da. Zehazki, 2018an, inkestatutako pertsona elebidunen % 74,1ek adierazi zuen pozik edo oso pozik zegoela asistentzia-laneko euskararen erabilerarekin.

 

Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 14an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko