Eu

Erkorekak Legebiltzarrean Euskadiko administrazio publiko guztien Zehapen Ahalari buruzko lege berria azaldu du

2019.eko apirilak 03
  • Araudi berriak sinplifikatu egiten ditu prozesuak eta berme gehiago ematen dizkie herritarrei hiru erakunde-mailen zehapen-prozesuan
  • Euskadi Estatuan hiru erakunde-mailen zehapen-ahala arautua duen autonomietako bat da, gutxi direla aintzat hartuta, eta lehen-mailan arautua duen bakarra da.

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua gaur goizean Eusko Legebiltzarrean agertu da, bere ekimenez, Legebiltzarreko taldeeiEuskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalari buruzko Lege Proiektua”ren xehetasunak emateko. Testua 2018ko azaroaren 27ko Gobernu Kontseiluak onetsi du, eta, horren bidez, aurreko legea indargabetzen da, 1998koa, eta, horrela, 20 urte hauetan izan diren gizarte- eta erakunde-aldaketetara egokitzen da.

Josu Erkorekak azaldu du Gobernuak aurkeztu duen arauzko testu berriak berme gehiago ematen dituela, prozesuak sinplifikatzen dituela eta berrezarpen-sistemen printzipio eta balioetan oinarritzen dela, zigor- eta zehapen-arauketa hutsen aurrean. Testu berriaren helburua da herritarrei berme gehiago ematea hiru erakunde-mailetan –autonomia-, foru- eta udal-mailakoa– zehapen-ahala gauzatzen duten erakunde publiko guztien zehapen-prozesuan.

Gainera, Erkoreka sailburuak gogorarazi du Euskadi Estatuan hiru erakunde-mailen zehapen-ahala arautua duen autonomietako bat dela, gutxi direla aintzat hartuta, eta lehe-mailan arautua duen bakarra dela.

APLIKAZIO-EREMUA

Etorkizuneko Euskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalaren Legeak 45 artikulu ditu, xedapen iragankor bat, indargabetzaile bat eta bi azken xedapen. Administrazioko arau-hauste guztien prozedura arautzen du, berariaz baztertutakoak salbu: trafikoko eta bide-segurtasuneko zehapenak, zerga-zehapenak, aduanetakoak, funtzionarioen diziplina-prozesuak edo administrazioarekiko kontratuak ez betetzea, besteak beste (1. art.).

Aurrerantzean, zehapen-prozedura bakarra eta sinplifikatua eratzen da administrazio guztientzat, eta horrek erraztu egiten du operadore juridikoen lana. Horrela, ez da lege sektorial bakoitzera jo behar izango, zehapenen aurrean jarduteko prozedura aztertzeko. Horrela, lege berriak zehapenaren alderdi guztiak arautzen ditu:

  • Arduradunak zehaztea
  • Erantzukizunetik salbuesteko kausak
  • Erantzukizunaren gertakari aldarazleak
  • Zehapenak eta konfiskazioa zehaztea
  • Berraztertzea eta kalte-ordaina
  • Zehapena zatikatzea, etetea, murriztea, ordezkatzea, luzatzea edo preskribatzea
  • Kautela-neurriak
  • Erantzukizunak azkentzea
  • Zehapena kommutatzea etab.

NOBEDADEAK

Etorkizuneko “Euskadiko Administrazio Publikoen Zehapen Ahalaren Legea zigor-zuzenbidean oinarritzen da zehapen-prozesua administrazio-zuzenbidera aldatzeko. Nobedadeen artean nabarmentzekoa da zazpigarren artikulua; horrek adingabeak eta desgaitasuna duten pertsonak babesten ditu, zehapen-prozesuetan. Arauak zehapenaren izaera hezitzailearen edo erreformatzailearen alde egiten du, zigor- eta zehapen-araubide hutsaren aurrean. Horrela, adingabeak edo desgaitasuna duenak administrazioko arau-haustea egiten duenean, administrazio publikoek horiek babesteko eta, esaterako, zehapenen alternatibak proposatzeko –besteak beste, kontziliazio-edo ordain-egintzak arau-hausleen eta biktimen artean– interes nagusia izan beharko dute gogoan. Helburua bizikidetza jatorrizko egoerara itzultzea da, zehapenaren ordez gertatutakoa konponduko duen egintza kontzientea ezartzea.

EUSKARA

Testuaren beste nobedade nagusietako bat da euskarazko testuaren terminologia juridikoa eguneratu dela. Xedapen gehigarria eta azken xedapenetako lehena gehitu dira, euskara argiagoa, ulergarriagoa eta erabilerara hobeto egokitzen dena erabiltzeko, nahi dutenek zehapen-prozedura osoa euskaraz egiteko eskubidea baliatu ahal izateko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)