Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Madrilen euskal ekosistema teknologikoak zibersegurtasunean dituen ahalmenak aurkeztu dizkie kidego diplomatikoari

2019.eko apirilak 11

Basque CyberSecurity Centrek eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak gaur goizean lan-topaketa izan dute, Madrilen, zenbait herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, Euskadiko ekosistema teknologikoak zibersegurtasunean dituen ahalmenak aurkezteko.

Topaketa Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan izan da, eta, bertan, Javier Diéguez Basque CyberSecurity Centre-BCSCko zuzendaria eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan dira, bai eta AEBko, Belgikako, Txileko, Mexikoko, Finlandiako, Frantziako, Italiako, Holandako, Kanadako, Hego Koreako, Malaysiako, Indonesiako, Japoniako, Arabiar Emirerrietako,  Brasilgo, Suitzako eta Omaneko enbaxadetako arduradun sektorialak ere.

Lan-topaketaren izenburua honako hau izan da: “Euskadi-Basque Country, industria-arloko zibersegurtasuneko aukeren lurraldea", eta, horren bidez, kidego diplomatikoko kideei Euskadiko ekosistema teknologikoak zibersegurtasunean dituen ahalmenak aurkeztu zaizkie, Estatuan aitzindaria eta Europan erreferente dela aintzat hartuta.

Europako Batzordeak, Europar Batasunean mehatxu berrien eta arriskuen eraginak murrizteko, zibersegurtasuneko estrategia ezartzen du eta horrek honako helburu hauek ditu: Europako askatasunaren eta demokraziaren balioak sustatzea eta ekonomia digitalaren hazkuntza segurua bermatzea. Euskadi ekosistema berezi gisa gailentzen ari da; bertan, zibersegurtasuneko teknologia diseinatzen eta garatzen da, eta Europako Batzordearen aurrean eta zenbait erakunderen aurrean, besteak beste EDA eta ENISAren aurrean, adibide gisa jarri izan dute. Ahalmen horiek oraintsu erakutsi dira, halaber, lehen mailako foroetan Estatu Batuetan, besteak beste MITen edo RSA Conferencen.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren bultzadari esker, Basque CyberSecurity Centre ezarri da, zenbait helbururekin, esaterako: alde batetik, industrian zibersegurtasuneko neurrien aplikazioa sustatzeko asmoa, batik bat euskal ekonomiaren sektore estrategikoetan, heldutasun-maila areagotzeko eta, horrela, zibermehatxuen aurrean babestuago egoteko eta, aldi berean, abantaila lehiakorra izateko. Bestetik, Euskadin duela 20 urte hasi zen zibersegurtasunaren sektorearen hazkuntza sustatzea eta bultzatzea da helburua. Duela 20 urte hasi zen, gaur egun Espainian oraindik ezagunenetakoak diren konpainiarik beteranoenak sortu zirenean: Panda Security eta S21sec. Konpainia aitzindari horietatik aurrera, ekosistemak hazten jarraitu du eta, horrela, Euskadik gaur egun Espainiako zibersegurtasuneko start up-en herena du, eta beren teknologia ekoizten duten enpresa-kopuru garrantzitsua. Espainian parekorik ez duen eta Europan paralelotasun gutxi dituen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea izateak ere sendotu egiten du hura. 

Gainera, Euskadi eta bertako industria bazkide arduratsu eta konfiantzazko gisa aurkezteko asmotan, BCSC erantzun-talde publiko gisa (CSIRT) eratu da eta mundu osotik zabalduta dauden CSIRT publiko eta pribatuko zenbait sarerekin dago konektatuta: dagoeneko CSIRT.es-en kide da, TF-CSIRT-ena, eta homologatuta dago FIRST foro globaleko eskubide osoa duen kide gisa; FIRST Zibersegurtasuneko Gorabeherei Erantzuteko Ekipoen Zentroen munduko foro nagusia da. Euskadik ordezkatzen ditu, gainera, European Cyber Security Organisation-eko edo ECSOko (https://www.ecsorg.eu) Partnership Board-en Europako Lantaldeak, eta Global EPIC (https://globalepic.org) zibersegurtasuneko ekosistemen nazioarteko aliantzako parte da.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Euskadi aukera-lurralde gisa ageri da zibersegurtasunaren eremuan, bilatzen den helburua edozein dela ere. Inbertitu nahi dutenentzat enpresa interesgarriak daude, bai eta abangoardiako zibersegurtasuneko teknologia ere beren industrien lehiakortasuna hobetu beharra dutenentzat, eta ekosistema osoa eta atzerriko konpainiak ezartzeko bide ematen duen Gobernua, horiek jasangarri eginez, eta digitalizazio-maila altuko fabrikazio aurreratuko industria, zeina teknologia ekoizten duten beste ekosistema batzuentzako bezero izan bailiteke. Euskadik oraintsu zenbait sari jaso ditu The Financial Times Strategy Awards-en eskutik, mundu osoko enpresa-garapeneko 171 agentziaren artean: “Start-ups and SME Support”eko lehen saria, BIND 4.0-gatik; Eskualdean finkatuta dauden kanpoko enpresentzako “Aftercare”ren lehen saria; “Incentives”en bigarren saria, eta “Projects of major interest”en bigarren saria, Viralgen-engatik.

Gaurko topaketa Madrilen Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko ordezkarien artean egiten ari diren topaketen ohiko egutegikoa da; horren bidez, gobernuak legegintzaldi honetarako dituen plan eta ekimen estrategikoen berri eman nahi da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak