Eu

Dropshipping-aren arriskuez ohartarazten du Kontsumobidek

2019.eko apirilak 15

Dropshipping modu bizkor eta erraz batean aberasteko promes bat da, eta gazteak harrapatzen ari da batik bat, kontuan izanik gainera, kasu gehiegitan, galera ekonomikoak dakartzan kiebra bihurtzen dela.

Praktika hau Youtuberren gomendioetatik hasten da eta horrekin batera ikastaroak saltzen dituzte dropshippingaren hastapenak ikasteko; ikastaroen kostua handia da (600 - 1.000 euro) eta gutxitan betetzen da esperotakoa.

Izan ere, dropshipping online denda baten antolamendu bat besterik ez da, beste orri batzuen komisionista gisa jarduteko (Ali Express eta Shopify, besteren artean) edota produktu horiek prezio garestiagoan birsaltzeko. “Dropshipping negozio-eredu bat da, stockean edukitzen ez dituzten produktuak Internet bidez saltzeko, fabrikatzailearekin edo handizkariekin egindako akordioen eta negoziazioen bitartez, bera izan dadin produktu horiek bidaliko dizkiona zuzenean azken bezeroari”, hori da bere sustatzaileetako batek negozio-eredu hori definitzen duen modua. Bezero batek erosketa bat egiten duenean, kobrantza kudeatzera eta dropshipping hornitzaileari eskaera helaraztera mugatzen da online dendaren jabea. Hark prestatzen ditu produktuak txikizkako saltzailearen zeinu bereizgarriekin eta arduratzen da paketea bezeroari zuzenean bidaltzeaz.

Ez da stockik sortzen, erosketa ez baita sorburuko webgunean egiten birsalmentako dendan salmenta egin arte eta, beraz, ez da beharrezkoa produktuan inbertitzea saldu aurretik. Hori da Youtubetik edo Instagrametik pertsonek nabarmentzen duten alderdia, erraz aberasteko aukerak saltzeko aprobetxatzen dutena, eta gazteak erakarri eta harrapatzen dituena. Praktika honek antza handiagoa du komisionistek edo birsalmentek betetzen duten zereginarekin.

Praktika hau deskribatzen duten pertsonek ez dute, ordea, dropshipping orrien titularrek aurre egin beharreko obligazioak aipatzen. Hauek dira bete beharrekoak:

  • Kontsumitzaileen eskubideak babesteko legetik eratorritako obligazioak: produktuaren bermea, produktu akastunaren itzulketa, dirua itzultzeko obligazioa, uko egiteko eskubidea, etiketen, informazioaren... inguruko obligazioak.
  • Enpresa-jardunetik eratorritako obligazioak: autonomoetan alta emanda egotea, jarduera ekonomikoen erregistroan alta emanda egotea, BEZaren eta PFEZaren hiruhileko likidazioak, zergak ordaintzea…
  • Datuen babeserako Legetik eratorritako obligazioak: Kasu askotan, dropshipping praktikatzen dutenek beren webgunean erosleak emandako datuak erabiltzen dituzte Interneten datuak betetzeko, produktua benetan eskueran dutela esateko, eta era horretan ez dute enbalatzetik edo garraiotik eratorritako gasturik beren gain hartu beharrik. Datuen titularren idatzizko baimenik gabeko praktika hau erabiltzea legez kontrakoa da.
  • Beste enpresa-premia batzuk, publizitatean inbertitzea, aholkularitza...

Gai horiek guztiak ez dira islatzen aipatu ditugu ikastaroetan eta, beraz, Dropshippingean hasteko ikastaro horiek eskuratzen dituzten pertsonak jabetu egiten dira aberasteko modu hori ez dela ez hain erraza ez hain bizkorra.

Aliexpress bezalako zenbait enpresak edo Shopify bezalako plataformek sustatu egiten dute Dropshipping praktika eta modu erakargarri batean aurkezten dute, lor daitekeen onura nabarmenduz, ustez azkar eta arriskurik gabe. Kontua da salmenta-sistema honekin enpresa hornitzaile horiek (dropshippers) kontsumitzaileei eskuordetzen dizkietela obligazio legalak (etiketatzea, itzulketak...) baita txikizkako saltzaileei, online denda horien jabeei, haiengandik libratuz.

Beraz, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak gogora ekarri nahi du, gazteei bereziki, praktika hau kontsumitzaileen eskubideak babesteko legearen menpe dagoela eta saihestu ezin diren obligazio legal batzuk daudela.

Gainera, gogoan izan, ikastaro horiek eskuratzeko asmotan egonez gero, aldez aurretik ziurtatu egin behar dela beren edukia eta itxaropenak betetzen ote dituzten ikusi. Azkenik dropshipping praktikan hastea erabakiz gero, komeni da aholkularitza-zerbitzu profesional batera jotzea, ez ordea Youtuberren edo Instagramerren aholkuetara.

Kontsumitzaileentzat ez da erraza dropshipping online dendak identifikatzea eta, beraz, Kontsumobideren gomendioa da nahi den produktuari buruzko bilaketa bat baino gehiago egitea, aukerarik onena aurkitzeko, edo hurbileko dendara bertaratzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko