Birikietako Minbiziaren Europako Astea
Berriak Hezkuntza
qrcode

Dantzertik ateak irekiko ditu asteburuan, Arrakala 2019 egitarauarekin

2019-04-03
  • Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak Arrakala 2019 egitaraua prest du astebururako
  • Tailer, hitzaldi eta erakustaldien bidez gizarteari ireki nahi dizkio eskolako ateak, eta ikasleen eta arte eszenikoetako profesionalen arteko elkargune bihurtu

Dantzertik, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak ateak irekiko ditu berriro ere asteburu honetan, urtero antolatu ohi duen Arrakala egitarauaren baitan. Tailer, hitzaldi eta beste zenbait jardueraren bidez –guztiak ere arte eszenikoekin lotura estuan- eskolako ikasle eta sektoreko profesionalen elkargune bihurtuko da Dantzerti- Apirilaren 5etik 7ra bitartean, bertaratu nahi duen herritar ororentzat irekiak izango dira jardunaldiok eskolaren egoitzan. 

Hirugarren urtea da jada Dantzertik Arrakala izenarekin jardunaldiak antolatzen dituela. Eskolak gai bat aukeratzen da urtero jardunaldietarako ardatz izan dadin, eta arte eszeniko-performatiboetako profesionalak gonbidatzen ditu, hainbat diziplina eta perspektibatatik jorratu dezaten. Aurtengo Arrakalari “Politika-k” izenburua jarri zaio, gai zabal bezain anbiguoa: Zer da politika? Zer dira ideia politikoak? Dantza edota antzerkia egitea erabaki politikoa al da?... Gisa honetako auziei helduko diete hirugarren edizio honetako parte hartzaileek.

Ikastaroetan gaiak jorratzeko maila bikaineko profesionalak gonbidatu dira: Camille Hanson, Laura Corcuera, Ander Lipus, Colectivo Lisarco, Oihan Martirena, Blanca Ruiz, Iker Arrue eta Oier Guillan. Azken honek errezitaldi-performancea eskainiko du.  Hitzaldietan aldiz, Maialen Araolazak eta Jose Sanchis Sinisterra  dramaturgo famatuak hartuko dute hitza apirilaren 6an, larunbatez,  goizeko 11:00etatik aurrera. Jarduera guztiak Dantzertiren egoitzan burutuko dira, Bilbon (Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioa, Ibarrekolanda Plaza, 1).

Bestalde, aurtengo Arrakalako berrikuntzarik handiena erakustaldiak izango dira; horien artean, Dantzertiko ikasle batzuen prozesu bukaera  ikusteko aukera izango da larunbatean gaueko 21:00etan. Dantzertiko Arte Dramatikoko hirugarren mailako ikasleek eurek prestaturiko antzerki-dokumentua eskainiko dute, “El color de la justicia” izenburupean. Sarrera doan izango da.

Dantzertik Arrakalaren bidez eta urtez urte ekimen hau berrituz, eskola mundura irekitzea du helburu, inguratzen duen gizarteari parte hatzeko deia luzatuz.

 

Arrakala 2019 egitaraua (*)

Tailerrak:

  • “Taller de improvisación: ecología, danza, imagen”, Camille Hansonekin
  • “Zapalduon antzerkia: eraldaketa sozialerako tresnak”, Oihan Martirena eta Blanka Ruizek eskainia
  • “Cómo los cuerpos performan el espacio (y viceversa)”, Laura Corcueraren eskutik
  • “Alzheimerra daukaten pertsonei zuzendutako Invisible Beauty giza ekimenaren inguruko tailerra”. AI DO PROJECT – Iker Arrue
  • “Danza comunitaria. Movimiento y creación grupal”. Lisarco Kolektiboak eskainia.
  • “Tximinoak behelaino artean”, Ander Lipusen tailerra

Hitzaldiak:

  • La “política” fuera del teatro, Jose Sanchis Sinisterraren hitzaldia
  • Dantza tradizionala egitea edo ibiltzea emakume halduengan: desberdintasunak funtzio sensoriomotorean eta neuropsikologikoan, Maialen Araolazak eskainia

Erakustaldiak:

  • “Zauri-bolodia”, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren errezitaldi-performancea
  • “El color de la justicia”,    Dantzertiko Arte Dramatikoko hirugarren mailako ikasleek prestaturiko antzerki-dokumnetua.

Arrakala 2019ren inguruko informazio zehatzagoa (gonbidatutako irakasleen profil eta ibilbideak, jardueren egutegia eta erakustaldien inguruko berri) atxikitako PDF dokumentuan edo www.dantzerti.eus atarian duzue eskura.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)