Eu

Bide Berdeen Europako VI. Konferentzia inauguratu du Isabel Muela sailburuordeak

2019.eko apirilak 04

Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelak inauguratu du gaur Bide Berdeen Europako VI. Konferentzia. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Bide Berdeen Europako Elkarteak eta Ferrocarriles Españoles-Vías Verdes Fundazioak antolatu dute eta Europa Jauregian egingo da apirilaren 4an eta 5ean.

Bide Berdeen Europako VI. Konferentziaren erakunde antolatzaileetako ordezkariak, Isabel Muela, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; Giulio Senes, Bide Berdeen Europako Elkarteko presidentea, eta José Carlos Domínguez Curiel, Ferrocarriles Españoles Fundazioaren zuzendari gerentea izan dira irekiera-ekitaldian parte hartu dutenak Gasteizko Europa Jauregian.

Sailburuak nabarmendu egin du sailak hartua duen konpromisoa turismo jasangarriaren aldeko estrategia bat eta tokiko ekintza-plan bat aurrera eramateko. Eta nabarmendu egin du turismoak baliabide bat izan behar duela daukagun ondare naturala kontserbatzeko (horren erakusgarri bikaina ditugu Bide Berdeak). Turismo antolatu, arautu eta planifikatu bat, ekoturismoaren printzipioetan oinarritua, lehiakorrak izateari utzi gabe. Gainera, gogora ekarri du Euskadik orain duen lidergo posizioa; izan ere, duela gutxi izan da aintzatetsia Espainiako Autonomia Erkidego lehiakorrena, Exceltur-en Monitur 2018ren arabera.

“Turismo Sailak urteak daramatza Bide Berdeak sustatzen lanean”, gogorarazi du sailburuordeak, “Euskadin eta Europa osoan era guztietako erabiltzaileentzako azpiegitura egokiak dituzten trazatu horiek ezagutzera eman eta haien interesa nabarmentzeko. Euskadik 10 Bide Berde ditu, 150 km-tik gorako hedadura hartzen dutenak”.

Bi egunetan, ibilbide horiekin lotutako interes turistikoko gaiak aztertu eta eztabaidatuko dira Konferentzian. Gaur, hauek izango dira aztergaiak: Europako, estatuetako eta eskualdeetako estrategiak, Irlandakoa eta Espainiakoa, besteren artean; ondare industrialaren eta Bide Berdeen balioa nabarmentzea Portugalen eta Belgikan, besteak beste; Bide Berdeen monitoretza eta bizikleta-turismoa Txekiar Errepublikan, Alemanian eta Gironan, besteren artean; eta sektore pribatuaren partaidetza produktu turistikoaren garapenean eta bizikleta elektronikoaren zabalkundean, Txekiako, Danimarkako eta Espainiako adituen partaidetzarekin.

Hurrengo egunean, apirilaren 5ean, ibilgailu motordunik gabeko ibilbideen kudeaketari eta sustapenari buruzko jardunen lehenengo blokeari hasiera emango zaio, eta bertan parte hartuko du Harkaitz Millánek, Basquetourreko zuzendariak, Euskadiko Bide Berdeen sustapena azaltzeko. Espainiako Bide Berdeek eta Danimarkako bizikleta-turismoak osatuko dute bloke hori.

Ondoren, mugikortasunari, intermodalitateari eta tokiko garapenari buruzko saioa izango da, eta Nafarroa, Erresuma Batua, Araba, Irlanda, Gipuzkoa eta Gasteiz izango dira aztertuko diren kasuak. Amaieran, debate bat izango da.

Europa, Girona eta Cádizeko Bide Berdeetako turismo irisgarriaren esperientziek eta genero-ikuspegiari eta Bide Berdeei buruzko mahai-inguru batek osatuko dute jardunaldiaren programa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak