Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak abian mantenduko du elgorriari lotutako protokoloa

2019.eko apirilak 10

Kontaktuen ikerketa bat abiatu da Gipuzkoan, jatorria Euskaditik kanpo izan eta sagardotegikoarekin harremanik ez duen kasu bat detektatu ondoren

 

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak abian mantendu du elgorriari lotutako protokoloa, Gipuzkoan kasu bat detektatu eta gero. Euskaditik kanpo bizi den 41 urteko gizon bat da eta iragan apirilaren 5ean iritsi zen Gipuzkoara. Ondoezik egon eta osasun zentro batera bertaratu zen, zeinaren laborategiak positiboa baieztatu baitzuen. Horrexegatik, kutsatze berriak saihesteko aurreikusitako jarduketak abiarazi dira, isolamendu-neurriak aplikatuz eta kontaktuen ikerketa egiteari ekinaz.

Jasotako epidemiologia-datuen arabera, lehen sintomak bidaia egin aurretik agertu zituen gizonak eta kutsatzea, ondorioz, Euskaditik kanpo gertatu zen.  

Osakidetzak, bitartean, normaltasunez jarraitzen du iragan martxoaren 23an Astigarragako sagardotegi batean egon ziren bezeroen arteko kontaktuen ikerketa eginaz, mahaikideen artean elgorria duen gaixo bat zegoela baieztatu eta gero. Ez dago inolako loturarik bi kasuen artean. Komunean duten bakarra da kutsatzea Euskaditik kanpo gertatu zela eta kutsakortasun-epearen barruan Gipuzkoara egin zutela bidaia.

  1. urte honetan, sei elgorri kasu baieztatu dira Euskadin: Bizkaian lau; eta Araban beste bi.

Gogoratu beharra dago gaixotasuna izan ez duten edo behar bezala immunizatuta ez dauden pertsona guztiek gaitza eransteko aukerak dituztela. Euskadin, hain zuzen ere, Elgorriaren aurkako txertoa haurren txertaketa-egutegiaren barruan dago eta Txerto Hirukoitz Birikoaren (Elgorria-hazizurriak-errubeola) lehen dosiaren estaldura % 96,05 da; eta bigarren dosiarena, % 94,7. Estaldura horiek OMS erakundeak gomendatu dituen adierazleekin bat datoz.

Azpimarratu beharra dago, beste behin, zenbaitetan heriotza ere ekar dezaketen infekzio-gaixotasun larriak prebenitzeko txertoek duten garrantzia; bai eta egungo txertoen segurtasuna ere. 

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera honen bilakaeraren berri emango dute, neurri berriak hartzeko beharra egongo balitz.

 

Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 10a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau