Eu

“The Hemingway Basque Route”, ibilbide berri eta erakargarri bat bisitariarentzat

2019.eko apirilak 04
  • Hemingwayek Euskadira egindako bidaiak eta helmugarekin izan zuen erlazioa birsortzen dituzten 6 etapako ibilbide bat proposatzen dio bisitariari “Visit Euskadi” turismoko atariak.

  • “Touring” produktuaren Euskadiko bigarren ibilbide nagusia da, “The Basque Route”-ren ondoren.                     

“Visit Euskadi” turismoko atariak, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak kudeatuak, proposamen berri bat egiten du bidaiariak Euskadi zeharkatu dezan Ernest Hemingway idazle eta kazetariaren ikuspegitik.

Ibilbideak, “The Hemingway Basque Route” izenekoak, Pulitzer sariduna eta Literaturako Nobel izandakoa ezagutzera eman nahi du, joan den mendeko hogeiko urteetan bizitza osorako maitemindu zena paraje honetaz.

Proposamenak sei etapa biltzen ditu ‒2 ordu baino gutxiagokoa bakoitza‒ Euskadi osotik, eta hark egindako bidaiak birsortzen dituzte, pausoz pauso, argazkien eta leku horiek sorrarazi zizkioten sentsazioen bitartez.

Lehenengo etapa, "The Sun Also Rises / Festa", 35 km-koa da, eta Donostiatik Txingudira eramaten du bidaiaria. Bigarrena, "Handietako bat" izenekoa, 76 km-koa da, eta Gipuzkoako hiriburutik Eibarrera doa. Armagintzako herri horretatik abiatzen da hirugarren etapa, “Euskaldunak oso jende ona dira” izenekoa, eta Bermeoraino eramaten du bidaiaria.

"The Dangerous Summer / Uda arriskutsua" da laugarren etapari eman zaion izena, eta arrantzaleen udalerri horretatik abiatu eta 59 kilometro zeharkatzen ditu Bilboraino.

Bosgarren etapak, "Munduko gauzarik zibilizatuena" izenekoak, bi hiriburu lotzen ditu: Bilbo eta Gasteiz. 110 km-ko bidea, Hemingwayek hainbestetan egina eta ia bere horretan jarraitzen duena.

Eta azkeneko etapak berriz ere lotzen ditu bi hiri. Oraingo honetan, Gasteiztik Donostiara eramaten gaitu, N-1 zaharretik; idazle iparramerikarrak Bidasoa zeharkatu ondoren egin zituen bidaietan gehien erabilitako errepidea. 118 km dira, ardoaren paradisutik sagardoaren zeruraino, kulturaren eta ondarearen leku enblematikoak tartean direla.

“The Hemingway Basque Route”, zalantzarik gabe, plan hobezina da Euskadi modu lasai batean ezagutzeko, eta XX. mendeko idazle gailenetako baten pausoei jarraitzeko, kontuan izanik erabat maitemindu zela euskaldunen izaeraz eta kulturaz duela urte asko.

Euskadiko bigarren ibilbide nagusia da hau, bisitariek Euskadi osoa zeharkatzeko eta, modu horretan, beren batez besteko egonaldia luzatzeko diseinatua, hori baita “touring” produktu turistikoaren helburu nagusia. Lehena “The Basque Route” izan zen, 8 etapako ibilbidea helmuga osorik zeharkatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko