Berriak Osasuna
Eu

Osasun sailburuak esan du onkologikoa osakidetzarekin lotu izana “beste aurrerapauso bat” dela, minbiziak eragindako heriotza tasa murriztu eta tratamenduak humanizatzeko

2019.eko apirilak 08

Hitzarmena sinatu zenetik, Erradioterapiako eta Onkohematologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea 2 zentroetako tumoreen batzordeen integrazioan aurrera egiteko modu gisa finkatu da, Gipuzkoako pazienteei asistentzia bakarra ziurtatzeko

Minbizia tratatzeko etorkizuneko eguneko ospitalearen beharrak zehaztu dira; ondorioz, Onkologikoaren eraikina birmoldatu eta farmazia handitu beharko dira

 

“Onkologikoa Osakidetzara lotzean, ahalegina, talentua eta ezagutza batu ditugu, Gipuzkoaren eta euskal gizarte osoaren osasunaren eta ongizatearen onerako”.

Hala ziurtatu du gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean egin duen agerraldian; bertan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak pasa den abenduaren 27an sinatu zuten lotura-hitzarmenaren edukiaren eta helburuen berri eman du. Sailburuak nabarmendu du lotura horrek aurrerapausoa dakarrela “prestazioaren kalitatearen hobekuntzan eta pazienteei tratamendua emateko prozesuaren humanizazioan”.

Nekane Murga sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak lagunduta, akordioa 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoaren testuinguruan sartu du. Plan hori ari da herrialde osoan dagoeneko arreta integraleko, integratuko, pertsonalizatuko eta koordinatuko eredua zabaltzen, eta arreta onkologikoan tartean diren baliabide eta erakunde guztien arteko sareko lankidetzan sakontzen du. Hori guztia, biziraupena hobetzeko eta paziente onkologikoen bizi-kalitatea hobetzeko helburu bikoitzarekin.  

Minbizia, gaur egun, Euskadin heriotza-kausa nagusia dela gogorarazi du Nekane Murgak. Hori dela eta, horri aurre egitea Eusko Jaurlaritzaren agendaren “lehentasun”etako bat da. Gaur egun, urtean 13.500 minbizi-kasu berri diagnostikatzen dira Euskadin, eta, pixkanaka tratamendu berritzaileak sartzen doazenez eta teknikak hobetzen doazenez, Osakidetzako profesionalek, beren lan onaren bidez, biziraupena nabarmen areagotzea lortu dute. Gaur, biziraupen-tasa 52,2koa da gizonetan eta % 59,9koa emakumeetan; horrela, estatuko eta Europako tasak gainditzen dira.

Sailburuak azaldu duenaren arabera, Osakidetzaren eta Onkologikoaren arteko sinbiosiak pazienteentzako arretaren hobekuntza nabarmena dakar, beren profesionalen giza kapital handiari esker. Zehazki, Gipuzkoako lurralde osoarentzako ospitale onkologiko handi horri esker; gainera erreferente bilakatuko da, asistentziaren ikuspegitik ez ezik, ikerketa onkologikoaren eremutik ere.

 

Hitzarmena sinatu denetik eman diren urratsak

Horretarako, hitzarmenak ezartzen du, Osakidetzako osasun-zerbitzuekin integratutako funtzionamendua lortzeko, Onkologikoa osasun-zentroak bere jarduerak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren plangintza-erabakietara egokitzeko. Horrela, hitzarmena sinatu denetik, honako puntu hauetan eman dira aurrerapausoak:

Pasa den urtarrilean, Gipuzkoan Osakidetzaren arreta onkologikoan aurrerapenak onesteko eta kudeatzeko Organo Errektore arduraduna eratu zen.

Dagoeneko martxan dago Erradioterapiako eta Onkohematologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea, Biodonostiaren barruan. Saiakuntza klinikoak, beraz, Osakidetzaren barruan kudeatzen dira, praktika kliniko integratuko eredu batean oinarrituta; horren jarduketak autonomiaren, eraginkortasunaren, efizientziaren eta zerbitzuen kalitatearen printzipioen arabera arautzen dira. 

Gainera, 2 zentroetako tumoreen batzordeak integratzeko lanean ari da, bai eta Osakidetzatik Onkologikoan ospitaleratutako pazientearen beharrei erantzuteko egoeren diseinuan ere. Hori horrela, batera ari dira lanean zenbait espezialitatetan, besteak beste: kardiologia, otorrinolaringologia, bularraldeko kirurgia, neurokirurgia etab.

Jarduketa horien bidez, Gipuzkoako pazienteek antzeko asistentzia jasotzea ziurtatzen da, beren beharretara egokitzen dena, arreta ematen dien zentroa gorabehera; izan ere, zerbitzu-zorroa bera da, bai eta sarbidea ere, zerrenda bakarra baitago. 

Gainera, euskal herritarren historia kliniko elektronikoa bateratzeko sendo ari da lanean, Onkologikoaren erabateko asistentzia-integrazioa lortzeko beharrezko urratsa baita 

 

Hurrengo urratsak

Bi zentroetako profesionalen talde handi baten lanaren ondoren, minbizia tratatzeko etorkizuneko eguneko ospitalearen beharrak zehaztu dira. Proiektu hori oraindik diseinu- eta plangintza-fasean dago, eta, horretarako, Onkologikoaren eraikina birmoldatu eta farmazia handitu beharko da, aurreikuspenen arabera.

Organo Errektoreak behin betiko proiektua onetsi eta, ondoren, obrak esleitu eta amaitu ondoren, Onkohematologiako Kanpo Kontsultetan eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko eguneko ospitalean lan egiten duten profesionalen taldea Onkologikoaren eraikinera igarotzea aurreikusten da. Modu berean, farmazia-baliabideak sendotuko dira Onkologikoaren eraikinean, Donostiako Unibertsitate Ospitaletik.

 

 

2019ko apirilaren 8a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak