Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegua sortzeko ezohiko planaren balantzea

2011.eko martxoak 18

 1.464 langilek eutsi diote kontratu bati edo kontratu berria lortu dute enplegua sortzeko ezohiko planean parte hartu ondoren

  • Entitate kontratatzaileen % 96k diote berriro parte hartuko luketela ezaugarri berberak dituen proiekturen batean

Guztira, gizarte-bazterkeriako arrisku-egoeran zeuden 5.612 langabek lortu dute enplegua azken urtean +Euskadi 09 planean aurreikusitako ezohiko laguntza-programari esker. Plana Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren babesarekin gauzatu zen 2009. urtearen amaiera aldean, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiarekin adostuta eta Eudel-Euskal Udalen Elkartearen laguntzarekin. 5.612 pertsona horietatik, %26,1ek (1.464 pertsonak) eutsi dioten beren kontratuari, edo kontratu berri bat lortu dute programa amaituta, eta orain lanean jarraitzen dute.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak planaren balantzea egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lana eta Berdintasunaren Batzordean. Ezohiko programa horren diru-laguntzak jaso dituzten kontratuak honako eremu hauekin lotuta daude: teknologia berriekin; energia berriztagarriekin; ingurumenarekin; zuntz optiko bidezko banda zabaleko azpiegitura berrien garapenarekin; birziklatzearekin; hezkuntza-arloko eta ikastetxeetako ekipamenduen mantentze-lanekin; kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzearekin; artea eta ondarea berreskuratzearekin; hurbiltasuneko edo gizartearentzako zerbitzuekin; eta landa-ingurunea berreskuratzearekin.

5.612 kontratuak nagusiki benetako langabezia-arazoak zituzten eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak zituzten taldeekin egin dira, hala nola gazteekin eta 45 urtetik gorakoekin, ikasketa-maila baxuena dutenekin, eta emakumeekin. Hasierako helburua zen kontratazioen % 30 gutxienez Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen zutenek baliatzea, eta datuek adierazten dutenez ehuneko hori % 34era iritsi da.

 

Gogobetetzea

Kontratatzaileen eta kontratatutakoen gogobetetasun-maila "oso handia" da, partaideen artean egindako inkestaren arabera. Horrela, kontratatutakoen % 51,3k planarekin "oso pozik" dagoela dio, eta % 3,2 "pozik" ageri da. % 91aren iritziz, era horretako laguntzak "garrrantzitsuak" edo "oso garrantzitsuak" dira.

Bestalde, entitate kontratatzaileen % 95 "pozik" edo "oso pozik" daude planarekin. Proiektuan parte hartzea "onuragarria" izan dela diote % 96k, ekimen berriak garatzeko aukera izan dutelako eta udalerriko pertsonak kontratatzeak ekonomian eta entitatean bertan "ondorio positiboak" izaten duelako.  Ildo beretik, entitateen % 96aren iritziz, berriro parte hartuko lukete antzeko aukera eskainiz gero.

 

Ezohiko planeko kontratazioen erradiografia 

  • Aginduaren indarraldiaren amaierara arte jasotako eskaerak (2010eko azaroaren 27) 514 izan dira, eta aurrekontu-zuzkidura 61.672.867 eurokoa izan da
  • 514 eskaera horiei esker 5.612 kontratu formalizatu dira, eta kontratu bakoitzak 1.884 euroko diru-laguntza jaso du hilean
  • Kontratuen batez besteko iraupena 174,93 egunekoa izan da
  • Kontratatuen % 34 Gutxieneko Errenta Bermatzeko hartzaileak ziren
  • 1.464 pertsonek luzatu dute hasierako kontratua, eta lanean jarraitzen dute egun
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko