Eu

Artolazabal: “Martxoan 1.911 langabe gutxiago egon dira; lan-merkatuak kolektibo kronifikatuei ere aukerak eskaintzen dizkie”

2019.eko apirilak 02
  • Lanbiden 117.952 pertsona daude langabezian erregistratuta, 2018ko martxoan baino 9.212 gutxiago
  • 45 urtetik gorakoen artean 500 langabe gutxiago daude eta iraupen luzeko langabezian 442 pertsona gutxiago
  • Azken hilabetean sinatutako kontratuen % 8,69 mugagabea izan da

 

VG 02 IV 2019

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “martxoan erregistratutako langabeziaren bilakaera ona izan da, eta azken 15 urteotako bigarren hilabeterik onena izan da, 2005eko martxoaren ondoren”. 2019ko martxoan, Lanbideren bulegoetan erregistratu den langabe-kopuruak behera egin du, eta 1.911 pertsona gutxiago dira; horrela, 117.952 dira, guztira. Beraz, beherakada, termino erlatiboetan, % 1,6koa izan da”.

 

“Euskadik, orain, 117.952 pertsona ditu langabezian erregistratuta, otsailean baino % 1,59 gutxiago, eta, 2018ko martxoaren aldean, 9.212 langabe gutxiago (% 7,25 gutxiago). Horrek guztiak esan nahi du azken 15 urteotako bigarren martxorik onena izan dela aurtengoa, 2005eko martxoa izan zela onena”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

“Gure lan-merkatuak aukerak eskaintzen ditu, eta datuek erakusten dute zailtasun gehien duten kolektiboek ere enplegu horietara jotzen dutela. Bide onetik goaz, enplegua sortzen jarraitzen dugu, eta gure erronka da hori hobea eta gehiago izatea da. Ez ditugu ahaztu oraindik beren aukera izan ez duten pertsonak eta, hori dela eta, enplegurako prestakuntza jasotzeko eta eguneratzeko beharra dagoela azpimarratzen jarraitu nahi dugu”, esan du Beatriz Artolazabalek.

 

Pasa den martxoan, langabeziak behera egin zuen 45 urtetik gorakoetan, eta 500 pertsona gutxiago zeuden langabezian erregistratuta, eta iraupen luzeko langabeziak ere behera egin zuen, eta azken hilean 442 pertsona gutxiago zeuden. “Bi kolektibo horiek zailtasun bereziak dituzte, eta bilakaera horrek erakusten du suspertze ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaiela langabe kronifikatuenei”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Gazteria

“Gure helburuetako bat, legegintzaldi honetarako, kontratazioa sustatzea zen, gutxienez 20.000 gaztek lan-aukera izateko, eta, dagoeneko, 16.321 gaztek lortu dute”, esan du Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzak aktibatzen dituen programetan gazteen enplegua sustatzeko laguntza bereziari dagokionez.

 

“Gainera, azken hamabi hilabeteetan, iraupen luzeko langabeziak iraupen laburreko langabeziak baino bilakaera hobea izan du; 7.736 langabe gutxiago daude”, esan du Artolazabal sailburuak. Martxoan, langabeziak sektore ekonomiko guztietan egin du behera. Nabarmentzekoak dira industria-sektorearen eta zerbitzuen sektorearen beherakadak, % 1,9koa bi kasuetan (275 langabe eta 1.505 langabe gutxiago, hurrenez hurren). Termino erlatiboetan eta iazko egoera aintzat hartuta, nabarmentzekoa da eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia, % 17,90ekoa.

 

“Sektore horietan guztietan ere prestakuntza gehiago sustatzen jarraitzen dugu arlo digitalean eta teknologia berrien arloan, eta horrek kontratazio berriak eta enplegu gehiago ekarriko ditu”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Lurraldeen arabera, urteko hirugarren hilabetean, langabeziak hiru lurraldeetan egin du behera: Gipuzkoan % 2,3, Bizkaian % 1,4 eta Araban % 1,2. Urteko saldoan, portaera onena Bizkaiak izan du, % 8,3ko beherakada erlatiboa izan baitu, gero Gipuzkoak (% 6,3ko beherakada) eta, gero, Arabak (% 4,9ko beherakada).

 

Martxoan, gizonetan langabeziak % 1,8 egin du behera, eta, emakumeetan, % 1,4. Urteko erkaketan, langabeziak, gizonen artean, % 8,4 egin du behera, eta, emakumeen artean, % 6,4.

 

Prestakuntza

Adinaren arabera, 25 urtetik gorakoek emaitza onak izan dituzte, Beatriz Artolazabalek esan bezala: “gaur egun, langabeen erdiak baino gehiagok (% 50,9) 44 urte baino gehiago ditu; % 24,7 ez da 35 urtera iristen; eta % 24,4 35 eta 44 urte bitartekoa da. Gainera, 72.933 langabek, guztien % 61,8k, gehienez derrigorrezko irakaskuntzako ikasketak dituzte. Azken hilabetean, oinarrizko prestakuntza-maila duten pertsona langabeen kopuruak behera egin du (846). Azken urtean, oinarrizko prestakuntza-maila duten pertsonen artean langabeziaren beherakada % 7,7koa izan da”.

 

Azken hilean, 74.538 kontratazio egon dira eta, horietatik, 6.476, % 8,69, mugagabeak izan dira. Horrek esan nahi du urtea hasi zenetik guztira 20.560 kontratu mugagabe sinatu zirela Euskadin, 2018ko lehen hiruhilekoan baino % 2,18 gutxiago. “Hori balio garrantzitsua da; izan ere, enpleguaren kalitatea neurtzeko modu bat da, baina ez bakarra, eta, hori horrela, enplegu hobearen aldeko apustua areagotzen dugu”, esan du sailburuak.

 

Artolazabalek Sara de la Rica UPV/EHU-ko irakaslearen Gazteriari eta Enpleguari buruzko azterlana aipatu du: “bertan adierazten da eta bat egiten dut horrekin, enpresek talentua sortu eta hari eutsi behar diotela, eta merkatuarekin eta hizkuntzekin, sormenarekin, talde-lanerako gaitasunarekin bat datorren goi-mailako hezkuntza duten gazteen eskari handia izango dela enpresa onen aldetik, eta lan-baldintza onak jasoko dituztela. Hori dela eta, prestakuntza oneko gazteak garatu behar dira, ausartak, berritzaileak, ekarpenak egiteko eta ikasteko gogotsuak; autonomian eta talde-lanean gaitasun berriak eskuratzeko gogotsuak; sintesi-gaitasunak, diziplina, hizkuntzak, inguruneetara egokitzeko gaitasunak dituztenak; eta etorkizuneko enpleguetara begira dagoen eta aurrerapen teknikoaren osagarri den prestakuntza izan behar dute.

 

Deustuko Unibertsitateak ere ekintzailetza aipatzen du, eta, aste honetan bertan, 18. Gazte Enplegu Foroa antolatu du. Unibertsitateak aipatzen duenez, enpresek gero eta irizpide konplexuagoak erabiltzen dituzte langileak hautatzeko, eta ez dira paperezko Curriculum Vitae hutsera mugatzen”.

 

Guibert errektoreak dio Unibertsitateak argi duela lanpostuetara egokitu behar dela, baina horiek birdiseinatu egin behar direla, unibertsitateko prestakuntza hobeto aprobetxatzeko eta lanean produktibitatea hobetzeko, gradu eta gradu bikoitz eta berezko titulu berriekin, praktiketako eskaintza gehiagorekin, nazioarteko hitzarmen gehiagorekin, hizkuntzekin, etengabeko prestakuntza gehiagorekin eta prestakuntza dualarekin”, esan du Artolazabalek.

 

“Argi izan behar dugu mundua ohikoaz bestelako ekoizpen- eta enpresa-eredua duela helmuga, eta bertan datu, espazio digital, adimen artifizial berriak eta 4. industria-iraultzaren barruan robotizazio handiagoa daudela”, esan du Artolazabalek. 

 

Artolazabalek, halaber, Mondragon Unibertsitateko errektorea aipatu du, Vicente Atxa; errektoreak esan du hezkuntza-eraldaketaren eremuan planteatzen diren erronkei erantzun behar zaiela eta, horretarako, berrikuntzaren kultura sustatu, bai erakundeetan, bai hezkuntza-erkidegoetan, eta irakasleek beren gain hartu beharko dituzten rol berriei erantzungo dieten pertsonak prestatu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak