
Giza Garapena eta Hazkunde Jasangarria uztartzen dituen eredu bat elkarrekin indartzeko gonbidapena luzatu du Lehendakariak
ELKARGlk antolatutako “Etorkizunaz mintzatzen. 2015eko munduari buruzko solasaldiak” 30. Enpresa Topaketaren itxiera-ekitaldian parte hartu du Iñigo Urkullu Lehendakariak.
Bazkideen Batzar Nagusia dela eta, “Etorkizunaz mintzatzen. 2050eko munduari buruzko solasaldiak” 30. Enpresa Topaketa egin du ELKARGI SGRk, horizontea 2050. urtean jarrita. Etorkizuna norantz doan igartzea da asmoa, elkarrizketaren eta hausnarketaren bitartez.
Bere jardunean, Giza garapena eta Hazkunde jasangarria uztartzen dituen eredua elkarrekin indartzeko dei bat egin du Lehendakariak; hazkundea ahalbidetu eta garapena eta kohesio soziala bermatzen dituen eredua, etorkizuneko belaunaldiak hipotekatu gabe.
Lehendakariak gogora ekarri duenez, “gaurko” emaitzak Giza Garapen Jasangarriaren eredu propio baten fruitu dira, eredu partekatu batenak, Europar Batasunaren Estrategia 2020rekin eta Nazio Batuen Agenda 2030ekin eta Garapen Jasangarrirako 17. Helburuekin lerrokatuta. Iñigo Urkulluk azaldu duenez, eredu horrek barnean hartzen ditu “Enplegu eta Berrindartze Plan” bat, ekonomia produktiboaren erabakiak hartzeko funtsezko eremuetan inbertsio eutsia konprometitzen duena, eta “basque industry 4.0” Programa bat, sektore industriala irmotzen laguntzen duena.
Lehendakariak adierazi duenez, hain zuzen ere testuinguru horretan ezartzen da Herrialde gisa ditugun erronka globalei zuzendutako erantzuna: hezkuntzaren erronka; demografikoa eta gazteen aldeko apustua; berrikuntza eta digitalizazioa; Euskadi-Basque Country markaren nazioartekotzea. “Herrialde-erronka horiei erantzuteko beharrezkoa da proiektu partekatu bat gure egitea eta lankidetzaren alde apustu egitea: “auzolana””, adierazi du.
Etorkizunari begira, Berrikuntza eta Nazioartekotzea nabarmendu ditu bereziki Lehendakariak. Iñigo Urkulluk esandakoaren arabera, berrikuntza funtsezko inbertsioa da hazkunde jasangarria eta kalitateko enplegua irmotzeko. “Berrikuntzarako baliabide publikoen % 5 gehitzeko konpromisoa betetzen ari gara”, gaineratu du. Gainera, “Euskadi Basque Country 2020” nazioartekotze Estrategiaren barruan, Lehendakariak adierazi duenez, nazioartekotzea enpresen munduarekin, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta clusterrekin partekatzen dugun erronka bat da. “Jarraitasuna eman behar diogu Politika Ekonomiko horri, kontuan izanik apustu egiten duela ekonomia ireki baten eta esportatzeko eta kanpoko merkatuetan ezartzeko gai den enpresa-sare baten alde”, zehaztu du.
Testuinguru horretan, bost Helburu ekonomiko nabarmendu ditu Lehendakariak, instituzio publiko guztiek eta ekimen pribatuak lehentasuna eman dietenak: 2020rako Europar Batasuneko Barne Produktu Gordin per capitaren % 125 lortzea, 2020an langabezia-tasa % 10etik behera murriztea, 20.000 gazteri lehenengo lan-esperientzia bat ahalbidetzea, 100 berrikuntza-proiektu estrategiko martxan jartzea, eta Defizit Publikoarekiko Europaren Konpromisoari eustea. Lehendakariak esandakoaren arabera, helburu horietan zein neurritan egiten den aurrera, hori da euskal ekonomiaren eboluzioaren adierazlerik onena.
Donostiako Kursaal jauregian egin da ekitaldia, eta bertan izan dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu, eta Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San José. Eta haiekin batera, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza, eta Donostiako alkate Eneko Goia.