Eu

Animalien elikaduraren sektoreko Euskadiko establezimenduen erregistroa eta kontrola arautuko ditu Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2019-04-09)

2019.eko apirilak 09
  • Animalien elikadura funtsezko oinarria da elikagaien segurtasuna bermatzeko, elikagaien ekoizpenaren kateko lehen kate begietako bat da-eta
  • Gaur egun animalien elikaduraren sektoreko 335 enpresa daude guztira Euskadin, eta horietatik 128 Bizkaian daude, 114 Gipuzkoan, eta 93 Araban 

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak proposatuta, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Animalien Elikaduraren sektorearen Erregistro eta Kontrol Ofizialari buruzko Dekretua onartu du. Dekretuak, zehazki, animalien elikaduraren eremuko establezimenduen erregistroa arautzen ditu eta kontrol ofizialak antolatzen. Helburua da bermatzea pentsuak segurua eta osasungarriak direla, nekazaritzako elikagaien kateko lehen maila diren heinean, osasunaren babesean zuzeneko eragina dutelako. Horretarako, arau bakarrean biltzen ditu Euskadiko animalien elikaduraren kontrol ofiziala.

Animalien elikadura funtsezko oinarria da elikagaien segurtasuna bermatzeko, elikagaien ekoizpenaren kateko lehen kate begietako bat da-eta.  Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza Euskadiko pentsuen sektorearekin elkarlanean aritu da hainbat ekimen babesten, eta ahalegin horri esker posible izan da aurrera egitea, hobetzea eta segurtasunarekin konprometitutako sektorea edukitzea. Dekretu honen onarpena, hiru Foru Aldundien, erakunde profesionalen eta sektoreko elkarte eta erakundeen babesarekin egin dena, beste urrats bat gehiago da zentzu horretan.

Erregistroa publikoa izango da, eta www.euskadi.eus web orriko nekazaritzaren arloari dagokion atalean eskuragarri egongo dira establezimenduaren izena edo sozietatearen izena, helbidea, jarduera eta identifikazio zenbakia. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren mende dagoen Erregistro Orokorrarekin konektatuta egongo da, “Animalien elikadura establezimenduen erregistrorako sistema informatikoa” (SILUM) izeneko aplikazio informatikoaren bitartez.

2018ko datuen arabera, gaur egun animalien elikaduraren sektoreko 335 enpresa daude guztira Euskadin, eta horietatik 128 Bizkaian daude, 114 Gipuzkoan, eta 93 Araban. Dekretua hauei aplikatu beharko zaie:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan errotuta egon eta animaliak elikatzeko erabiliko diren lehengaiak, aurrenahasketak, pentsu konposatuak, botika pentsuak edo beste edozein produktu landu, merkaturatu, saldu eta garraiatzen dituzten edo horiekin lan egiten duten animalien elikaduraren sektoreko establezimenduak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan errotuta egon eta beren abereentzako pentsuak fabrikatzen dituzten abeltzaintzako ustiategiak.
  • Euskadiren lurralde eremuan fabrikatu, saldu, zirkulatu edo kontsumitzen diren animalien elikadurarako produktuak, baita botika pentsuak eta kokzidiostatoekin eta histomonostatoekin fabrikatutako pentsuak ere.
  • Orokorrean, indarreko araudiaren arabera Dekretuaren bidez sortuko den Erregistroan sartu behar den edo kontrol ofiziala igaro behar duen edozein establezimendu edo enpresa.

Dekretu honen aplikazio eremutik kanpo geratzen dira indarreko araudiak albaitaritzako botikatzat jotzen dituen produktuak eta produktu horiei lotutako industriako edo merkataritzako jarduerak, bai eta pentsuen ekoizpen primarioa ere.

Baimen eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bitartez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektronikoan jasoko dira. Galdetegia www.euskadi.eus web orrian dago eskuragarri eta etengabe eguneratuta, nekazaritzaren arloari dagokion informazioan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko