Eu

Eusko Jaurlaritzak, Itelazpirekin lankidetzan, banda zabal ultralasterra beste 82 landa-eremutara ere eramateko programa zabaldu du (Gobernu Bilera 2019-04-09)

2019.eko apirilak 09
  • Gobernuak eta telekomunikazioen sozietate publikoak hitzarmena berritu dute Euskadin erabateko konektibitatea izateko programa luzatzeko 

Gobernu Kontseiluak, gaur, “Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Itelazpi S.A. sozietate publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena, 2019-2020 ekitaldietarako Euskadiko biztanle-nukleoetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak zabaltzen laguntzeko programaren kudeaketarako hitzarmena onetsi du. Horrela, Itelazpi S.A Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietatea izango da erakunde laguntzailea banda zabala Euskadin biztanle gutxien duten beste 82 landa-eremutara zabaltzeko laguntzak kudeatzeko.

Horren bidez, 2017aren eta 2019aren artean lan bera egitea helburu zuen hitzarmena berritu da. Programa hartan, 391 “gune zuri” ezabatu ziren, % 72 Araban, askotan isolatuta dauden eta, telekomunikazioen azpiegiturarik ez dutelako, operadore pribatuek inbertsioak egiteko erakargarritasunik ez duten biztanle-nukleoak eta landa-eremuak.

EUSKADIKO 2020KO AGENDA DIGITALA

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Euskadiko 1.700 eraikin publikoetan, parkeetan, poligonoetan eta industria-arloetan eta biztanle-nukleo guztietan banda zabala gaitzeko dituzten baterako jarduketa koordinatuez gainera, orain belaunaldi berriko banda zabaleko sareak Euskadiko biztanle-nukleoetan zabaltzeko laguntzak ere badaude.

Eusko Jaurlaritzaren proiektu handi eta estrategiko hau 2016an onetsitako Euskadiko Agenda Digitala 2020agendan sartzen da. Eusko Jaurlaritzak edozein biztanle-nukleotan bizi diren pertsonen eta enpresen konektibitatea hobetzeko apustu argia egin du, nukleo horietako biztanle-kopurua eta dimentsioa zein den aintzat hartu gabe. Helburu nagusia ikastetxe, enpresa eta etxeen konektibitatea hobetzea da, Euskadi lurralde adimendun gisa finkatu ahal izateko, Smart Country finkatzeko.

Era berean, programa honen bidez, Euskadik “Europako Agenda Digitala 2020” agendan ezarritako helburuak bete ahalko ditu; bertan, belaunaldi berriko banda zabala (gutxienez segundoko 30 Mbp) biztanle guztietara unibertsalizatzea ezartzen du, eta 2020rako biztanleen % 50ek segundoko 100 Mbp-tik gorako abiadurako banda zabal ultralasterreko zerbitzu kontratatuak izan ditzan lortzea.

2020 HITZARMENA

Gaur Gobernu Kontseiluak onetsi duen akordioak ezartzen du Itelazpi S.A. sozietatea arduratuko dela honako alderdi hauez:

  • Aurkeztutako proiektuen dokumentazioa aztertzea eta, beharrezkoa bada, hura egoki ulertzeko eta aztertzeko beharrezkoa den dokumentazioa eskatzea.
  • Proiektuak ebaluatu eta Ebaluazio Organoari bidaltzea.
  • Laguntzak proposatzea eta Ebaluazio Organoari bidaltzea.
  • Ikuskaritzak egitea, proiektuak betetzen direla egiaztatzeko.
  • Eskatutako aldaketen irismenari buruzko txostenak egitea.
  • Hala badagokio, proiektuaren betearazpenaren inguruan dauden gorabeherak betetzen ez direlako espedientea hasteko proposamena egitea.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko