Berriak Osasuna
Eu

Euskadi ari da, dagoeneko, Osasun Ministerioak gaur planteatutako Lehen Mailako Arreta sendotzeko neurriak ezartzen

2019.eko apirilak 10

Osakidetzak eta Euskadiko Osasun Sailak baliabide pertsonalak eta materialak sendotzea, osasun-pertsonalaren lana desburokratizatzea eta Eritzaintzaren eginkizuna sustatzea dituzte helburu

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gaur, Madrilen, Osasunaren Lurralde arteko Kontseiluan parte hartu du; kontseilua María Luisa Carcedo Osasun ministroak deitu du, lehen mailako arretaren berrikuntza aztertzeko.

Ministerioaren proposamenak entzun ondoren, Nekane Murgak adierazi du Lehen Mailako Arreta sustatzea bilatzen duen edozein ekintza “positiboa” dela arreta maila hau indartzea “premiazkoa” baita. Horrela, gogorarazi du Euskadik baduela lehen mailako arreta sendotzeko 35 ekintza zehatz dituen Estrategia. Nekane Murgak esan bezala, gainera, Osasun Ministroak aurkeztu dituen ekimenetako batzuk dagoeneko badaude euskal estrategian jasota, esaterako: Erizaintzaren egitekoa eta funtzioak sendotzea, desburokratizazioa edo medikuen agendak. Gainera, esan beharra dago Euskadik urteak daramatzala besteak beste honako neurri hauetan lanean: egiaztatutako eta eskainitako plaza-kopurua areagotzea, unibertsitatearekiko harremana, lehen mailako arretaren eta ospitale-arretaren arteko integrazioa, historia kliniko partekatua, ESIen sorrera etab.

Ministerioak gaur Euskadik bi hilez abian dituen ekintzak aurkeztu izanak erakusten du “Eusko Jaurlaritzak konponbideak bilatzeko eta lehen mailako arreta sendotzeko duen konpromisoa”, esan du Nekane Murga sailburuak. Gainera esan du Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiaren edukia zabalagoa dela eta zehatzagoa.

 

Hori horrela, apirilaren 12rako eta maiatzaren 17rako lehen mailako arretan dauden greba-deialdiak direla eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak hainbat aldiz erakutsi du mobilizaziorako eta grebarako langile guztiek duten eskubidea errespetatzen duela. Hala ere, Osasun Sailaren iritziz, grebaren bidea ez da egokiena; izan ere, mekanismoak daude martxan hura sendotzeko, Osasunaren Lurralde arteko Kontseiluan nabarmen geratu den bezala.

Zerbitzuan ahalik eta eragin txikiena izateko, Osakidetzak osasun-zentro, kontsultategi eta Etengabeko Arretako Gune bakoitzean jakinaraziko du ostiralean, apirilaren 12an, arreta ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera arautuko dela.

Euskadin lehen mailako arreta sendotzeko 35 ekintza zehatz

Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiak 35 ekintza zehatz ditu, guztira, antolakundea hobetzeko, baliabide pertsonalak eta materialak areagotzeko edo medikuntzako eta erizaintzako langileen lana desburokratizatzeko.

Nekane Murgak esan du Eusko Jaurlaritza irtenbideak bilatzeko ahalegin guztia egiten ari dela. Nabarmendu du langile-kopurua handitu egingo dela; 80 plaza baino gehiago familia-medikuntzan eta erizaintzan, asistentzia-eskari gehien duten zentroetan. Horrek Eusko Jaurlaritzaren aldetik 4,6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du.

Era berean, Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiak asistentzia-maila horren balioa handitzea du helburu, erizaintzaren profilaren zabalkundean sakontzea eta belaunaldien erreleboari heltzea, beste ildo estrategiko batzuen artean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak