Eu

Euskadiko gazteek urte osoan udako ordutegia izatea nahiago dute

2019.eko apirilak 04

Azken larunbatean (martxoak 30) ordubete aurreratu dugu erlojua udako ordutegira egokitzeko. Baina Europako Batzordeak 2021etik aurrera neguko eta udako ordutegien aldaketak kentzea proposatu du. Proposamen horrek gai honi buruzko eztabaidak sortu ditu Europar Batasuneko herrialde guztietan.

Horren harira, eta bere iritzia ezagutzeko, zer nahigo duen galdetu zaio Euskadiko biztanleriari: orain arte bezala, udaberrian eta udazkenean ordutegia aldatzen jarraitzea ala ordutegi aldaketa horiek kendu eta urte osoan ordutegi berdina mantentzea.

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean ez dago gehiengo zabala jarrera baten edo bestearen alde, baina gehiago dira ordutegi aldaketak kendu eta urte osoan ordutegi berdina mantentzearen aldekoak (% 43,7), orain arte bezala udaberrian eta udazkenean ordutegia aldatzen jarraitzea nahiago dutenak baino (% 28,0). Beste % 22,6k berdin zaiela esan dute eta gainontzeko % 5,8k ez dute erantzunik eman.

Gazteen eta 30 urtetik gorakoen iritziak alderatzen baditugu ikus dezakegu 30 eta 64 urte bitarteko gehienak ordutegi aldaketak kentzearen aldekoak direla eta, gazteak direla orain arte bezala (ordutegia aldatzen) neurri handienean jarraitu nahi dutenak, iritzi honetakoek gehiengoa osatzen ez badute ere. Gazteen artean talde ezberdinek dituzten iritziak ikusiko ditugu orain. Gizonak eta 25 eta 29 urte bitartekoak dira ordutegi aldaketak kentzearen aldekoenak, baina talde hauetan ere ez dute gehiengoa osatzen. Hori ikusita pentsa daiteke emakumeek eta 18 eta 24 urte bitartekoek nahiago dutela orain arte bezala jarraitzea baina ez da horrela, emakumeen eta gazteenen artean berdin zaiela diotenen edo erantzunik ematen ez dutenen portzentaje altuagoak daude.

Dena den, azkenean ordutegi aldaketak kentzen badira betiko eta urte osoan ordutegi berdina mantendu behar bada, zein ordutegi nahiago luketen, negukoa ala udakoa, galdetu zaie Euskadiko biztanleei.

Kasu honetan gazteak dira udako ordutegiaren aldekoenak (% 61,0) eta adinak aurrera egin ahala gutxiago dira udako ordutegia aukeratuko luketenak, nahiz eta 65 urtetik gorakoek ere nahiago duten udako ordutegia izan urte osoan negukoa izan baino.

Kasu honetan ia ez dago desberdinatunik gizon eta emakumeen artean, ezta 25 urtetik beherakoen eta gorakoen artean ere, baina udako ordutegia nahiago luketenak gehixeago dira 25 eta 29 urte bitartekoen artean (% 63,1) 18 eta 24 urte bitartekoen artean baino (% 59,4).

Datu horiek Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eman dizkio Gazteen Euskal Behatokiari. 2018ko udazkenean Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gai honi, eta beste hainbati buruz (denak 68. Euskal Soziometroa izeneko txostenean argitaratuta) galdetu zien Euskadiko 3149 biztanleri eta horien artean 18-29 urte bitarteko 635 gazteri.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak