Berriak Osasuna
Eu

Nekane Murga: "ariketa, elikadura osasungarria eta ohitura osasungarriak dira osasuna zaintzeko errezetarik onena"

2019.eko apirilak 07

“GETXOTIK OINEZ BIZI”, VII. EDIZIOA

Ariketa fisikoa, elikadura osasungarria eta bizi-ohitura osasungarriak osasunerako neurri onenak dira, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan duenez. Sailburuak, gaur goizean, Getxotik Oinez Biziren VII. edizioan parte hartu du; herri-paseo bat da eta urtero egiten da Bizkaiko udalerrian, Jarduera Fisikoaren Mundu Egunean (apirilaren 6a) eta Osasunaren Mundu Egunean, gaur, igandean, apirilaren 7an.  

Ibilbidea jai-giroan egin da eta ibilbidea bera amaitzean, Nekane Murgak esan du jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak, pertsona bakoitzera egokitutako intentsitatearekin, zenbait gaixotasun jasateko arriskua murrizten duela, besteak beste: kardiopatiak eta istripu kardiobaskularrak, II. motako diabetesa, hipertentsio arteriala, enboliak, koloneko eta bularretako minbizia eta nahasmendu mentalak.

Herritarrek beren osasunean gero eta inplikatuago egotea positiboki balioetsi arren, sailburuak esan du oraindik bide luzea dagoela egiteko. Euskadin, helduen heren batek baino ez du egiten ariketa fisiko nahikoa, osasun-egoera onean egoteko beste. Errealitate hori hobetzea 2013-2020 Euskal Osasun Planean aurreikusten dugun helburuetako bat da, hain zuzen ere.

Horretarako, eta Mugiment jarduera fisikoa sustatzeko proiektuaren esparruan, paseo osasungarriez gainera –gero eta euskal udalerri gehiagotan egiten dira–, beste ekimen batzuk ere dira azpimarratzekoak, besteak beste: Mugieragin, osasun- eta kirol-arloko profesionalak jarduera fisikoaren agente sustatzaile gisa inplikatzeko eta zenbait udalerritan jarduera fisikoan orientatzeko zerbitzuak bultzatzeko; Aktibatu, Gomendatu Osasuna - online prestakuntza-programa, lehen mailako arretarako taldeetako profesional sanitarioei zuzenduta (Erizaintza eta Medikuntza); edo Mugibili, herritarrei zuzendua, oro har, ibiltzeko jarduera sustatzeko.

         Ildo beretik, pasa den otsailean, Osasun Sailak Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko SANO Estrategia aurkeztu zuen, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko, eta hura Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2018an abian jarri zuen Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen Planarekin dago lotuta.

 

 Osasun sailburuak Osasunaren Mundu Egunaren testuinguru globala ere aipatu du; aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) osasun-estaldura unibertsalera bideratu du, eta azpimarratu du, gaur egun, milioika pertsonak jarraitzen dutela mundu osoan osasun-arreta jasotzeko funtsezko eskubideaz gabetuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak