Berriak Lehendakaritza
Eu

Europa subsidiariotasun-printzipioaren inguruan eztabaidatzen ari da Euskadin

2011.eko martxoak 21

Subsidiariotasunari buruzko V Konferentzian toki- eta eskualde-administrazioen erabaki-ahalmena aztertzen eta sakonean eztabaidatzen ari da

EBko toki- eta eskualde-erakundeen ordezkariak Lisboako Itunak botere horien subsidiariotasun-esparruari ematen dion paperari buruz eztabaidatzen aritu dira gaur Bilbon; horiek baitira, hain zuzen ere, herritarrekiko hurbilen daudenak, herritarrei zuzenean eragiten dieten gaiei buruz erabakiak hartzeko. Subsidiariotasunaren helburua da EBren eskumen esklusibo ez diren politiketan erabakiak herritarrekiko ahal besteko hurbiltasuna mantenduz hartzen direla bermatzea, eta Lehendakariak dioenez, horrek politikak “eraginkorrago” egiten ditu.

“Erabakiak herritarrekiko ahal besteko hurbiltasuna mantenduz hartu behar dira, arazoetatik hurbil egonez; horrek, zalantzarik gabe, hartu behar ditugun erabakien eraginkortasuna eta egokitasuna areagotzen baititu”. Horrela definitu du  Lehendakariak, Patxi Lópezek, subsidiariotasun kontzeptua. Gaur Bilbon termino protagonista izan da, baita subsidiariotasunaren bosgarren konferentziaren ardatza ere. Konferentziaren izenburua honakoa izan da: “Subsidiariotasunaren kontrola Lisboatik urtebete igaro ondoren: toki- eta eskualde-mailako ikuspegiak”.

Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordeak Bilbon antolatu du Subsidiariotasunari buruzko V. Gailurra, Legebiltzarraren eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearekin. Lehendakariak, Europako erakunde horren presidente Mercedes Bressok eta presidenteorde Ramón Valcarcelek eta Arantza Quiroga Eusko legebiltzarburuak eman diote hasiera gailurrari.

Lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela “gaitasunak eta baliabideak zentzuz banatzea; bakoitzaren erantzukizunak ez ezik, arazoei aurre egin eta gure gaitasunei bide emateko duten eraginkortasuna kontuan hartuz”. Ideia hori adibide batekin osatzeko, lehendakariak Espainia eta autonomia erkidegoak aipatu ditu. “Azken 30 urteotan boterea sakonki deszentralizatu dugu, eta hori izan da gure historiako arrakasta nagusietako bat; izan ere, horren arabera antolatu da herrialdea eta eman zaio kohesioa gizarteari”. “Berdintasun eta gizarte-oreka maila altuagoak lortu dira, diktadurak eta zentralizazioak erabat ahaztuta zituen eremuak marjinaziotik atera dira”.

Eusko Jaurlaritzak bi lan-taldetan parte hartu du eskualdeen Subsidiariotasun Batzordean. Bere lana bi esparrutan kontzentratu du nagusiki: batetik, energia aurreztea eta klima-aldaketaren eragina, eta, bestetik, gizarte-berrikuntza enpresen gizarte-erantzukizunaren esparruan. Lehendakariak adierazi duenez, “adibide praktikoekin frogatu nahi izan da nola lagun dezakegun eskualdeetan gauzatu diren proiektuen bidez Europako helburuak lortzen”, izan ere, esan duenaren arabera, “arazoak mundu mailakoak dira, baina irtenbideak eraginkorragoak dira behetik gorantz hartzen badira”.

Eusko jaurlaritzak batzorde honetan bi adibide praktikorekin lagundu dio energia-eraginkortasunari, batetik, ibilgailu elektrikoaren aldeko apustuarekin, eta bestetik, eraikinen ziurtapen energetikoarekin. “Euskadin duela hainbat urte hasi zen ziurtapena eskatzen, eta orain derrigorrezkoa da Europar Batasuneko herritar guztientzat”, azpimarratu du.

Enpresen gizarte-erantzukizunaren esparruan hiru esperientzia aurkeztu dira, herri-administrazioarekin, enpresa pribatuarekin eta banku etikoarekin lotuak. “Gizarte-erantzukizuna funtsezkoa da berrikuntza eta lehiakortasunerako”, ziurtatu du lehendakariak. “Eskualdeak eta udalerriak funtsezkoak dira gizarte-erantzukizuna sustatzeko, eta, horregatik, buru gisa jardun behar dute horien ezarpena sustatzeko”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mercedes Bresso, Arantza Quiroga