Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek plan bat sustatuko du desgaitasuna duten pertsonei lan-merkatura sartzen laguntzeko

2011.eko martxoak 18

 

  • Desgaitasuna duten pertsonentzat Enplegu Zentro Berezietan enplegua sortu eta iraunarazten laguntzeko Plana aurkeztu du Zabaletak Legebiltzarrean

  

  • Lanbidek sektore horretan aurten aplikatuko dituen neurriek 37 milioi euroko aurrekontua izango dute

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Legebiltzarrean adierazi duenez, beharrezkoa da Euskadiko enpleguaren kalitatea sendotzea, "gero eta ekonomia eraginkorrago eta lehiakorragoa lortzeko". Neurri horietako baten helburua desgaitasuna duten pertsonen enpleguari eustea da, Enplegu Zentro Berezien bitartez, lan egiteko adinean dauden 61.300 pertsonak osatzen duten giza talde horri normaltasunez bizitzea eragozten dioten trabak kenduz.

Zabaleta sailburua, Mariano Cortés Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendariarekin izandako agerraldian, Enplegu Zentro Berezietan (EZB) enplegua sortu eta iraunarazten laguntzeko Planaren berri eman dio Gasteizko Legebiltzarrari; izan ere, hori sustatzea Euskal Enplegu Zerbitzuaren egitekoa izango baita.

1985. urtean abian jarri zenetik, desgaitasuna duten pertsonei zerbitzu osagarriak ematen ahalegindu dira, ondokoen bitartez: Euskadiko EZBak, Lanerako Ikastegiak, laguntzadun-enplegua lan-merkatu arrunteko enpresetan, lana lan-enklabeetan, desgaitasuna duten langileei laguntza eta egokitzapena emateko ikerketa eta berrikuntza teknologikoa, etab. Hala eta guztiz ere, urte hauetan lortu duten balantze ekonomiko positiboa gorabehera, sektore horrek ere ezin izan du krisia saihestu; hori dela-eta, partaidetza publikoa "ezinbestekoa da oraindik epe ertain eta luzean bideragarriak izan daitezen", azpimarratu du sailburuak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bi milioi euro erabili zituen guztira 2010. urtean, EGBetan 5.532 lanpostu sortzeko. Horrez gain, otsaileko bileran, Lanbideko Administrazio Kontseiluak 33 milioi euro jartzea onartu zuen, desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa sortzeko proiektuak finantzatzeko eta Enplegu Zentro Berezietan lanpostuei eusten laguntzeko. Era berean, bi milioi euro gehigarri onartu ziren  Jarduera Profesionalari laguntzeko Unitateei laguntzeko. Unitate horiek Enplegu Zentro Berezietako diziplina anitzeko giza taldeak dira, eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten langileei laguntza eta lanbide‑sustapena ematen diete.

Azkenik, Lanbidek 2 milioi gehiago onartu ditu desgaitasuna duten pertsonei lan-merkatu arruntean enplegu eraginkorra lortzen laguntzeko, eta enplegu babestutik enplegu arruntera igarotzen laguntzeko kontratazioetarako laguntzak emateko. 37 milioi euro guztira.

"Baina enplegu-politika aktiboen transferentziarekin, desgaitasuna duten pertsonen enpleguaren dimentsio berri batean sartu gara jada", nabarmendu du sailburuak. Horren froga da aniztasuna kudeatzeko berariazko unitatea sortu izana; izan ere, desgaitasuna duten pertsonei zuzendua baitago. Unitate hori zeharkakoa izango da Euskal Enplegu Zerbitzuak garatuko dituen arlo eta programen artean.

Bere aldetik, desgaitasuna duten pertsonei Lanbidek eskainiko dien ibilbideen eredua azaldu du erakunde horretako Lan Aktibazioko zuzendariak. Eredu horren oinarrian dago pertsona horiei orientazio eta prestakuntza espezializatua ematea, kontratazio-planetan sartzea eta, ahal badagokio, lan-merkatuan sartzea, EZBen sarearen bitartez edo, zuzenean, enpresa arrunten batean.

Desgaitasuna duten pertsonen jarduera eta okupazio tasak gainerako herritarrenak baino askoz apalagoak dira, bereziki emakumeen kasuan. Mariano Cortésen iritziz, Lanbideren erronka nagusietako bat "sektoreko jarduera- eta okupazio-tasa igotzea da, desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatuan txertatu daitezen lortuz eta, horretarako, pertsona horiek lan-merkatu arruntean kontratatu daitezen sustatuz".

Beste erronka bat EZBak finkatzea izango da, lantoki gisa ez ezik, laneratzeko ibilbidea osatzen duen urrats gisa ere.  "Sektorearen estrategian, desgaitasunen araberako tipologietarako pentsatutako programen etapa, jadanik luzeegia, gainditu behar da, eta gizabanakoen gaitasunak eta laguntza-beharrak hartu behar dira aintzat, desgaitasuna edo lan-merkatura sartzeko zailtasun berezia eragiten duen arazo pertsonal edo soziala edozein dela ere", adierazi du Cortések.

Desgaitasuna duten langileen lanbide-prestakuntza eta -garapena sustatuz, haien enplegagarritasun-maila eta lehiakortasuna hobetzea da Lanbideren beste erronketako bat. Horrez gain, epe luzean sektorearen iraunkortasuna lortzeko, laguntza publikoaren bidezko finantzazioa bermatuko da. "Hori gabe ezinezkoa izango litzateke proiektua garatzea, enpleguaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetzeko politikak garatzea, prestakuntza eta ezagutza sustatzea eta informazio, jarraipen eta zaintzako sistema batean oinarritzea, gertakariei aurre egiteko", nabarmendu du Lanbideko zuzendariak.

Neurri-multzo horrez gain, sektorea indartzea helburu duten beste hainbat aplikatuko dira. Besteak beste, 50 langiletik gorako enpresetan desgaitasuna duten langileen % 2ko kuota betetzearen inguruan Ikuskaritzak dituen irizpideak indartuko dira; sektorearen presentzia areagotuko da Euskadiko gizartean eta ekonomian, enpresa handi, ertain eta txikiei zuzendutako informazio-kanpainen eta sentsibilizazio-prozesuen bidez edo desgaitasuna duten pertsonak motibatzeko kanpainen bidez. "Horrez gain, lan-esparruan irisgarritasun osoaren, diseinuaren eta laguntza-teknologiaren arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu beharko dira, gai horretako zerbitzu berritzaileak sustatzeaz gainera", azpimarratu du Zabaleta sailburuak.

 

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI BURUZKO ZENBAIT DATU

 

  • Lan egiteko adinean (16-64 urte) dauden pertsona desgaituak 61.300 dira, adin horretako Euskadiko biztanleriaren % 4,3. Gehienak gizonak dira, % 61, eta % 39 emakumeak.

 

  • Biztanleri osoaren batez bestekoa baino zaharragoak dira; izan ere, 50 urtetik gorakoak % 46,7 doira; eta 35 urtetik gorakoak % 81,7.

 

  • Guztizko biztanleriak baino prestakuntza-maila txikiagoa dute.

 

  • Autonomia erkidegoan lana duten desgaituak 19.000 dira; hau da, % 34,7ko okupazio-koefizientea dute. Oso urrun geratzen dira desgaitasuni ez duten biztanleen % 71etik.

 

  • Langabezian 2.200 lagun daude, desgaitasuna duen biztanleria aktiboaren % 10,3.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko