Berriak Lehendakaritza
Eu

Datorren astean emango dira 4 pauso berri Gernikako Estatutuaren betearazpenean

2019.eko apirilak 04

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, baldin eta datorren astean Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera egiten bada, eta atzo lortutako aurre-akordioetan oinarrituta, 4 pauso gehiago emango dira Gernikako Estatutuaren betearazpenean. “Gure erreibindikazioa da, gure konpromisoa, Espainiako Gobernuarekin hartua duguna, lan-plan batean eta egutegi batean oinarritua, zeina betetzen joan behar baiten”, azpimarratu du Lehendakariak. Zentzu horretan, Iñigo Urkulluk azpimarratu duenez, borondate hori transferentzia gehiagotan agertu behar da etorkizunari begira.

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, tasatutako konpromisoen kontu emango da Transferentzien Batzorde Mistoaren bileran, balorazio ekonomikoari dagokionez eta zentzu horretan kupo gisa egindako ekarpenetik kendu beharrekoa.

Gainera, Lehendakariak aitortu duenez, transferentzia jakin batzuk, batez ere arlo, funtzio, zerbitzu, langile edo gai ekonomikoei dagozkienak, Ministerio ugariekin negoziatu behar dira. “Prozesu konplexua da, prozesu luzea”, adierazi du. Zentzu horretan, 2019an zehar pakete desberdinetan jasotako transferentzien betearazpenean aurrera egiteko nahia adierazi du Lehendakariak.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, Moncloan izandako aurreneko bileratik planteatu zuen Autonomia Estatutuaren betearazpena, Gobernu Programaren gai nagusietako bat dela kontuan hartuta. Gainera, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzatik lan-plan bat eta egutegi bat eskaini dira, Legebiltzarrak landutako lan-planean oinarritua, eta joan den urtearen amaieratik ari dira lanean Espainiako Gobernuarekin Autonomia Estatutua bete dadin. “Guk lanean jarraituko dugu”, gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak