Eu

Ingurumen Sailak abian jarri du INGURUNET, ingurumen-kudeaketari buruzko informazio eta tramitazio-sistema berria

2019.eko apirilak 10
  • Tresnaren helburua da herritarrek, enpresek eta udalek euskal Administrazioarekin egin beharreko ingurumen-kudeaketa guztiak sinplifikatu eta bizkortzea.
  • Azken lau urteotan, Ingurumeneko Sailburuordetzak egindako komunikazio eta izapideak % 68 hazi dira; 6.063 kasutatik 10.182 kasutara pasa dira.

INGURUNET jarri da abian, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen-kudeaketari buruzko Informazio eta Tramitazio Sistema berria. Tresna horren helburua da ingurumen-gaiei buruzko prozedura administratiboak elektronikoki tramitatzea eta administrazio publiko, erakunde eta enpresen artean ingurumen-izapideen betebeharrak betetzeko beharrezkoa duten dokumentazioa elkartrukatzea.

Tresna abian jartzearekin batera, Ingurumen Sailburuordetzak jardunaldi informatiboa antolatu du, eta bertara deitu dira enpresa eta udaletako 300 ordezkari baino gehiago. Hitzordua bihar izango da, apirilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzako auditorioan. Bertan, Elena Moreno sailburuordeak emango du tresnaren ezaugarri, erabilgarritasun eta berritasun nagusien berri.

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-alorrak espediente kopuru handia tramitatzen du, eta kopuru hori hazten doa urtez urte, hein handi batean, alorrean eskumena duten administrazio ezberdinek ezarritako araudi eta kontrolak hazi egin baitira, bereziki Europar Batasunetik igorri diren zuzentarauen ondorioz. Azken lau urteotan, Ingurumen Sailburuordetzak egindako komunikazio eta izapideak % 68 hazi dira; 2015eko 6.063 kasutatik 2018ko 10.182 kasutara pasa dira.

Azpimarratzekoak dira, duten garrantziagatik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteen izapideak, ia hirukoiztu egin baita horien kopurua (193tik 527ra pasa dira), baita airearen kalitatearekin lotutakoenak ere (2018an 480 izan ziren, eta 2015ean 86) eta lurzoruaren kalitateari buruzkoenak ere (2015ean 1.147 ziren eta 2018an 1.720). Ildo horretatik, adierazi behar da Plan eta Proiektuak Ebaluatzeko Dekretu berri bat garatzen ari direla, baita lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko legea garatuko duen Lurzoruen Dekretua ere.

INGURUNET tresnaren helburu nagusienetako bat da, hain zuzen ere, herritarrek, enpresek eta udalek euskal Administrazioarekin egin beharreko ingurumen-kudeaketa guztiak, ahal den heinean, sinplifikatu eta bizkortzea, egun ez baita hori gertatzen.

Sistema berria datozen egunotan jarriko da abian, eta honako modulu hauek izango ditu:

  • Jarduera sailkatuak: horren bidez EAEko udal guztiek ingurumen-organo autonomikoari neurri zuzentzaileen txostena eskatzeko aukera izango dute, ondoren jarduera sailkatuaren udal-baimenak igortzeko.
  • Natura Ondarea: edozein pertsona fisiko zein juridikok, publiko edo pribatuk, eskatu ahal izango du Red Natura 2000 ekimenaren baitako espazioei buruzko eragin-txostenak, proposatzen diren jardueren arabera.
  • Kutsaduraren prebentzio eta zuzenketa bateratua: araubide hori bete beharreko enpresa guztiek baimen bateratu berri guztiak tresna horren bidez izapidetzeko aukera izango dute, ingurumen-organoak ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurrien arabera jarduerari hasiera emateko.
  • Etiketa ekologikoa: edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk, ingurumen-ondorio txikiagoa egiaztatzen duen produktu edo zerbitzuari dagokion etiketa ekologikoa eskatu ahal izango du.

INGURUNET tresna eskuragarri dituen prozedura-katalogoa eguneratzen joango da, pixkanaka, gaur egun lks sistemaren bidez izapidetzen diren moduluak behin betiko “itzaltzeko”. Laster gehituko da, baita ere, ingurumen-ebaluaziorako eta kutsatutako lurzoruen ebaluaziorako araudiaren ondoriozko ingurumen-baimen bateratuak eta prozedurak aldatzearen ondoriozko izapideak egiteko aukera.

Tresna abian jarri eta garatzeari esker, ingurumen-kudeaketari buruzko prozedura administratibo guztiak elektronikoki tramitatu beharko dira.

Informazio gehiago

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ing_bizkaia
    2019.eko apirilak 10

    Comentario de Twitter:
    Nuevo sistema de información y tramitación de los expedientes sobre cuestiones ambientales - https://t.co/fPNAFuHF7Y https://t.co/tUAgtZYoXK

Ekitaldiko kargudunak