Eu

134.000 euro inguru nautika eta arrantzako ikasketetako bekak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2019-04-02)

2019.eko apirilak 02
  • Arrantza sektorearekin zerikusia duen prestakuntza gazteen artean sustatu eta arrantzan belaunaldi berriak sartzen eta sektorea modernizatzen lagundu nahi da laguntzekin.
  • Pasa den ikasturtean 122 pertsona izan ziren laguntza hauen onuradunak

2018-2019 ikasturtean Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastegietan nautika eta arrantzako ikasketak egiteko bekak iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak bere azken bileran. Laguntza horiek finantzatzeko 134.000 euro inguru erabiliko dira.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin lotura duten sektoreetan lan egiten duten pertsonen trebakuntza sustatzeko politika egokia edukitzea. Era berean, lehentasunezkotzat jotzen du gazteei sektorean sartzeko erraztasunak ematea, sektorean belaunaldi berriak sartzen eta sektorea modernizatzen laguntzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko itsas eta arrantzako ikasketegien eta beka programa honen bitartez erantzuna eraginkorra eman nahi zaie sektoreak dituen prestakuntza premiei, "ad hoc" ikastaroak antolatuz sektorearen premia puntualei erantzuteko eta ikastegi horietan ematen den itsas eta arrantzako ikasketei jarraipena emateko.

 

Laguntzen kopuruak eta diruz lagundu daitezkeen gastuak

 

Laguntza guztiak batera 133.815 eurokoak izango dira gehienez ere, eta ohiko bizilekutik kanpoan bizitzeko gastuak finantzatzeko zein zentrora egindako joan-etorriak, jana eta ikasketa materiala finantzatzeko izango dira. Beken zenbatekoari dagokionez, Aginduaren oinarrietan ezarritako irizpideen arabera bekaren onuradunari esleituko zaizkion puntuekin zuzenki proportzionala izango da. Halere, pertsona bakoitzak 2.404,05 euro eskuratu ahal izango du gehienez ere.

Beka guztiak, euren zenbatekoa edozein dela ere, ordainketa bakarrean ordainduko dira, hau da, bekaren %100 batera ordainduko da, ikastaroa amaitu eta gero, betiere onuradunak ikastaroari etekina atera badio eta matrikulatutako modulu eta ikasgai guztiak gainditu baditu.

Bekak hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira, eta hautagaiak esandako edozein eskolatan matrikulatuta egon beharko dira 2018-2019 ikasturtean. Puntuazioa, berriz, horretarako berariaz izendatutako Balorazio Batzorde batek ezarriko du. Puntuak irizpide hauen arabera esleituko zaizkio pertsona bakoitzari:

  1. Egingo duen ikasketa maila
  2. Ohiko bizilekuaren herritik eta ikasketa zentroaren herriaren arteko distantzia
  3. Eskatzailearen baldintza pertsonalak eta familiarrak
  4. Eskatzaileak edo bere familiak aurreko urtean eskuratutako diru sarrera gordinak, edozein dela ere sarrera horien jatorria

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

2017-2018 ikasturtearen laburpena

2017-2018 ikasturtean ere 133.815€ bideratu ziren beka horietara, eta beka guztiak gauzatu ziren.  Pasa den ikasturtean 122 pertsona izan ziren guztira onuradunak:

  • Goi mailako zikloa: 64
  • Erdi mailako zikloa: 36
  • Kostako patroi balioaniztuna: 22

Beken zenbateko maximoa 2.404,05 eurokoa izan zen eta minimoa 303,18 eurokoa, eta zenbateko guztiak deialdiaren oinarrietan puntuen esleipenerako agertzen diren irizpideen arabera kalkulatu ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko