Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aldebiko bilera egingo dute bihar, aste honetan bertan eskualdatu beharreko lau transferentziak ixteko

2019.eko apirilak 07

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du, asteburuan harremanetan jarraitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak biharko, astelehenerako, bideokonferentzia bidezko bilera bat egiteko konpromisoa hartu dutela, lehen 4 arloetako gaiak ixteko helburuarekin. Erkorekak nabarmendu du datorren astean Transferentzien Batzorde Mistoa biltzeko konpromisoa hartu duela Gobernu Zentralak. Sailburuak azaldu duenez, bi gobernuen helburua da, bihar gai guztiak ixten badira, Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera formala ostegunean bertan egitea, hauteskunde-kanpainari hasiera eman aurretik.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak argitu du negoziazioan aurrerapen handiak egin dituztela, baina oraindik ere ebatzi gabe daudela balorazio ekonomikoarekin lotzen diren alderdi batzuk. “Negoziazioa aurreratuta dago, gaiak ixteko eta ebatzi gabeko alderdiak ebazteko astelehenean egingo dugun bileraren mende”, eman du aditzera. Ildo horretan, Erkorekak nabarmendu du transferentziak ez direla errazak, baina Gobernu Zentralak jarrera positiboa duela denbora luzez blokeatuta egon den transferentzia-prozesua indartzeko. “Jarrera hori ari gara baliatzen orain”, erantsi du.

Sailburuak nabarmendu du biharko bileraren bultzada erabakigarria izan daitekeela lehen lau transferentzia-gai horiek aste honetan bertan behin betiko likidatzeko. “Lan-plangintzan jasotzen diren gainerako gaiak hurrengo asteetan eta hilabeteetan gauzatu ahal izatearen zain, jakina”, adierazi du.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak aditzera eman duenez, hauteskundeen ondoren sortzen den Gobernua edozein izanik ere, Eusko Jaurlaritzak Gobernu horri eskatuko dio egungo Gobernuak Eusko Jaurlaritzari igorri dion lan-plangintza betetzea. “Gobernuen arteko erlazio horri eutsi behar zaio; Gobernu batek bestearekin hartzen duen konpromisoa da”, nabarmendu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)