Berriak Osasuna
Eu

Gales eta Singapurreko nazioarteko ordezkaritzek bisita ofiziala egin dute Osakidetzara

2019.eko apirilak 04

Bisitek zerikusia dute “ICIC19 San Sebastian-Basque Country” izenburupean Kursaalen egin den arreta integratuari buruzko urteko 19. biltzarrarekin

Arreta integratuari buruzko “ICIC19 San Sebastian-Basque Country” urteko 19. biltzarra dela-eta Donostiara etorritako Galesko eta Singapurreko nazioarteko ordezkaritzak Donostiako Unibertsitate Ospitalean, Mendaroko Ospitalean eta Bidasoko ESIan izan dira, Osakidetzako Erakunde Sanitario Integratu horien proiektu erreferentzialak bertatik bertara ezagutzeko.

Besteak beste, ordezkaritza horiek honako gai hauei buruzko proiektuak ezagutu dituzte: integrazio asistentzialaren abordatzea, zainketa aringarrien unitateak, paziente kroniko eta onkologikoentzako arreta integratuaren ereduaren garapena, eta gizarte-osasunaren eredua eta esku-hartze komunitarioa. Halaber, arreta integratuaren sistemaren iraunkortasunerako eta hobekuntzarako MAPAC (Jarduera Asistentzial eta Klinikoaren Egokitasunaren Hobekuntza) bezalako esperientziak ere aurkeztu dira.

Honako beste gai hauek ere aztertu dira bisita horietan: emakumearen erditze- eta arreta-ereduak; kronikotasunaren abordatzea arlo soziosanitarioan; arretaren jarraitutasuna erakunde sanitario integratuaren ikuspegitik, eta zainketen bikaintasuna; erorikoak; ultzerak eta amagandiko edoskitzea.

Bihar nazioarteko beste bi ordezkaritza Araba ESIa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa eta Kronigune bisitatzen izango dira.

Nazioartean interes handikoak diren bisita hauen bidez parte hartzaileei Euskadiko integrazio asistentziala eta koordinazio soziosanitarioa bertatik bertara ezagutzeko aukera eman nahi zaie.

Arreta integratuari buruzko “ICIC19 San Sebastian-Basque Country” urteko 19. biltzarrak nazioartean interes handia piztu du; izan ere, izen-emate gehienak atzerriko hainbat herrialdetakoak izan dira, eta biltzarreko saioetan nazioarteko maila goreneko adituek parte hartu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau