Berriak Kultura
Eu

Gazte Txartelak etapa berria hasi du

2011.eko martxoak 17

BBK, Kutxa eta Vital Kutxan eskura daiteke, edo Gazteaukera atariaren bidez

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak eta Natxo Rodríguez Gazteriako zuzendariak, Inés Monguilot Bilbao Bizkaia Kutxako marketin-zuzendariarekin eta  Karmele Agirrezabala Gipuzkoa Donostia Kutxako marketin-zuzendariarekin batera, eta Juan Carlos Sanz  Caja Vital Kutxako produktuburuak eta Pedro Martínez de Alegría  Euskal Herriko Aurrezki Kutxetako idazkari nagusi teknikoak 'Gazte-txartela - European Youth Card' txartel berria aurkeztu dute, gotik behera aldatu den txartel bat,  hiru euskal kutxetako edozeinetan eskuratu daitekeena (hau da, BBK, Kutxa eta Vital Kutxan), edo, bestela, Gazteaukeraren Interneteko atarian.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren nahia da 'Gazte-txartela - European Youth Card' izatea Euskadiko gazte guztien erreferentziako txartela. Horrenbestez, txartelaren titularren kopurua handitu nahi da, haren erabilera eta garrantzia areagotuko duten abantailak , berritasunak eta proposamen erakargarria eskaini, produktua hobetuz gazteen joera eta beharrizan berriei erantzuna eman, eta entitate kolaboratzaileen sarea handitzea eta deskontu berriak lortu, alde batera utzi gabe 'Gazte-Txartela - European Youth Card' txartelaren inguruan sare sozialen bitartez sor litekeen komunitatea.

Helburu horiei begira, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Bilbao Bizkaia Kutxak, Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Caja Vital Kutxak, 'Gazte-txartela - European Youth Card' programa modu esklusiboan garatu eta kudeatzeko. Lankidetza horren emaitza da, nagusiki, finantza-entitateek Gazte Txartela banatu eta emango dutela beren bulegoetan, txartelak berekin dakartzan baldintza eta abantailak hobeto ezagutzeko informazioaren berri eman, eta doako Istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat eskainiko dietela erabiltzaileei.

'Gazte-txartela - European Youth Card' txartel berriak, itxura berrituaz gainera, deskontu, abantaila, lehiaketa, ekitaldi eta jardueraz beterik dator. Aurreko txartela bezala, hauxe da Europan homologatuta dagoen Euskadiko txartel bakarra, European Youth Card Association (EYCA) elkartean barruan dago. Horri esker, hemengo gazte-txartelak eskaintzen dituen abantailez gainera, aukera ematen du, baita ere, gainerako autonomia-erkidegoetako gazte-txartelek eta EYCAri atxikita dauden Europako 38 herrialdeetako txartelek ematen dituzten abantailak ere erabiltzeko.

Gazte Txartelak bost euroko kostua du, hura emateagatiko kontzeptuan. 2011ko martxoaren 1ean jarriko da indarrean, eta 2015eko otsailaren 28an iraungiko da. Egun hori baino lehenago titularrak 30 urte betetzen baditu, urteak egiten dituen hilabete horren bukaeran iraungiko da txartela.

Abantailak

Gazte Txartelaren abantailak ugari dira, eta 14 eta 29 bitarteko gazteak ditu helburu. Besteak beste:

- Deskontu iraunkorrak Euskadin: Gazte Txartelak 2.000 inguru deskontu eskaintzen ditu hainbat alorretako ondasun eta zerbitzuetan, alegia, kulturan, kiroletan, garraioan, ostatuetan, prestakuntzan, osasungintzan eta turismoan. Deskontu-bilatzaile bat dago, bilaketak errazago egiteko.

- Gazte Txartela pack-a: erabiltzaileei urtero pack bat oparitzen zaie, hau da, behin bakarrik erabili beharreko deskontu-kupoiak dituen taloitegi bat, zeinean mota guztietako kolaboratzaileak agertzen diren.

- Lehiaketak eta zozketak: aldiro-aldiro egingo dira, webgunearen bitartez, eta sari interesgarriak eskainiko dira, hala nola, bidaiak, ekitaldietarako sarrerak, liburuak, teknologia eta abar.

- Bidaia-asegurua: programaren abantaila horietaz gainera, Gazte Txartelak doako bidaia-seguru bat eskaintzen du, mundu osoan erabiltzeko baliagarria, automatikoki aktibatzen dena Gazte Txartela eskuratzearekin.

- Abantailak Euskaditik kanpo: EYCA elkartearen barruan dagoenez, aukera ematen du, baita ere, gainerako autonomia-erkidegoetako gazte-txartelek eta elkarte horri atxikita dauden Europako 38 herrialdeetako txartelek ematen dituzten 80.000tik gora abantaila ere erabiltzeko.

Europa I LW COST

Gazte Txartelaren etapa berri honen beste ezaugarri bat zozketa bat da, non adinez nagusi diren sei gaztek Europan zehar bidaiatuko duten Interrail tren-txartelarekin, Gazte Txartela erabiliz ibilaldiko tokietan.

Irabazleek egunero kontatuko dituzte zeintzuk abantaila lortu dituzte Gazte Txartelari esker, bai eta beren pasadizo, esperientzia, ikusitako tokiak eta gainerako gertakizunak ere.

Irabazleek beren bidaiaren kronika helarazi ahal izateko eta beraren berri eman ahal izateko, kazetari baten eta ikus-entzunezko teknikari baten kolaborazioa bilatuko da, berri-emaile gisa jardun dezaten, zozketako protagonistekin batera bidaiatuz haien bizipenak eta gorabeherak erakusteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, Kulturako sailburua, Ignacio Rodríguez, Gazteriako zuzendaria, Euskal kutxetako ordezkariak