
Artolazabal: “Udazkenetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak haurdun geratzen ez diren gurasoentzako baimenak amatasun-baimenen 16 asteekin parekatuko ditu, seme-alabak zaintzeko”
VG 01 04 2019
Eusko Jaurlaritzak, Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik, dekretu bat prestatu du; hura udazkenerako argitaratzea aurreikusten da, eta seme-alabak zaintzeko haurdun geratzen ez diren gurasoek eszedentzia dela-eta galtzen dituzten diru-sarrerak konpentsatzeko dirulaguntza jaso du, eta, horrela, haurdun geratzen ez diren gurasoen baimena gaur egun Estatuak araututa dituen amatasun-baimenekin parekatuko du, 16 astekoa, gaur egun. Horrela, Euskadi Europan familiarentzako laguntza-politiken sustapenean herrialde liderretako bat da.
Artolazabalen hitzen arabera, “dirulaguntza jasoko dute dekretu berria argitaratzen denetik aurrera semea edo alaba duten eta haurdun geratzen ez diren gurasoek (gehienetan aitak), lehen aldiz guraso diren familiek barne; horrela, lehen semea edo alaba duten familien kasuan aplikazioa aurreratu egingo da, kontuan hartuta Familiei Laguntza emateko IV. Planean 2022rako aurreikusten zela”.
Neurria, halaber, familia gurasobakarrei aplikatuko zaie, eta, horrela, Estatuan neurri aitzindaria izango dute, Europako herrialde aurreratuenetan daudenen harira. Testuak, aldi berean, familia ugarien edo % 50etik gorako desgaitasuna duen kideren bat duten edo genero-indarkeriaren biktima den kideren bat duten familien onerako beste neurri batzuk jaso ditu.
Baimena
“Baimena jaio eta hurrengo hamabi hilabeteetan hartu beharko da, eta amatasun-baimenaz bestelako aldian; adingabearen jaiotza- eta zaintza-baimenean jasotako prestazioaren pareko prestazio ekonomikoa jasoko da", esan du Artolazabal sailburuak.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Estatuan onetsitako 6/2019 Errege Lege Dekretuaren behin betiko testua aztertu du, eta Eusko Jaurlaritzaren 177/2010 Dekretuaren aldaketa prestatu du; horren bidez, bi gurasoen jaiotzagatiko edo adopzioagatiko baimenak parekatu ahalko dira.
“Era berean, Eusko Jaurlaritzak, oraintsu, 121/2018 Dekretua onetsi du, seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituena, eta aurrekoa, 2015ekoa, hobetzen eta zabaltzen du, kontuan hartuta horrek seme-alabak kargura dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzak arautzen dituela, helburu nagusia izanik bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntzak handitzea, eta hiru urtez kobratzea: jaiotzaren urterokoan, alabak edo semeak urtebete egiten duenean eta, azkenik, bi urte egiten dituenean”, esan du Artolazabal sailburuak.
Artolazabalen hitzen arabera, “helburua da gazteek beren bizi-proiektu independentea garatu ahal izatea, gazteak lan munduan txertatzeko bide ematea, erakundeen arteko estrategia, egonkorra eta irismen handikoa zabaltzea haurren eta familien aldeko herrialdeko itun baten bidez, seme-alabengatiko laguntzak hobetzea, jaiotzagatiko laguntzak ondorengoengatiko zerga-kenkariekin bateragarri egiteko bide ematea, kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren aldeko neurriak garatzea, gobernamendu-esparru argia eta eraginkorra ezartzea familiaren eta haurren arloan, eta erakundeen arteko koordinazioa eta etengabeko hobekuntza sustatzea familia eta haurren arloko politika publikoen garapenean”.