Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Askatasunen "Rafael del Riego" saria jaso du

2011.eko martxoak 18

Lehendakaria Tuñara (Tineo, Asturias) joan da, han egin baita sari horien zazpigarren edizioa, eta askatasunaren aldeko borrokan egin duen ekarpena aintzatetsi da

“Oraindik ez dugu lortu aske izatea, ETA existitzen den bitartean ez baita askatasunik egongo”, onartu du lehendakariak. Horrez gain, “aurrerapen asko lortu ditugu: orain plazetan ez dugu etarren aldeko kartelik ikusten, orain biktimen eta mehatxupean bizi diren pertsonen aldeko babesa ikusten da; lehen, ordea, isiltasuna baino ez zegoen”.

Lehendakariak askatasunaren aldeko borrokaren saria “Euskadin, mehatxupean bizi diren arren eta agresioak jasan badituzte ere askatasunaren eta demokraziaren alde pauso bat ere atzera eman ez duten pertsonei” eskaini die. Horrez gain, “etengabeko bereizkeria eta liskarra atzean utzi eta autogobernua gizartearen eta herritarren zerbitzura jartzea eta terrorismoa garaitzear egotea posible izatea egin duten pertsona guztientzat da” gehitu du. Lehendakariaren hitzetan, “ETA orain inoiz baino ahulago egoteaz gain, ETA garaituta dago”. Talde terroristak indarkeriaren bidez “inoiz ez duela ezer lortuko” badakiela eta horregatik “demokratok irabazi dugula” esan du.

“Rafael Riego” Askatasunen Saria Tineo eta Cabezas de San Juan (Sevilla) herriek ematen dute. Bi herriak anaituta daude Rafael del Riego Tineon jaio eta 1812ko Konstituzioa Cabezas de San Juanen aldarrikatu zuelako. Gaur 2010eko saria entregatu da eta Patxi López lehendakariari eta Euskadiko PPren presidente Antonio Basagoitiri eman diete.

Lehendakariak esan duenez, sari bat jasotzen denean, egindako lana aintzatesten da, eta “politika duin bihurtzeko” balio du. “Politika da bizitza erabakitzeko, etorkizuna zehazteko eta hobetzeko, daukagun armarik duinena”.

Lehendakariak saria “pozik eta hunkituta” jaso du. Esan duenez, ekitaldira “sentimenduek gidatuta” joan da, eta lehendakariak gogorarazi du haurtzaroan eta gaztaroan Tuñan egon zela. Hori dela eta, “DNAn Tuñaren zatitxo bat dut, nire identitatearen parte da, nire bizitzan eraikiz joan naizen identitatearen parte, Tuña bihotzean daramat”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)