Berriak Lehendakaritza
Eu

Josu Erkorekak: “Euskalteleko akziodun berriak Euskadin enpresak itsatsita dituen erroei, jarduerarekin eta enpleguarekin hartua duen konpromisoari eustea espero dugu”

2019.eko apirilak 09

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin batera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak adierazi duenez, Euskalteleko akziodun maioritarioak, Zedona britainiarrak, Euskadin enpresak itsatsita dituen erroak mantentzea nahi da. “Gure Herrialdearekin duen lotura”, zehaztu du. Zentzu horretan, adierazi du espero duela akziodun berriak mantentzea jarduerarekiko eta enpleguarekiko konpromisoa, oraingo lan-lerroa eta berrikuntza teknologikoaren aitzindaritzan egotearen aldeko apustua. Gainera, sailburuak argi utzi du oraingoz Eusko Jaurlaritzak ez duela enpresan berehalako ekintzarik ezartzeko asmorik. Erkorekak esandakoaren arabera, zuhurragoa, egokiagoa eta zuzenagoa da operazioaren hedadura aurretik ezagutzeko zain egotea.

Transferentziak

Transferentziei dagokienez, Erkoreka sailburua optimista agertu da. “Konfiantza dut martxan jarritako lanean eta hartutako konpromisoetan”, adierazi du. Hala, Erkorekak azaldu duenez, gaurko egunean zehar bi ordezkaritzek jarraitu egingo dute proposamenak trukatzen, eta espero da ponentzia teknikoaren inguruan bihar beste bilera bat egitea. “Bertan espero dut itxi ahal izango direla akordio guztiak Transferentzien Batzorde Mistoa biltzerako, datorren ostegunean”, gaineratu du.

Itsasertza Proiektua

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du “Itsasertza Proiektua” itsasoko kutsadura-egoerei aurre egiteko, bere eraginak arriskuak ekar baititzake pertsonengan eta ondasun materialetan. “Itsaso eta kostaldeetako kutsadura-egoera larriei aurre egiteko plan bat da, larrialdi-egoera kritikoa sorrarazten duten egoerei”, adierazi du. Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, planak ondokoak ezartzen ditu: jarduteko aurreikusitako prozedurak, kontingentziarik gertatuz gero aurrera eraman behar diren protokoloak, eta berehala erantzuteko neurriak kalte berriak prebenitu eta saihesteko, eta jadanik sortutakoak konpontzeko.

GRANDE AMÉRICA kargaontziak hondoratzean isuritako fuela iristeko arrisku posiblearen aurrean, sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak komunikazio zuzena mantentzen jarraitzen du arlo horretan eskumena duten estatuko erakundeekin; eta oraingoz, ez da aktibatu beharrik izan arriskugarritasunaren eta zaurgarritasunaren analisi espezifikorik euskal itsasertzean izan dezakeen eraginari buruz. “Probabilitatea txikia da gure kostaldean kutsaduraren agerraldi larririk izatekoa”, gaineratu du.

Birziklatze Dekretuak

Bestalde, Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak garrantzizko bi Dekretu onetsi ditu birziklatzea bultzatzeko eta ekonomia zirkularraren kulturan aurrera egiteko. Lehenengo Dekretuak eguneratu egiten du hondakin industrialen araudia eta, sailburuak adierazi duenez, arku elektrikoko labeetan altzairua fabrikatzetik sortutako hondakinen garrantzia nabarmentzea da helburua. “Berrerabiltzeak murriztu egiten du material berrien erauzketa eta hondakinen isurketa”, adierazi du. Bigarren Dekretuak konpostajerako instalazioak eta jarduerak arautzen ditu. Bozeramaileak azaldu duenez, etxeetan sortutako bio-hondakinak konpostatzeko instalazioek bete behar dituzten baldintzak ezartzen dira.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak