Eu

Lleidako Udalak Euskadi Lagunkoiak sustatzen duen “Establezimendu Lagunkoiak” programa egokitu eta editatu du

2019.eko apirilak 04

 

  • Lide Amilibia: “Programak gida bat jaso du eta horrek kostu gutxiko edo batere gasturik gabeko jardunbideak proposatzen ditu, enpresei urte gehien dituzten bezeroak erakartzen edo horiei eusten laguntzeko”

 

VG 04 04 19

Euskadi Lagunkoia sareko Establezimendu Lagunkoiak programak beste bultzada bat izan du, oraingoan Lleidako Udalaren eskutik, Paeria de Lleida izenez ezagutzen denaren eskutik. Erakunde horrek Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari programa jaso duen gida argitaratzeko eskatu dio eta, horretarako, bere beharretara egokitzeko. Aurretik, Valentziako Erkidegoak antzeko lana egin zuen gida berarekin, eta berea sortzeko baliatu zuen.

 

Euskadi Lagunkoia sarearen barruan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko establezimendu publikoetan lagunkoitasuna sustatzeko abian jarri duen programa da. Programak gida bat jaso du, saltoki eta jatetxe-lokaletara bideratuta.

 

“Programak eta gidak kostu gutxiko edo batere gasturik gabeko jardunbideak proposatzen dituzte, enpresei urte gehien dituzten bezeroak erakartzen edo horiei eusten laguntzeko”, azaldu du Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak. “Ekimen horren helburua establezimendu horiek guztientzat lagunkoiagoak izatea da eta, horretarako, adinekoen eta/edo mendekotasuna duten pertsonen beharretara egokitzea, beren bizitza ohiko ingurunean ahalik eta autonomia gehienez egiten jarraitu ahal izateko”.

 

Paeria de Lleidatik, Xavier Rodamilans alkateordea eta Pertsonen Eskubidearen aldeko Politiken zinegotzia harremanetan jarri da Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin, hirian programa hori kopiatzeko interesa adierazteko. Horretarako, proiektuaren udal-teknikari arduradunek gida-proposamena aurkeztu dute, eta horren oinarri gisa Euskadi Lagunkoia programa baliatu dute.

 

Euskadin, jatorrizko gidak establezimenduen kudeatzaileei zuzendutako aholkuak eta urratsak proposatzen ditu; horien bidez, merkatariek eta ostalariek beraiek beren lokalak espazio lagunkoi bilakatzea lortu nahi da eta, horrela, bezeroari arreta emateko zerbitzua hobetzea, langileak hobeto sentsibilizatuz. “Pertsona guztiei eta, bereziki, adinekoei kalitateko zerbitzua emateko urrats eta gomendioak dira. Horrela, adinekoek hainbat eremutan izan ditzaketen beharrizanak konpentsatzen dira: mugikortasun-galera, ikusmenaren gutxitzea, entzumenaren gutxitzea edo narriadura kognitiboa”, esan du Amilibiak.

 

Gidan, esaterako, honako gomendio eta urrats hauek jaso dira: sarrera lurraren maila berean ez badago, arrapala jartzeko aukera aztertzea; etxeko banaketa-zerbitzua aktibatzea; ate eta pasorako lekuetan espazio zabala uztea; argiztapen artifizial ona izatea;  musikaren bolumena jaistea; alfonbrak kentzea edo lurzoruan sartuta jartzea; bezeroek itxaron bitartean eserita egoteko aulkia edo bankua jartzea; ikusmen nekaturako betaurrekoak izatea edo ikusmen-zailtasunak dituztenek produktuen, informazioaren, menuen eta beste hainbaten zehaztapenak irakurri ahal izateko lupa bat izatea; argi hitz egitea eta behar beste aldiz errepikatzea; eta material inprimatua hobetzeko aholku batzuk, besteak beste.

 

Euskadi Lagunkoia Sarea

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Lagunkoia Sustraietatik programa sustatzen du, udal-inplikazioaren bidez, adinekoen ahalduntzea bultzatzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko. Sareak adinekoen eta herritarren parte-hartzea sustatzen du, Euskadiko udalerrietako auzo eta inguruneak hobetzeko, mundu guztia zahartu ahala beren bizitza egiten jarraitu ahal izateko. Lagunkoitasunetik abiatuta, hirigintzarekin, etxebizitzarekin, merkataritzarekin edo garraioarekin zerikusia duten ekintzak lantzen dira, besteak beste.

 

Sarea Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen ‘Age-friendly Environments Programme’ ekimenean oinarritzen da, eta Euskadi haren munduko erreferente da. Euskadin hiru lurraldeetako 61 udalerri daude atxikita, eta, horien artean, hiru hiriburuak: Donostia, Bilbo eta Vitoria-Gasteiz. 61 udalerri horietan, guztira, 344.998 adineko bizi dira; alegia, Euskadiko adinekoen % 71,3 Euskadi Lagunkoia Sarearen babesean dago.

 

Bestalde, Lleidako Udala 2016ko amaieratik OMEk sustatzen duen Adinekoekin Lagunkoiak diren Hirien Mundu Sareari atxikita dago.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak