Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Turismoko Idazkaritza Nagusiak elkarrekin sustapena bideratzeko ahaleginak bikoiztu dituzte

2011.eko martxoak 17

Gastronomia izango da sustatu beharreko ardatz nagusietako bat 

Eusko Jaurlaritzak eta Turismoko Idazkaritza Nagusiak elkarrekin sustapena bideratzeko ahaleginak bikoiztu dituzte 

  • § Hitzarmenak 1,2 milioiko zenbatekoa du, eta % 50 Gobernu zentralak emango du, eta gainerakoa autonomikoak.
  •  
  • § 2010eko hitzarmen aitzindariaren ostean, baterako marketin-ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako bigarren hitzarmena da  

2011/03/17 Barne Merkataritza eta Turismoko Idazkaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzak bigarren urtez jarraian sinatu dute 2011n marketin-ekintzak elkarrekin garatzeko hitzarmena. Akordio horri esker, eskualde honetako produktuak eta turismoguneak posizionatu ahal izango dira nazioarteko merkatu igorle nagusietan. 

Hitzarmena Barne Merkataritza eta Turismoko idazkari nagusiak, Joan Mesquidak; Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Bernabé Undak, eta Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Pilar Zorrillak, sinatu dute. Sinadura-ekitaldian izan dira, gainera, Isabel Muela Turismo-zuzendaria, eta Basquetourreko zuzendari nagusia, Ana Izaguirre. 

Espainiako Turismo Institutuak (Turespaña) eta Turismoaren Euskal Agentziak (Basquetour) Euskadi sustatzeko 1,2 milioi jarriko dute; kasu honetan ere alderdi bakoitzak % 50 jarriko du. 

Zenbateko horrek bikoiztu egin du iaz Euskadi turistikoki elkarrekin sustatzeko egindako hitzarmena sinatu zenean bideratu zuten zenbatekoa; izan ere, iaz 600.000 euroko zenbatekoa jarri zuten, zati beretan Barne Merkataritza eta Turismoko Idazkaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzak. Hitzarmen berria sinatuta, Euskadiko produktu eta turismoguneek merkatu turistiko igorleetan duten posizionamendua hobetu nahi da, eta lehentasun gisa hartzen dira Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia eta Estatu Batuak. Azken bi horiek, gainera, berrikuntza dira 2011ko sustapenerako. 

Garatuko diren ekintzetako oinarrietako bat euskal gastronomia izango da; izan ere, ezin dezakegu ahaztu Euskadin 25 Michelin izar daudela. Nazio mailan, Espainia bisitatzen duten turisten % 10 inguru gastronomiarekin lotutako arrazoi esklusiboek bultzatuta etorri zen. 

Merkatu igorleak 

Hainbat iturritako datu guztiek adierazten dute azken urtean Euskadin turismoa hazi egin dela. 

Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren Ikerketa Turistikoen Institutuak, beste parametro batzuen artean, Euskal Autonomia Erkidegora iristen diren bisitari kopurua kalkulatzen du. Bisitarien kontzeptuan biltzen dira turistak (gutxienez gau bat pasatzen dutenak) eta egun-pasa joandakoak (gaurik pasatzen ez dutenak). Horrekin lotuta, 2011ko urtarrilean, Euskadin 698.000 bisitari izan ziren; beraz, hazkunde positiboarekin hasi zen urtea. Gorakada hori 2010eko urtarrilean baino 119.000 lagun gehiagokoa da. Iturri beraren arabera, iaz Euskadira 9.471.634 bisitari etorri ziren, aurreko urtean baino % 6,7 gehiago. Haietatik 905.694 atzerritik etorri ziren; hau da, 2009an baino % 12,6 gehiago.

Merkatu igorleek bilakaera ona izan zuten iaz; horien artean, Portugal eta Alemania aipatu behar dira, Euskadin % 38,6 eta % 35,6ko igoera izan baitzuten, hurrenez hurren, 2009 urtearekiko. Frantsesek ere areagotu zituzten Euskadira iaz egindako bidaiak: 448.000 baino gehiago erregistratu ziren, eta jarraian Italiakoak aipatu behar dira, 70.000 bisitari baino gehiago izan baitziren.

Bestalde, Eustat Euskal Estatistika Institutuak adierazitakoaren arabera, 2010ean Euskadiko hoteletan ostatu hartu zuten turistak 2,2 milioi baino gehiago izan ziren. 

Gastu turistikoari buruzko inkestaren arabera (Egatur), turismo hartzailearen gastua 26,9 milioi eurokoa izan zen 2011ko urtarrilean. Bestalde, nabarmendu beharrekoak dira aireportu bidez iritsitako nazioarteko turistak ere, % 25,1eko igoera izan baitute; aldiz, hoteletako ostatuetan % 14,7ko igoera izan zen. 

 Aurrez ikusitako ekintzak

Hitzarmenak hainbat izaeratako ekintzak egitea biltzen du, eta horien artean nabarmendu beharrekoak dira hauek: Interneten posizionamendu ona duten agentziekin on lineko ekintzak bideratzea merkatu ugarietarako, Alemaniako merkatuan workshop-ak edo lan-jardunaldi profesionalak antolatzea; Italian, Alemanian eta Estatu Batuetan turismogune gisa Euskadiren erakargarritasunak ezagutarazteko hedapen handiko ekitaldiak prestatzea, edo Britainia Handiko nahiz Italiako aldizkarietan Euskadiri buruzko argitalpen monografikoak kaleratzea. 

Marketin-ekintzen publiko hartzaileak bidaia-agenteak eta bidaia-agentzia handizkariak, komunikabideak eta azken kontsumitzailea dira. 

2010ean sinatutako hitzarmenaren emaitzen adibide gisa, kanpoko turismo-bulegoek Euskadi sustatzeko 156 ekintza egin zituzten eta, horretarako, 4.095 agenterekin lan egin behar izan zen (2009arekin alderatuta, kopuru bikoitzarekin). Era berean, 2,4 milioi kontsumitzaile lortu ziren, aurreko urtean baino % 7,2 gehiago, eta 228 kazetarirekin lan egin zen; horiek 14,1 milioi euroko publizitate-balioa duten artikuluak idatzi zituzten, eta horrek 2009an argitaratutakoen balioa bikoizten du. 

Euskadi nazioartean ere bultzatu ohi dute Turespañaren eskutik eskualdez gaindiko marken hitzarmenen testuinguruan, esaterako, hauetan: Espainia Berdea, Done Jakue Bidea edo Ardoaren Ibilbideak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko